Nafarroako Gobernuak eman du berria: abenduan hasiko dituzte Oronozko lanbide heziketako eskola berria eraikitzeko lanak. Hezkuntza Departamentuak akordio bat egin du Baztan-Bidasoko udalekin eta eskualdeko lanbide heziketako ikastetxeekin, eta, hitzarmen horren arabera, Oronozko eskolak lanbide heziketako hamahiru ziklo eskainiko ditu. Gobernuak uste du martxan izanen dela 2028-2029ko ikasturterako.
«Akordio hau garaipen bat da guretzat». Horixe nabarmendu du Elizondoko lanbide heziketako eskolako zuzendari Iñigo Gorrotxategik, Hezkuntza Departamentuaren eta Baztan-Bidasoko eragileen artean egindako akordioari buruz. Soka luzeko proiektu bat da Oronozko lanbide eskola berria egiteko asmoa, eta kolokan izan da hainbat aldiz. Lehendabiziko urratsak 2012an egin zituzten, eta, geroztik, oztopoz betetako bide bat egin dute. Ondorioz, Gorrotxategik garbi du «berri ona» dela obrak abenduan hasiko dituztela zehaztu izana.
Iazko martxoan, Nafarroako Gobernuak Oronozko ikastetxea eraikitzeko obren lizitazioa egin zuen —23 milioi euroan, eta lanak egiteko 32 hilabeteko epea zehaztuta—, baina ez zen enpresarik aurkeztu. Hasieran, Hezkuntza Departamentuak asmoa agertu zuen lizitazioa berriz egiteko, baina urrian, azkenean, atzera egin zuen: Elizondoko eta Berako lanbide heziketako ikastetxeetako arduradunek jendaurrean salatu zuten gobernuak bertze proiektu bat egitea erabaki zuela, eta, proiektuarekin batera, hezkuntza eskaintza ere moldatuko zuela.
Oronozko eskolaren aldeko eragileen agerraldia, otsailean, Elizondon. J. MANTEROLA / FOKU
Erabaki horrek Baztan-Bidasoko udalen, lanbide heziketako eskoletako arduradunen eta proiektua babestu zuten bertze hainbat eragileren kezka eta haserrea piztu zituen, «kolokan» jarri baitzuen Oronozko proiektu osoa. Iazko urte bukaeran, baina, berriz abiarazi zuten egitasmoa: Nafarroako Gobernuko taldeek eta EH Bilduk aurrekontu orokorretarako onartutako akordioaren bidez, hainbat fase zehaztu zituzten, martxan jarri ahal izateko Oronozko eskola egiteko lanak. Fase horietako lehendabizikoa zen hezkuntza eskaintza adostea, eta hain zuzen, oraingo akordioaren bidez burutu egin dute hori.
Aurrekontu handiagoa
Gorrotxategik nabarmendu du, batetik, Nafarroako Gobernuak oro har eutsi egin diola Baztan-Bidasoko eragileek proposatutako hezkuntza eskaintzari, eta, bertzetik, ontzat jo duela obren lizitazioaren aurrekontua igotzea; hala, 23 milioi eurokoa zen iazko martxoan, eta 24,7 milioikoa orain.
Baztan-Bidasoko lanbide eskoletako arduradunek uste dute oraingo aurrekontua «errealitatera» egokitzen dela. Erantsi dute, halere, Hezkuntza Departamentuarekin adostutako proiektuak badituela «alde ilun batzuk». Alde ilun horietako bat da kirolen zikloari buruz hartutako erabakia. Ziklo hori zen Baztan-Bidasoko eragileek beren hezkuntza eskaintzan jasotakoen artean hamalaugarrena, baina Hezkuntza Departamentuak erabaki du Oronozko lanbide eskolatik atera eta Lekarozko institutura eramatea. «Guk uste dugu horrek kolokan jartzen duela ziklo horren etorkizuna. Beldur gara azkenean ez ote duten kirolen zikloa Iruñera eramanen, edo ez ote duten pribatizatuko», erran du Gorrotxategik. Bertzalde, Oronozen eginen duten eraikina ez da hasieran onartutako proiektuan aurreikusi bezain handia izanen. «%18 txikituko dute».
«Beldur gara azkenean ez ote duten kirolen zikloa Iruñera eramanen, edo ez ote duten pribatizatuko»
IÑIGO GORROTXATEGI Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria
Hala eta guztiz ere, Gorrotxategik uste du Baztan-Bidasoko lanbide eskoletako arduradunek eta ikasleek badutela zer ospatu. Jakin eta gero obrak abenduan hasiko dituztela eta lizitazioaren aurrekontua iaz baino handiagoa izanen dela, eskualdeko hezkuntza komunitateko kideek jada jaso dituzte behar zituzten «bermeak», eta Elizondoko eskolako zuzendariak garbi erran du «kontent» direla.
Nafarroako Gobernuak ezagutarazi duenez, uda hasi baino lehen eginen dute lanbide eskola berria eraikitzeko obren lizitazioa, eta lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dituzte. Asmoa da lanak 2028. urteko ekainerako amaitzea, eta ikastetxe berria martxan jartzea 2028-2029ko ikasturterako.
Iñigo Gorrotxategik eskerrak eman dizkie Oronozko eskolaren alde egin duten Baztan-Bidasoko eragile guztiei, emandako babesagatik, garbi baitu eragile horiek guztiek eta Berako eta Elizondoko ikastetxeetako kideek azken hilabeteotan egindako presioak mugiarazi duela Nafarroako Gobernua. Hainbat protesta eta agerraldi egin dituzte Oronozko eskola berriaren alde, bai Elizondon eta bai Iruñean.