Marta Tiebas Zangozako Mankomunitateko lehendakaritzatik kentzeko zentsura mozioa eztabaidatuko dute asteazkenean, 12:00etan, erakundearen Zangozako egoitzan. Mankomunitateko hemeretzi kidek akordio bat egin dute Tiebas (independentea) kargutik kentzeko eta Erromantzatuko alkate Aitor Sola (EH Bildu) presidente izendatzeko. Zangozako Mankomunitateko lehendakariordea da Sola gaur egun.
Zentsura mozioa aurkeztu duten mankomunitateko kideek uztailaren 10ean erregistratu zuten asmo hori jasotzen duen agiria. Nabarmendu dute Zangozako Mankomunitatearen egoera ekonomikoa dela neurria aurkezteko arrazoi nagusia. «Arazoa ez da oraingoa, baina egungo presidentea ez da gai izan konponbideak bilatzeko eta mankomunitateko kideen arteko akordioak lortzeko», azaldu dute zentsura mozioa eskatu duten kideek. Nafarroako Hitza Zangozako Mankomunitateko lehendakari Marta Tiebasekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.
Zangozako EH Bilduko zinegotzi Miguel Erdozain da zentsura mozioa aurkezteko akordioa egin duten mankomunitateko kideetako bat. EH Bilduk hartuko du mankomunitatearen lehendakaritzaren ardura, baina Erdozainek azpimarratu nahi izan du bere taldea ez dela zentsura mozioa aurkezteko urratsa sustatu duen bakarra. «Ezberdinen arteko akordio bat lortu dugu, egungo egoerari buelta emateko. EH Bildu hor dago, baina ez da bakarra», zehaztu du. EH Bildurekin batera, hain zuzen, zenbait herritako talde independenteak daude zentsura mozioa aurkeztu duten sinatzaileen artean.
Sinatzaileok azken bi hilabeteak eman dituzte negoziazio lanetan, orain lortu duten akordioa erdiesteko asmoz. «Gure arteko ezberdintasunak bazter uztea erabaki dugu, elkarrekin lan egiteko eta denon artean konponbide bat bilatzeko mankomunitatearen egoerak hobera egin dezan», erran du Erdozainek. «Aurrera begiratu nahi dugu, Zangozako Mankomunitateak ere aurrera egitea lor dezan».
Hamazazpi udalerri
Mankomunitateko egungo presidente Tiebas iazko abuztuaren 9an hautatu zuten kargurako. Zangozako alkateordea da (San Sebastian Talde Independentea). Tiebasekin batera, Aitor Sola izan zen mankomunitaterako lehendakarigai, iazko abuztuan. Lehendabiziko bozketan Tiebasek hamazazpi boto jaso zituen, eta Solak, hamasei. Tiebasek gehiengo osorik ez zuenez lortu, beste bozketa bat egin behar izan zuten, eta bigarren horretan izendatu zuten lehendakari, orduan ere hamazazpi botorekin. Solak berriz ere hamasei lortu zituen, eta bi kidek boto zuria eman zuten.
«Abuztuan, lehendakari berriak kargua hartu zuenean, ohartu ginen egoera kezkagarria dela, zorrak daudela»
MIGUEL ERDOZAIN Zangozako EH Bilduko zinegotzia eta Zangozako Mankomunitateko kidea
Hamazazpi udalerrik osatzen dute Zangozako Mankomunitatea. Erakunde horrek kudeatzen ditu eskualdeko hondakinak, uren zerbitzua eta zerbitzu sozialak. «Abuztuan, lehendakari berriak kargua hartu zuenean, mankomunitateko kontuen berri jaso genuen, eta ohartu ginen egoera kezkagarria dela, zorrak daudela», kontatu du Miguel Erdozainek. Bereziki, hondakinen inguruko «kudeaketa txarra» salatu du Zangozako EH Bilduko zinegotziak. «Erabaki txarrak hartu dira, eta gastua ez dute kontrolatu», erantsi du. Zenbait urtez hondakinen inguruko tasa igo ez izana aipatu du, bertzeak bertze.
Zangozaldeko EH Bilduk zehaztu du mankomunitateko diruzaintza gerakina 500.000 euro murriztu dela bi urtean. «2023ko kontuei buruzko aurreikuspena ere kezkagarria da», ohartarazi du, ohar baten bidez.
«Badakigu lan zaila dugula egiteko, baina bada garaia konponbideak bilatzeko». Horixe berretsi du Erdozainek, eta nabarmendu du helburu hori dutela zentsura mozioa aurkezteko egindako urratsarekin. Asteazkenean eztabaidatuko dute, eta, adostutakoa betetzen bada, Aitor Sola izendatuko dute Zangozako Mankomunitateko presidente.