Haiek eta gu

Haiek eta gu

Mandarinak pisatzeko errenkada egiten nengoela, alboan neuzkan adineko bi emakumeren arteko elkarrizketa entzuten hasi nintzen. Holako egoeretan, hain gertu egonda, norberak nahi gabe jartzen du belarria eta ondorioz, denetarik entzutea tokatzen da. Izan liteke eguraldiaren inguruko hizketa hutsal bat, politikari buruzko eztabaida bat edo aurrekoan gertatu zitzaidan moduan, aurreiritziz beteriko komentario bat: «Adi, bi morito sartu berri dira».

Ito txikigarriak, euren aurpegiek eta sartutako bi mutil arabiarrei botatako begiradek emakume horien errespetu falta eta arrazakeria utzi zuten agerian. Mesfidantzaz beteriko komentarioa izan zen, nazkaren eta amorruaren arteko sentsazio arraro bat sorrarazi zidana.

Hilabete bat besterik ez da pasatu Nafarroako Parlamentuan Voxek migratzaile irregular guztiak Nafarroatik kanporatzeko mozioa aurkeztu zuela, pertsona migranteen erroldatzea ukatzeko edota Martzillako adingabe migratzaileendako harrera zentroa ixteko eskatuz, besteak beste. Mozioa, bere izaera xenofoboagatik, ez zen tramitatzera heldu eta baztertu egin zen, baina kezkagarria da, oso, gisa honetako proposamenak mahaigaineratzea. Zaila da sinesten nola kanporaketa konponbide onargarritzat hartu ahal duten.

Nafarroan biztanleriaren %20 inguru migratzailea da, 100.000 pertsona baino gehiago. Sobera dakigu nondik datozen eta zein den gainean daramaten motxila; gerretatik, muturreko pobreziatik edo jazarpenetik ihes egiten duten pertsonak dira. Aldiz, hona heldu eta eskuinaren diskurtsoak bultzatuta ari zaie kriminalizatzen. Beldurra oinarri hartuta, buloz eta gezurrez elikatzen den narratiba zabaltzen dute, migratzaileak mehatxutzat eta gaizkiletzat hartzen dituena. Baina migrazioa ez da arriskuaren sinonimo, kriminalitateak ez baitu ez nazionalitaterik, ezta jatorririk ere.

Gero eta emozio txikiagoarekin erantzuten dugu, barrena hustu baligute bezala. Non da gure enpatia? Non gizateria?

Diskurtso horrek itsutzeko duen ahalmenaz gain, bada kezkatzekoa den beste kontu bat: aferaren normalizazioa. Egun, badirudi ezerk ez gaituela harritzen, eta are gutxiago, hunkitzen. Albistegietan paterak gainezka ikusten ditugu; heriotzaren atarian Mediterraneoan erreskatatutako pertsonen irudiak, kostalde seguru batera iristeko ahaleginean desagertzen diren familiak eta sufrimenduari ezin aurre eginda bidean hiltzen diren haurrak. Halere, gero eta emozio txikiagoarekin erantzuten dugu, barrena hustu baligute bezala. Non da gure enpatia? Non gizateria?

Han daude haiek eta hemen gaude gu. Bereizketa bidegabe hori normalizatzen da, euren errealitatea eta gurea inoiz gurutzatzen ez diren bi lerro paralelo izango balira bezala. Bistakoa da, ordea, lerroak etengabe elkartzen direla, eta, gainera, elkarbizitza horrek era askotara aberasten gaituela, izan kulturalki, sozialki edo ekonomikoki. Elkarbizitza sano bati begiratzea liteke helburua, axolagabetasun zein sentsibilitate falta horretatik aldenduta, ahal dela.