Ruben Unanuak (Iruñea, 1980) ongi ezagutzen du gizarte zerbitzuen esparrua; etxerik ez dutenentzako zerbitzuko koordinatzailea izan zen Iruñeko Udalean duela urte batzuk, eta orain, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria da. Etxebizitza da zerbitzu horretan artatzen dituztenen arazo nagusietako bat. Unanuak onartu du egoerari aurre egiteko zailtasun handiak dituztela. Elkarlanean aritzera deitu ditu bertze udalak eta Nafarroako Gobernua.
Zer toki betetzen du etxebizitzaren gaiak Iruñeko Udaleko Gizarte zerbitzuetara jotzen duten herritarrek dituzten arazoen artean?
Gaur egun, arazo nagusietako bat da. Prekaritate handia dago etxebizitzaren esparruan. Jende mota ezberdina dugu, halere: batetik, muturreko egoera batean daude karrikan bizi direnak. Bertzetik, karrikako egoera horri lotuta, fenomeno berri bat dugu, eta gora egiten ari da, gainera: karrikan bizi diren adingabeak dituzten familiena. Bertze arazo handi bat da batere egokiak ez diren tokitan bizi diren herritarrena: etxabeetan eta gisakoetan daude. Pilatuta bizi diren familien egoera dugu laugarren multzo batean.
Hori da egoera; eta zein da konponbidea?
Arazoa da zailtasun handiak ditugula aurrean dugun egoera horri aurre egiteko. Hasteko, baliabideak urriak dira, etxebizitza nahikorik ere ez dagoelako. Etxebizitza larrialdi bat dugu; eskaera handia da, eta eskaintza, berriz, txikia. Ondorioz, jendeak ezin du etxebizitza bat lortu behar bezain azkar.
«Larrialdietan hotelak eta pentsioak erabiltzen ditugu. Konponbide azkar bat da, baina ez da behin betikoa»
Zer urrats ari zarete egiten?
Larrialdi egoera batean, hotelak eta pentsioak erabiltzen ditugu. Konponbide azkar bat da karrikan dagoen familia bati aterpe emateko. Ez da behin betikoa, ordea. Larrialdiari aurre egin eta gero, etxebizitza egoki bat bilatzeko bidea hasten da. Eta zailtasun nagusiak hor daude, ez baitugu etxebizitza nahikorik. Falta dugu etxebizitza babestua, bai eta merkatu librekoa ere. Arazoa egiturazkoa da.
Zenbat denbora eman dezakete familiek pentsioetan?
Behar adina. Batzuek zazpi-zortzi hilabete daramatzate.
Adingabeak dituzten zenbat familia artatu dituzue?
Urtarrilean hamabost ziren, eta maiatzean, 26. Pentsioak eta hotelak ordaintzeko, aurrekontua anitz handitu behar izan dugu. Iaz 300.000 euro gastatu genituen, eta aurten, orain arte, 600.000 gastatu ditugu jada. Urtea amaitzen denerako milioi batera ailegatuko gara, segur aski. Sanferminak hasi baino lehen, batzuek argitaratu zuten Iruñeko Udalak karrikan utzi behar zituela pentsioetan ziren herritarrak. Hori gezurra da. Egia da herritar batzuk tokiz aldatu behar izan genituela, baina inor ez zen karrikan gelditu pentsioetan eta hoteletan gelak behar zituztelako.
Pentsioak ez dira behin betiko konponbide bat. Gero, zer?
Helburua da larrialdi egoera batean dauden horiek guztiak laguntzea etxebizitza bat lortzeko euren bidean. Arazoa da bide horretan, larrialdi egoera horretatik etxebizitza bat lortu arteko bide horretan, herritarrak tarteko mailetan artatzeko baliabideak falta ditugula. Ahaleginak egiten ari gara, baina ez da erraza. Martxan jarri ditugun programetako batean bost etxebizitza prestatzen ari gara, karrikan gelditu diren familia horiek artatzeko. Asmoa da pertsona horiek laguntzeko eta bizi duten egoera zaurgarri horretatik ateratzeko ibilbideak osatzea, etxebizitza bat lortu arte. Aurten eta datorren urte hasiera bitartean bertze 15-20 etxebizitza prestatu nahi ditugu, helburu berarekin. Laguntza ematea da helburua, etxebizitza bat lor dezaten, eta udalak prestatu dituen horiek beharra duten bertze herritarrentzat eta familientzat uztea. Udalak, denera, berrehun etxebizitza inguru ditu; arazoa da kostatzen ari zaigula jendea txandakatzea etxe horietan.
Karrikan bakarrik bizi diren herritarren soslaia aldatu da?
Karrikan urteak eman dituzten herritarrekin batera, herrialdera ailegatu diren gazte migratzaile anitz daude orain kalean. Bi soslai horiekin egin nahi dugu lan.
Zenbat jende dago orain karrikan?
Zaila da erratea, gazte migratzaile horien artean mugimendu handia dagoelako; batzuk badoaz eta bertze batzuk badatoz. Gehiago dira etortzen direnak, betiere. 130 izan daitezkeela uste dugu, baina aldatuz doa kopurua. Edozein modutan, aurreko neguan baino gehiago direla erran dezakegu, zalantzarik gabe.
Etxebizitza ez da arazo bakarra, karrikan bizi diren anitzen kasuan; etxebizitzarik gabe, ordea, zaila da bertze arazoei heltzea, ezta?
Hori da kontua. Karrikan badugu lantalde bat kalean diren horiekin lanean, eta datorren urtean gehiago izanen dira, lantaldea indartuko baitugu. Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari gara bertze programa berri bat garatzen, buruko osasun arazoak dituzten pertsonak laguntzeko. Formakuntza sustatzeko zentro bat martxan jartzeko proiektua lantzen ari gara, gainera. Helburua da ahalik eta tresna gehien ematea karrikan diren pertsona horiei, kaletik ateratzeko aukera izan dezaten.
«Arazoa ez da gurea, herrialde osoari dagokio aurre egitea. Elkarlanean aritu beharko genuke denok»
Etxebizitza gehiago behar duzue hori egiteko?
Etxebizitzaren arazoak ertz anitz ditu, baina etxebizitza gehiago behar ditugu, zalantzarik gabe. Etxebizitza publikoa behar dugu. Merkatu librekoak ere bai. Alokairuak oso garestiak dira orain. Eskaintzaren eta eskaeraren orekak lagunduko luke. Orain etxebizitza bat behar duen jende anitz dago, eta egoerarik zaurgarrienean daudenak azkenak dira etxe baten zain diren horien ilaran. Arazoa kezkagarria da, eta Iruñeko Udalean bakarrik sentitu gara anitzetan.
Egoerari aurre egiteko laguntzarik gabe?
Uste dut eskualde mailan lan egiten hasi beharko genukeela. Iruñea ez da Iruñerriko udalerri bakarra. Gu ari gara inguruko herrietako beharrei ere aurre egiten, herri horietako jende anitz ari baikara artatzen. Inguruko herrietan galdetzen baduzu, denek erantzunen dute karrikan bizi den inor ez dutela. Kontua da Iruñeak hartzen dituela denak. Arazoa ez da gurea; eskualde osoari, eta, are gehiago, herrialde osoari dagokio aurre egitea. Elkarlanean aritu beharko genuke denok, larrialdi egoerei aurre egiteko tresnak sortzeko, eta pertsonak laguntzeko larrialdi egoera horretatik ateratzeko eta etxebizitza bat lortzeko bidean.Â