Bost proiektu, Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroa egiteko

Bost proiektu, Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroa egiteko

Iruñeko Udalak erakusketa bat osatu du hiriburuko Pilotaren Interpretazio Zentroa egiteko ideia lehiaketan hautatutako bost proposamenekin. Kondestablearen jauregian jarri dute, otsailaren 16ra bitarte. Erakusketa horren bidez, udalak prozesu parte hartzaile bat hasi du, aukeratutako proposamenak aztertzeko eta hobetzeko, eta, azkenean, haien artean bat aukeratzeko. Helburua da Pilotaren Interpretazio Zentroa egiteko obrak urte bukaeran edo 2026ko hasieran martxan jartzea.

‘Pareten Mintzoa’ izenburuko proiektua, Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroa egiteko aukeratu dituzten bostetako bat. IRUÑEKO UDALA

Zentroa egiteko egitasmoa Iruhbi proiektuaren barruan dago, eta Europako Poctefa programak lagunduko du diruz. Zehazki, Europak 2,3 milioi euro ordainduko ditu, aurrekontu osoaren %65 —3,6 milioi eurorena da—. Interpretazio zentroa sortu nahi dute pilota «babesteko», eta kirol horren ingurukoak «ondare kultural eta turistiko» gisa sustatzeko. Iruñeko Udalarekin batera, Uhartekoak eta Miarritzekoak ere (Lapurdi) parte hartzen dute, eta Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Pilota Federazioaren eta kirol arloko bertze hainbat eragileren babesa ere badu.

37 proiektu, denera

Poctefa programako jarraipen batzordeko kideak Iruñean izan ziren joan den astean, eta bisita baliatu zuten Kondestablearen jauregian jarritako erakusketa ikusteko, eta zentroa egiteko aukeratutako bost proiektuak ezagutzeko. Ideia lehiaketan 37 proiektuk parte hartu dute, denera, eta Iruñeko Udalak guztien kalitatea nabarmendu du.

Iruñeko Pilotaren Interpretazio Zentroa egiteko aukeratutako azken bost egitasmoetako bat: Trinketeka. IRUÑEKO UDALA

Pilotaren Interpretazio Zentroa Iruñeko zezen plazaren atzeko aldean dagoen eremuan eginen dute. Erakusketarekin batera, Iruñeko Udalak parte hartzeko prozesu bat zabaldu du: tailerrak antolatu ditu, herritarren ekarpenak jasotzeko. Udalak sortutako Pilotaren Mahaiak ere landuko ditu aukeratutako bost proiektuak, eta ekarpen guztiak kontua hartuta, epaimahai tekniko batek berriz aztertuko ditu bostak, irabazlea hautatzeko.

Pareten Mintzoa, Plaza eta Horma, Hangar, Entremuros eta Trinketeka izenekoak dira hautatutako bost proiektuak. Patxi Burillok zuzendutako lantaldeak egin du Pareten Mintzoa proiektua. L itxurako eraikin bat proposatu du; bi paretek sortzen dute aldi berean plaza eta frontoi baden espazio bat, «pilotaren historiari balioa» emateko asmoz. Plaza eta Horma proiektua, berriz, Iñigo Begiristainek zuzendutako taldeak egina da; horrek ere frontoi gisa erabil daitekeen T itxurako eraikin bat proposatu du.

Iruñeko Pilotaren Interprerazio Zentroa egiteko aukeratutako bost proiektutako bat: Entremuros. IRUÑEKO UDALA

Bertzelakoa da Hangar proiektua, edukiontzi handi baten gisako eraikin bat egiteko aukera proposatu baitu. Borja Lorenzanak zuzendu du Hangar proiektua ondu duen lantaldea. Entremuros proiektua egin duten arkitektoak, berriz, Oscar Mongayren zuzendaritzapean aritu dira. Hiru piezak osatutako espazio bat proposatu dute, pilotalekuaren ideiatik nahiko urrun. Azkenik, Trinketeka proiektuak, trinkete baten itxura duen eraikin bat proposatu du. Jesus Leatxek zuzendu du Trinketeta proiektua garatu duen taldea.

Hangar, Iruñeko Pilotaren Interprerazio Zentroa egiteko aukeratutako bost proiektuetako bat. IRUÑEKO UDALA

Aukeratutako bost proiektuen berri emateko antolatu duten erakusketa otsailaren 16an itxiko dute. Joan den astean, bost proiektuak prestatu dituzten taldeek nork bere proposamena aurkeztu zuten, Iruñeko Udalak Kondestablearen jauregian egindako saio batean. Parte hartzeko prozesua martxan da orain. Herritarren eta adituen ekarpenak kontuan hartuko dituzte azken txanpara ailegatu diren bost egitasmoen artean bakar bat hautatzerakoan. Irabazten duen proiektuko arduradunek, hain zuzen, hiru hilabeteko epea izanen dute behin betikoa idazteko. Obrak lizitatzeko prozesua hasiko dute gero. Iruñeko Udalak urte bukaeran hasi nahi ditu Pilotaren Interpretazio Zentroa eraikitzeko lanak, edo, beranduenez, 2026ko hasieran.