Iruñeko Udalak amiantoa duten eraikin publiko eta pribatuen zerrenda presatu nahi du 2025. urterako. Helburua da 2032an material hori guztiz erretiratzea, Europako Batasunak osasun arrazoiengatik agindu duen moduan. Iruñeko Udalak 30.000 euroko aurrekontua jarriko du horretarako.
Egun erabiltzea debekatuta badago ere, eraikin askotan amiantoa dago oraindik ere. Erabilera asko ditu, eta, gainera, oso merkea da. Hori dela eta, asko baliatzen zuten garai batean, eraikuntzan batez ere. Baina amiantoa oso arriskutsua da osasunerako, mineralaren zuntzak arnasteak gaixotasun larriak ekar baititzake, asbestosia eta minbizia batik bat. Gaixotasun hilgarriak izaten dira gehienbat.
Amiantoa erretiratzeko orduan lehentasunak ezartzeko, kontuan hartuko dute arriskua zenbatekoa den eta biztanleria zaurgarria zein gertu dagoen. Iruñean jada bi eraikin aipatu dituzte: Oscus eraikina, Navarrerian, eta Aceros Sadar, Arrosadian. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak diru laguntzak emango ditu enpresetan amiantoa kentzeko. Lehenengo deialdia ireki du berriki, eta Nafarroan produzitzen duten enpresentzat da.
Itxaropenik ez
«Jendea isilarazi nahi dute: zuloak estaltzen ari dira, baina ez diote heltzen arazoaren muinari», esan du Asun Fernandezek, Nafarroako Ananar elkarteko zuzendariak. 2017an sortu zuen elkartea, senarra amiantoaren ondorioz gaixotu eta hil ostean. «Ezkor samarra naiz. Gogora ekartzen dit 2019an atera zuten plana. Orduan ere prentsan eta telebistan atera ziren, eta Bruselara joan. Azkenean, urtebeteren buruan plana erretiratu, eta ez zuten ezer egin. Orain egoera berean gaudela uste dut».
2019. urtean, amiantoa erretiratzeko plan bat onartu zuen Nafarroako Gobernuak. Planak agerian utzi zuen zenbat amianto dagoen Nafarroan. Sei milioi metro koadro estalki eta 566 kilometro kanalizazio daude material horrekin eginak. 2018an, 3.192 pertsona gaixo zeuden amiantoaren eraginez, eta baliteke etorkizunean gehiago egotea; izan ere, posible da mineralaren zuntza arnasten denetik 35 urtera ere gaixotzea; gaixotasuna ez da hura arnastu eta berehala agertzen. Hala ere, Nafarroako Gobernuak plana onartu du, baina martxan jarri ez, oraindik.
«Ezkor samarra naiz. 2019an atera zuten plan bat. Azkenean, urtebeteren buruan erretiratu, eta ez zuten ezer egin. Orain egoera berean gaudela uste dut»
ASUN FERNANDEZ ABIZENA Ananar elkarteko zuzendaria
Orain, adierazi dute eraikinen zerrenda egingo dutela, baina Fernandezek ez du itxaropen handirik. «2025ean hasiko direla esan dute, baina ez dute zehaztu noiz. Urtebete asko da, eta 2024tik 2025era kaltetu asko egon daitezke, eta jende asko hil ere bai». Gainera, 30.000 eurorekin, hasteko ere ez dute, Ananar elkarteko zuzendariaren ustetan. «Prozesu hori oso garestia da, eta ezarri duten aurrekontua ez da nahikoa». Badaki diru asko behar dela, baina uste du auzia lehentasunezkoa dela.
Ananar erakundean amiantoa duten eraikinen zerrenda egiten ari dira jada, Malagako (Espainia) enpresa batekin elkarlanean. Hilabete daramate Iruñeko eta Nafarroako beste herri batzuetako eraikinak aztertzen. Donazio bati esker, aukera izan dute prozesua dohainik egiteko.
Iruñeko Udalaren Oscus eraikina, Navarrerian, asteon ateratako argazki batean. NAFARROAKO HITZA
Erakundea hiru helbururekin sortu zuten. Lehena, ikerketa sustatzea, amiantoaren inguruko ikerketa oso gutxi daudelako, Fernandezek salatu duenez. Alor pribatuak apur bat gehiago ikertzen du —Nafarroako Unibertsitatea klinikak—, Ananarrek emandako diru laguntzei esker. Biktimei eta haien senitartekoei babesa ematea da bigarren helburua. Izan ere, erakundeko kide gehienek amiantoaren biktimak dituzte gertu. Hirugarrena aholkularitza juridikoa ematea da. Beste toki batzuetan, amiantoagatik gaixotu eta lanbide gaixotasuna aitortzen dute zuzenean; Hego Euskal Herrian, ordea, auzitegi batek aitortu behar du.
Fernandezek ohartarazi du arrisku larria dagoela, eta umeak bereziki zaurgarriak direla auzi horri dagokionez: «Kiroldegiak eta ikastetxeak amiantoz beteta daude, eta, beraz, umeak material kutsagarrien eraginpean daude».