Domina bat, bizitza osoko lana eta konpromisoa eskertzeko eta nabarmentzeko: Nafarroako Gobernuak Mario Gabiria soziologo nafarrari emanen dio herrialdeko Urrezko Domina, abenduaren 3an. Cortesen jaio zen Gabiria, 1938an, eta Zaragozan zendu zen (Espainia), 2018an. Gobernuak azaroaren 6ko saioan erabaki zuen Nafarroako Urrezko Domina Gabiriari ematea, «gizarte justuago eta solidarioago baten alde» egindako lanagatik. «Aitzindaria izan zen esparru sozialean», erran zuen Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Felix Tabernak, azaroaren 6ko saioa bukatu eta gero. Urrezko Domina da herrialdeko sari nagusia, eta Gabiriaren familiak jasoko du haren izenean, Nafarroako Gobernuak Nafarroaren Egunaren harira antolatutako ekitaldien barruan.
Gabiria Cortesen jaio zen arren, haur bat zenean mugitu zen familiarekin Zaragozara. Han egin zituen ikasketak. Lehendabizi, zuzenbidea ikasi zuen, eta, gero, soziologian trebatu zen, bertzeak bertze, Estrasburgon (Frantzia). Hiri horretan Henri Lefebvre filosofo eta soziologo frantziarrarekin bat egin zuen. Arlo akademikoa gizarte mugimenduetako lanarekin uztartu zuen beti, eta ekologiaren, energiaren, landa garapenaren, jasangarritasunaren, bazterketa sozialaren eta hiesaren inguruko estigmaren aurkako borrokaren esparruetan murgildu zen, bertze auzi anitzen artean. Berrogei liburu eta ehunka artikulu eta hitzaldi utzi ditu.
NUPen irakasle
Ekologismoaren arloan, zentral nuklearren aurka lerratu zen, argi eta garbi, 1970eko hamarkadan. Garai hartan, Arguedas eta Tutera artean zentral nuklear bat eraikitzeko proiektu bat jarri zuten mahai gainean, eta Gabiriak azpiegitura horren kontrako mobilizazioak sustatu zituen. Hark arrasto sakon bat utzi zuen orduko eta gerora garatuz joan zen mugimendu ekologistaren barruan. Energia berriztagarrien eta jasangarritasunaren alde egin zuen, eta 2005. urtean, Espainiako Ingurumen saria eman zioten.
«UPNren garai gogorrean aritu zen, eta orduko eskuinak ez zion deus ere eman; orduko sozialisten ezkerrak ere ez»
PACO RODA Gizarte langilea
1980ko hamarkadan Nafarroako Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolarekin bat egin zuen, eta 1992an NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle bilakatu zen. Paco Roda gizarte langileak NUPen ezagutu zuen Gabiria, hain zuzen; haren ikasle izan zen. «Ohi baino geroago hasi nintzen Gizarte Lana ikasten, ia 40 urterekin. Gabiria ni baino zaharragoa zen, baina adinak hurbildu gintuen», kontatu du.
«Apurtzailea eta ausarta izan zen; bere ikerketa lanetan, datuak baino gehiago, datuek erraten zutena interesatzen zitzaion», nabarmendu du Rodak. Gelan gaiak azaltzeko orduan «hagitz didaktikoa» zela azaldu du, eta gizarte gaiekiko zuen interesa transmititzen asmatu zuela. Gabiriak unibertsitatean lan handia egin zuela berretsi du, eta unibertsitateak eman ziola soziologoak behar zuen tokia. Uste du, halere, ez zuela Nafarroan merezi zuen aitortza jaso. «UPNren garai gogorrean garatu zuen bere lana, eta orduko eskuinak ez zion deus ere eman; orduko sozialisten ezkerrak ere ez, Gabiriak gauza anitz jartzen baitzuen ezbaian».
Rodak nabarmendu du «pozgarria» dela Nafarroako Gobernuak Gabiria saritzeko eta omentzeko urratsa egin izana. Ez da azken urteotako bakarra: 2016an, Uxue Barkos lehendakari zuela, Nafarroako Gobernuak Karlos III.aren Gurutzea eman zion Gabiriari; eta 2006an, berrriz, Nafarroako Soziologoen Elkargoak saritu zuen: Gizartea eta Giza Balioak saria eman zion soziologoari.
«Bizirik balego, ez dakit zer pentsatuko zuen Urrezko Dominari buruz», erran du Rodak, irribarrez. Nafarroako Gobernuak ezagutarazi duen planaren arabera, Mario Gabiriaren alaba Sandra eta Nathalie Gabiriak jasoko dute saria, asteartean.