Sakelako telefonotik aldentzen

Sakelako telefonotik aldentzen

Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa elkartea sortu dute Nafarroan, haurrek eta nerabeek sakelako telefonoarekin duten harremanaren inguruko kezkaren ondorioz. Jose Luis Asensio elkarteko kideak azaldu duenez, gaiaren inguruan sentsibilitate «oso desberdinak» dituzten pertsonak bildu dira elkartean. Hortaz, gauza guztietan ados ez dauden arren, hiru ardatz nagusi dituzte: haurren eta pantailen arteko harremana «ahalik eta beranduen» hastea, Interneten eduki librera sartzeko aukerak «mugatzea», eta legeen bidez zer-nolako neurriak har daitezkeen aztertzea. «Interneten denetarik dago; beraz, haur bati sakelako telefonoa libreki erabiltzen uzten badiogu, denetarik irits dakioke. Horregatik, eduki horiek ulertzeko eta kudeatzeko gaitasuna izan arte ez diegu sakelako telefonorik eman nahi adinez txikikoei», esan du Asensiok.

Duela hilabete bat sortu zuten elkartea, Susana Heredia Sanchez elkarteko presidentearen kezkak eta antolatzeko beharrak bultzatuta. Beste lurralde batzuetan gertatu den bezala, gaiaren inguruan sentsibilitatea duten gurasoekin eta tutoreekin Whatsapp talde bat sortu zuen. Aste batean mila pertsonaren langa pasatu zutenez, talde txikiagoak egitea pentsatu zuten, eta eskolaka antolatzen hasi ziren. Gaur egun, 2.000 pertsona inguru daude. «Ikusi genuen gauzak antolatzeko Identifikazio Fiskaleko Kodea eskatzen dutela, eta elkarte forma ematea erabaki genuen», azaldu du Asensiok. Gaineratu du informazio gehiago nahi dutenak bazkide egin daitezkeela Almna.org atariaren bidez: «Doakoa da, eta ez zaitu ezer egitera konprometitzen».

%39

Internetaren kontrolik ez duten gurasoak. Gurasoen %39k ez dakite beren seme-alabek zer ikusten duten Interneten, Iratxe Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak egindako inkesta baten arabera.

Oraingoz, arriskuez ohartaraztea, sentsibilizatzea eta saretzea da haien asmoa. Horretarako, hilaren hasieran arriskuen inguruan hausnartzeko jardunaldiak egin dituzte, Iruñean. Izan ere, UNICEFek 2020 eta 2021 bitartean Nafarroako hamabi ikastetxetan egindako ikerketa baten arabera, lehenengo sakelakoa eskuratzeko batez besteko adina 11 eta 12 urteen artean dago. Asensioren arabera, adin horretako nerabeak «ez daude prest» sakelakoaren bidez jasotzen duten informazioa kudeatzeko. Horrez gain, nerabeen erdiek telefonoa ondoan dutela lo egiten dute, eta bostetik batek gauez erabiltzen du. Horrez gain, %37,5 bost ordu baino gehiago aritzen dira Interneten asteburuetan, eta aste barruan, berriz, %21.

Arriskuak eta presioa

Asensioren esanetan, sakelakoak tresna baliagarriak izan daitezke, eta ez dira zertan «txarrak» izan behar. Halere, zenbait arrisku eta kezka aipatu ditu. Lehenik eta behin, uste du «edozein eduki» jasotzea «oso erraza» dela; hala nola pornografia ikustea eta apustu etxeetan sartzea: «18 urte dituzula jartzen duzu, eta listo». Bigarrenik, gauean sakelako telefonoa erabiltzea kaltegarria dela dio: «Guk bezala, gauez denbora galtzen dute, eta, ondorioz, ikastekoan arazoak dituzte; gelan lokartzen dira, edota oso logale dira». Gainera, sare sozialetan dauden algoritmoek sortzen duten menpekotasunaren beldur ere badira. Jasotzen dituzten mezuak mingarriak izan daitezkeela ere uste dute: «Gauza bat jartzen duzu sare sozialetan, eta hogei atsegin eta iruzkin txar bat izan arren, iruzkin txarrarekin bueltaka geratzen gara. Helduoi eragiten badigu, pentsa beren nortasuna garatzen ari diren nerabeei…».

Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa elkarteko kideak gaineratu du presio sozialak eragin «handia» duela sakelako telefonoaren erabileran: «Askok besteek dutelako eskatzen dute. Haurrek esaten dute Instagram edo Whatsappik gabe ez direla planez jabetzen». Dena den, Jose Luis Asensiok uste du badaudela alternatibak egoera horiei aurre egiteko: etxeko telefonoa izatea, sakelakoa eskolara ez eramatea…

«Interneteko edukiak ulertzeko eta kudeatzeko gaitasuna izan arte ez diegu sakelakorik eman nahi adinez txikikoei». 
JOSE LUIS ASENSIO Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa elkarteko kidea

Presioari aurre egiteko beste modu bat talde txikitan lan egitea dela dio. Hau da, eskoletan eta geletan: «Nafarroan 2.000 familia gara, eta [Iruñeko] Iturramako ikastetxean sentsibilizatua dagoen familia bakarra dago. Hango haur horrentzat gogorragoa izango da harremanak egitea. Tokian-tokian eta talde txikitan lan egiten badugu —hau da, gela osoarekin—, errazagoa izanen da». Horregatik, Asensiok iritzi dio elkartearen ardura dela informatzea, sentsibilizatzea eta jarduerak koordinatzea.

Deitu etxera

Haurrak edo nerabeak euren kabuz planak egiten hasten direnean, arazorik izatekotan deitzeko modurik ez izatea da guraso batzuen kezka: «Ez dakit sakelakoa emateko kezka edo aitzakia bat den, baina batzuek nahiago izaten dute badaezpada eman». Horri aurre egiteko, Tolosaldean (Gipuzkoa) hasi zen Deitu etxera izeneko kanpaina Nafarroara zabaldu dute. Helburua da saltokietan pegatina bat jartzea erakusteko haurrek eta nerabeek etxera deitu dezaketela doanik. Eranskina edonork eska dezake, eta saltokian jarri. Inkesta bat bete eta Almna.org webgunearen bidez egin behar da eskaria. Horrez gain, Antsoaingo Udalarekin hitzarmen bat egin dute, eta herriko toki publiko guztietan jarriko dituzte pegatinak.

Elkartearen helburuak betetzeko helduek «eredugarri» izan behar dutela nabarmendu du Asensiok: «Ezin dizkiegu sakelakoak debekatu, eta gero gu egun osoa pantailari begira egon».