Orain bi aste senide batek kanpin denda bat eman zidan. Berezkoa bezain bat-batekoa da senideen arteko objektu trukea; oroitzapen gozoen nahiz nostalgiaren gordailu diren objektu arrotzen oinordetza.
Denetarik eskaini izan didate arautu gabeko truke horretan, edo hori esanen nuke; halere, ez nuke irmotasunez lepoa jokatuko, jakin baitakit noizbait sekula pentsatu gabeko objekturen bat eskainiko didatela. Alabaina, egoera horri eskapo egiteko, maiz, uko egin izan diot plastikozko poltsetatik eta kartoizko kutxetatik eskainitakoa begiratzeari nahiz jasotzeari: zer iruditzen soinekoa?, duelaezdakitzenbaturtetako artxibagailua nahi?, aizu, zergatik ez duzu zure etxean honako zerdakitnik jartzen? Ez. Benetan? Bada, niri erabiltzeko modukoa iruditzen zait. Ziur nago, baina ez, mila esker. Egia, beste askotan ez bezala, sinplea da: batzuetan ez dut besteen oroitzapenak bere horretan mantentzeko ardurarik izan nahi.
Dena den, ez dut gezurrik esanen, ez naiz beti hitzok aditzera ematen duten bezain zurruna. Horren adierazgarria da arestian aipaturiko kanpin denda; gainera, ez nolanahiko kanpin denda: kanpin denda gazi-gozoa eman zidan, hogei segundo zabaltzeko eta egun erdi bat biltzeko eskatzen duten horietakoa, alegia.
Aitortzen dut, ez nuen objektu horren beharrik, baina ezin izan nion ezetzik esan; zaila izan zitzaidan errefusatzea pertsona, eta errealitate ezberdinak biltzeko gaitasuna duen hori ere bai. Hainbeste bizipenen gordailu izan daiteke, non espazio kolektibo gisa ikusi nuen.
Espazio kolektiboari men eginez, 2021eko apirilean, hainbat baztandarrek kanpaldia egin zuten Palacio De Aroztegia SL enpresak Lekarozen egin nahi duen makroproiektu urbanistikoaren aurka, eta, orain, kanpaldiaren harira, maiatzaren 19tik 23ra zazpi baztandar epaituko dituzte Iruñean.
Auzia ez da berria; izan ere, bi hamarkada baino gehiago daramatzate baztandarrek proiektu hau salatzen eta lurraren defentsan makroproiektuaren kontrako desadostasuna agertzen. Halere, orain, duela lau urte egindako kanpaldiagatik, auzipetuei talde kriminala izatea eta derrigortze nahiz bortxa delituak egitea leporatzen diete; denera, zazpi auzipetuentzat, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte.
Maiatzaren 5ean, Nafarroako Hitza-n auzipetuetako bati egindako elkarrizketa argitaratu zen, eta, bertan, besteak beste, jasotako sostengua eskertu eta elkarrizketatua auziaren epaiak izan ditzakeen ondorioez mintzatu zen; izan ere, jazarpena eta epaiketa baztandarren konpromisoa zigortzeko erremintak baizik ez direla salatu, eta horrelako prozesuak beste herri mugimenduetara zabaltzeko arriskua egon badagoela esan zuen.
Duela lau urteko kanpaldiagatik, auzipetuei talde kriminala izatea eta derrigortze nahiz bortxa delituak egitea leporatzen diete
Ildo beretik, 2022. urtean, orain dela hiru urte, Lekarozko auziari buruzko testua idatzi nuen. Bertan, gure lurra jasaten ari den bortxazko eraldaketaren aurrean, zutik eta behatzak lokatzez zipriztindurik ditugula bizitzeko eskumena goratu nuen.
Lore, sastraka eta haritz artean egindako aldarriak bi gauza garrantzitsu erakutsi zizkion gure herriari: batetik, hirian eta herrietan aurrera eramaten ari diren aldaketek ez dutela salbuespenik egiten distantziari, biztanleriari nahiz erliebeari dagokionez; eta, bestetik, agerian utzi zuen nolakoak diren gu lurpeko zizare bihurtu eta gure lurraren gainean euren zerua eraiki nahi dutenen jarrera eta metodoak.
Efimeroa ez dena denbora luzerako da, eta nago honako bide nekeza, euskaldunon beste hainbat bezalaxe, ez ote den denbora luzerako izanen.