Pirinioetan 1985. urtean ireki zituzten lehenengo euskaltegiak, Agoitzen eta Aezkoan. Agoitzen, Idoia Zabalza hasi zen eskolak ematen, eta Aezkoan, berriz, Josu Eseberri. Bide luzea egin dute gaurdaino: berrogei urte bete dituzte aurten. Erronkarin, Urrotzen, Aurizperrin, Zubirin eta Ezkarozen ere ireki zituzten euskaltegiak, eta gaur egun 160 ikasle eta zazpi irakasle dira.
Baina bidea ez da beti erraza izan. «Josu Eseberrik beti esaten du hotza pasatu zuela garai horietan», azaldu du Ana Colomo AEK-ko irakasle eta eskualdeko didaktika arduradunak. Izan ere, hainbat zailtasun izan zituzten irekieraren garaian. Eskolak emateko lekuak aurkitzea izan zen zailtasunetako bat, eta, aurkituta ere, ez ziren beti aproposenak. Colomok osasun etxeetan eman izan ditu eskolak, eta, zenbaitetan, Eseberrik kontatzen zuen moduan, hotza ere pasatu zuten.
Baina bidea egin dute, eta, geroztik, ez dute urte bakar batean ere huts egin. Ospakizunetan murgilduta daude orain: abenduan Ruper Ordorikaren kontzertua izan zuten Agoitzen, eta kontzertu horrekin hasi ziren 40. urteurrena ospatzen. «Ruper Ordorika askotan egon da gurekin, eta oso ondo portatu da beti. Urtebete zeraman taldearekin jo gabe, eta lehenengo kontzertua Agoitzen eman zuen». Horren ostean, bertso afaria egin zuten Erron, eta Ilargi Berria taldeak kontzertua eman zuen Urrotzen. Urtero, inauterietan, barnetegia antolatzen dute Arantzan, eta aurten, Julia Itoiz La Chula Potra azaldu zen bere liburu berria aurkeztera. Beste ekitaldi asko egin asmo dituzte datozen hilabeteetan, eta ekainerako besta handi bat antolatzen ari dira: bazkaria eta festibala.
«Jendeak izena emateko beharra ikusten du: etorkin gehienek, adibidez, izena ematen dute»
ANA COLOMO Pirinioetako AEK-ko irakaslea
Gogotsu daude, baina aitortu dute antolakuntza nekagarria ere badela. «Gure eskualdea oso handia da, oso zabala, eta zaila izaten da jendea leku berean elkartzea». Horrekin batera, despopulatzea da eskualdearen beste bereizgarri bat. Hain zuzen, despopulatzearen ondorioz talde gehienak oso heterogeneoak dira mailari dagokionez; Colomok adierazi duenez, talde berean hiru edo lau maila desberdin ere izaten dira batzuetan. Hori bai, herriak husten ari badira ere, Pirinioetako AEKn gorako joera dute, irakasleak esan duenez. Ikasle kopuruari eustea da betiko xedea, baina azken bost urteetan goranzko joera sumatu dute. «Jendeak izena emateko beharra ikusten du: etorkin gehienek, adibidez, izena ematen dute», azaldu du Colomok.
Finantzaketaren erronka
Pirinioetako AEK-k erronka anitzi aurre egin behar izan die urte hauetan guztietan. Diru laguntzak lortzeko, beti izan dituzte oztopo handiak, eta batez ere hasieran. «Aezkoako Biltzarraren laguntzak eskuratzeko ez dugu arazo handirik izan, baina laguntza inoiz ez da oso egonkorra izan: batzuetan diru laguntzak izan ditugu, eta beste batzuetan, ez», esan du irakasleak. Horren ondorioz, irakasleek ez zuten soldatarik jasotzen zenbaitetan; Colomok kontatu du gerta zitekeela ekainean urte osoko soldata kobratzea. Ikasleentzako bekak eskuratzeko ere lan handia egin dute, eta, horri esker, leku askotan ordenantzak egitea lortu dute.
Agerikoa da militantziak pisu handia duela AEKn eta bertako langileen artean. «Militantzia hor dago gaur egun ere. Agian, beste batek ‘tamalez’ esango luke, baina nik uste dut alde hori ona eta beharrezkoa dela».
Ikasleak eta irakaslea Garraldako AEKren euskaltegian, 2014. urtean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ikasleek ere engaiamendu handia erakusten dute, askotan autoa hartu behar izaten baitute, eta kilometro asko egin, hiru orduko eskola bat hartzeko. «Ikasle konprometituak dira: badakite zein den egoera eta euren eskuetan dagoela egoera horri buelta ematea».
Colomok badaki zer den hori; izan ere, hark ere AEKn ikasi zuen euskara. «Nik uste dut AEK-ko ikasle izan nintzelako naizela irakasle ona». Uste du asko laguntzen duela euskaldun berri izateak, trikimailu guztiak baitakizki, eta, gainera, badu ikasleen prozesuaren berri. «Ikasleak kexu direnean gauzak oso zailak direlako, esaten diet nik lortu badut edonork lor dezakeela». Ikusten du gainontzeko irakasleei zaila egiten zaiela zenbait kontzeptu edo eduki azaltzea, modu naturalean jaso dituztelako.
Colomok azkar ikasi zuen euskaraz, eta uste du, hein handi batean, AEKn erabiltzen duten metodologiari esker izan zela. «Erabiltzeko ikasten eta irakasten da hizkuntza, eta hasiera-hasieratik erabiltzen da. Hori bai, egoera komunikatibo errealetan oinarritzen da hurbilketa hori». Metodologia komunikatiboa erabiltzen dute, zehazki: askotariko dinamikak egiten dituzte, eskolak arinagoak izateko, eta, batez ere, ikasleak lehenbailehen hasteko praktikatzen. Duela hainbat urte egin zuten hautu hori, eta arreta komunikazioan jartzen dute orain ere.