«Gogorra da, hiru hilabete denbora luzea baita». Horixe nabarmendu du Baztango Lozy’s Pharmaceuticals enpresako langile batzordeko kide Oihane Etxartek, Iruñeko Udaletxe plazan maiatzaren 21ean egindako elkarretaratzean. Lozy’s etxeak Lekarozen du egoitza; 79 langile finko ditu, eta ia ehuneko lantaldea, behin-behinean aritzen direnak kontuan hartuta. Otsailaren 20an, grebara deitzea erabaki zuten, lan hitzarmen propio baten alde. Hiru hilabete pasatxo bete dituzte beharginek protestan. «Segitzeko indarrez gaude», nabarmendu du Etxartek, hiriburuan.
Lozy’s etxeak 2016. urtean hasi zuen bere bidea. Goxoki sendagarriak ekoizten ditu bertze enpresentzat. Cinfa eta Bayer daude Lozy’s enpresako bezeroen artean, bertzeak bertze. Iaz hamazazpi milioi goxoki ekoitzi zituen, 2022an baino %17 gehiago, hain zuzen ere. Lozy’s Qube Pharma Group taldea osatzen duten lau enpresetako bat da. Lozy’s enpresarekin lotutako Geiser Pharma da lau horietako bertze bat; horrek Iruñean du egoitza, eta ikerketaren eta garapenaren esparruan aritzen da. Lozy’s eta Geiser Pharma etxeek 45 milioi euroren salmentak izan zituzten 2023. urtean.
«Berriz itxi dira, ordea, eta haien eskaintza onartu edo enpresa beste nonbaitera eramanen dutela mehatxu egin digute».
OIHANE ETXART Baztango Lozy’s Pharmaceutical enpresako langile batzordeko kidea
«Ez dugu deus errateko; nahiago dugu gatazka etxe barruan kudeatu». Horixe erantzun diote Lozy’s Pharmaceuticaleko arduradunek Nafarroako Hitza-ri, langileek otsailean hasitako grebari buruz galdetuta. Langileok gogor salatu dute enpresaren jarrera, eta egoitza tokiz aldatzeko «mehatxu» egin dietela nabarmendu du langile batzordeko kide Oihane Etxartek. Langileek manifestazio bat egin zuten joan den astean, Elizondon, eta agerian utzi zuten enpresako arduradunak eta langileak «elkarrengandik urrun» direla. «Greba hasi eta hilabete egin genuen enpresako kideen berri izan gabe; gero, gurekin harremanetan jarri ziren, eta hasi ginen hitz egiten. Berriz itxi dira, ordea, eta haien eskaintza onartu edo enpresa beste nonbaitera eramanen dutela mehatxu egin digute», kontatu du langile batzordeko kideak.
«Ikus gaitzaten»
«Ez dugu jaso onar genezakeen eskaintzarik», berretsi du Oihane Etxartek, eta, ondorioz, grebaren bidetik segitzea erabaki dute langileek. Lekarozko Lozy’s Pharmaceutical enpresako langileei Espainiako Estatuko kimikako hitzarmena ezarri diete, orain arte. Lan baldintzak hobetzeko asmoz, lan itun propioa eskatzeko ari dira protestan, hain zuzen. Soldata igoera eta lanaldi murrizketa eskatu dute, bai eta aparteko orduak erregulatzeko, baimenak denentzat berdinak izateko eta lan kategoria ezberdinak ez izateko ere.
Etxartek erantsi du aldi baterako lan enpresen bidez ari direla enpresako langile anitz, eta badirela aldizkako langile finko asko ere. «Langileon egoera hobetzea dugu helburu», zehaztu du langile batzordeko kideak.
Baztango Lozy’s Pharmaceutical enpresako langile bat, Iruñeko Udaletxe plazan, maiatzaren 21ean egindako elkarretaratzean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Otsailean greba hastea erabaki zutenetik, astean behin egiten dute protesta hiriburuan. «Ikus gaitzatzen nahi dugu». Iruñean Udaletxe plazan eta Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurrean egin ohi dituzte elkarretaratzeak. «Nafarroako Gobernuko agintariei ere esan nahi diegu hemen gaudela, eta landa eremuan ari garen langileok ere merezi dugula laguntza jasotzea», erran du Etxartek.
Lekarozko Lozy’s enpresako langileek lan hitzarmen propioa nahi dute; ELA eta LAB sindikatuak, berriz, kimikagintzako Nafarroako ituna lortzeko ere ari dira lanean. LABek elkarretaratzea egin zuen hilaren 23an, Iruñean, CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzaren aurrean, eta salatu zuen patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek «atea itxi» diotela herrialdeko sektoreko hitzarmen bat izateko aukerari.
Protestan parte hartu zutenek errepidea moztu zuten enpresaburuen egoitzaren eta UGT eta CCOO sindikatuen egoitzaren artean. LABeko Industria Federazioko Nafarroako arduradun Asier Calderonek nabarmendu «lanean» jarraituko dutela, «Nafarroako kimikagintzako hitzarmena negoziatu ahal izateko».