Erripagaña auzoko egoera administratiboa argitu dezatela eskatu dute bizilagunek

Erripagaña auzoko egoera administratiboa argitu dezatela eskatu dute bizilagunek

«Frustrazioa» eta «ezinegona» sentitzen dituztela esan du Alberto Errea Erripagañako auzo elkarteko kideak. Aldi berean, badute «esperantza» auzoko egoera administratiboa argituko duen prozesuarekin. Iruñeko, Uharteko, Eguesibarko eta Burlatako udalen menpe dago Erripagaña, eta, Iruñeko Udalak sustaturiko prozesu parte-hartzailearen arabera, apirilaren 4an bozkatu behar zuten auzoa noren esku gelditzea nahi zuten, baina prozesua luzatu egin da. «Guri berdin zaigu udal batekoak edo bestekoak izan, baina erabaki dezatela behingoz, eta egungo egoera ez dezatela aitzakia gisa erabili gauzak ez egiteko».

Bizilagunek ez dakite zergatik luzatu den prozesua, baina asmoa zen otsailean eta martxoan eztabaidatzea eta apirilean bozkatzea. «Eguesibarko eta Burlatako udalek denbora behar dute. Guk ulertzen dugu, baina egutegi bat zehaztu beharko lukete; bestela, prozesuak luzatu egiten dira», esan du Erreak. Gaineratu du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak laguntza handiagoa ematea. Izan ere Burlatako Udalak esan du ezin duela auzo osoa bere gain hartu, eta, gainera, Burlataren menpe dagoen zatia herri horren eraginpetik at geldituz gero arazo ekonomiko «larriak» izango lituzkeela. «Konponbide ekonomikoak bilatu behar dira. Oso zaila izanen da afera udalen artean bakarrik konpontzea», adierazi du Erreak. 

«Administrazioari laguntza eskaini, eta udalekin bildu nahi dugu, egoera  konpontzeko behingoz»

ALBERTO ERREA Erripagañako auzo elkarteko kidea

Erripagañako plangintza 2004an egin zuten, eta agiri hartan bildutako zerbitzu asko ezarri gabe daude oraindik. Hori salatzeko sortu zuten auzoko elkartea, 2015ean, baita kultur, merkataritza, kirol eta jai bizitza dinamizatzeko eta sostengatzeko ere. Ordutik, ekintza ugari egin dituzte, hala nola auzoko bestak, euskara eskolak, mahai jokoak… Horretarako, Burlatako Udalak utzitako txoko bat daukate. Hala ere, auzoko lagunek uste dute administrazioek ere gauzak antolatu beharko lituzketela. Gainera, haien iritziz, biltzeko toki bat behar da auzoan. «Udalen artean ez dago mugimendu handirik zerbitzuak jartzeko», dio Erreak. Iruñekoak Erripagañan Civivox bat egiteko plana dauka, baina ez du eginen egoera administratiboa argitu arte. Gauza bera gertatzen da Burlatako Udalak egin nahi duen kiroldegiarekin.

Haur eskola, 2025-2026rako

Hezkuntza arloan, berri hobeak dituzte: Nafarroako Gobernuak haur eskola martxan jarriko du 2025-2026ko ikasturtean. «Berri pozgarria da, baina berandu samar iritsi da, auzoko haurrak handitu egin baitira. Hala ere, 0 eta 3 urte arteko haur dezente daude oraindik», azaldu du Erreak. Eskolari eta institutuari dagokienez, Mendillorrira joaten dira ikasle gehienak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak esan du ez duela auzoan eskola bat eraikitzeko asmorik, nahiz eta egitasmo hori jasoa dagoen plangintzan. «Komunitatearen ikuspuntutik, pena handia dugu», nabarmendu du Erreak. 

Osasun etxeari dagokionez, 2028an zabaltzeko asmoa du gobernuak, eta Errea kontent da osasun etxea sortzeko tramiteak abiatu dituztelako. Hala ere, salatu du prozesua «luzea» dela, eta bazutela aukera lehenago hasteko: «Aurreko legealdiko aurrekontuetan dirua zegoen, eta aurreikusita zegoen, baina ez zuten egin». Bitartean, Sarrigurengo osasun etxera joaten dira: «Osasun etxeak gainezka egin du». 

Auzoa handituz doa poliki-poliki. Erroldaren arabera, 10.500 lagun inguru dira gaur egun. Erreak azaldu duenez, datuak ez dira errealak, ia 13.000 baitira: «Badakigu bizilagun asko ez direla auzoan erroldatzen, ez dagoelako zerbitzurik». Gainera, eraikitzen ari diren etxebizitzak kontuan hartuta, baliteke 18.000 biztanle ere izatea aurrerago. «Plana diseinatu zutenean, ez zuten kontuan hartu egungo egoerara iritsiko ginela. Beti egon dira prest etxeak eraikitzeko eta dirua ateratzeko, baina gero ez dute zerbitzurik jarri nahi». Horregatik, uste du beharrezkoa eta premiazkoa dela prozesua argitzea eta neurriak hartzea: «Administrazioari laguntza eskain,i eta udalekin bildu nahi dugu, egoera hau argitzeko eta legealdi honetan konpontzeko, behingoz».