«Erriberan oso zaila da euskaraz bizitzea: ariguneak behar dira»

«Erriberan oso zaila da euskaraz bizitzea: ariguneak behar dira»

Kontzertuak lotu, bazkarirako tiketak saldu, agertokiak alokatu, baimenak eskatu… Egunotan galtzak bete lan ibili dira Erriberan Euskaraz elkarteko kideak, bihar egitekoa den Erriberako I. Euskararen Egunaren kontura. «Euskararen egun asko egin dira orain arte hainbat herritan, baina hau berezia izanen da», esplikatu du Iñaki Bakerok, AEKren Tuterako euskaltegiko irakasleak (Laudio, Araba, 1965). «Arguedasen egingo dugu, eta Erribera osorako festa izango da», gehitu du Agerraldia elkarteko kide Izaro Elejaldek (Tutera, 2001). Xehetasun guztiak finduta, jendetza espero dute.

Noiz erabaki zenuten Erriberan euskararen egun bat antolatzea?

IÑAKI BAKERO: Iazko Korrikaren ondotik hasi ginen. Oso arrakastatsua eta polita izan zen, eta Erriberan ilusio berezia piztu zuen. Korrika batzordeetan, lasterketaren balantzea egiteko garaian, zera jarri genuen mahai gainean: «Eta Korrikaz harago, zer? Zer gehiago egin dezakegu Erriberan euskara sustatzeko?». Taldeka hasi ginen ideia mamitzen, eta denetan atera ziren kontzeptu nagusi bertsuak: saretzea, elkartzea… Horrela sortu zen Erriberan Euskaraz elkartea. Ondorioztatu genuen euskarak behar duela egun ikusgarri bat, kalera ateratzeko. Lehen erronka bat, egoerari buelta ematen hasteko.

IZARO ELEJALDE: Gero, jende gehiago batu ginen proiektura, beste elkarte batzuetako kideak eta norbanakoak, festari forma emate aldera. Antolakuntza talde nagusi bat arduratzen da dena koordinatzeaz, eta, horrez gain, baditugu arlokako azpibatzorde txikiagoak: ekonomia, egitaraua, bazkaria… Kontzertuak lotzeko, adibidez, lan handia egin behar izan genuen hasieran, eta beste batzorde batzuei orain datorkie lan karga handiena.

Euskararen Egunak ikusmina piztu al du inguruan?

BAKERO: Hori bihar ikusiko dugu argiago. Aitortuko dut, nire ustez, apur bat berandu ibili garela hau guztia antolatzen eta xehetasun guztiak lotzen, eta azken astera arte ez dela hasi giroa berotzen. Hala ere, 250etik gora lagunek izena emana dute herri bazkarian, eta hori askotxo da.

ELEJALDE: Horrez gain, asko etorriko dira soilik goizeko ekitaldietara, haurrekin-eta, eta beste asko bazkarira edo arratsaldeko kontzertuetara… Gure inguruan nabaritu da ilusioa, eta ziur naiz festari harrera beroa egingo diotela.

«Arguedasko Udala prest agertu zen festa hartzeko, eta azpiegitura ere utzi digu. Ez digu trabarik jarri, eta hori, inguruko beste udal batzuen jarrera ikusita, ez da gutxi» 

IÑAKI BAKERO Erriberan Euskaraz elkarteko kidea

Zer harreman duzue erakundeekin?

BAKERO: Erriberan oso zaila da gauzak antolatzea. Gure asmoa da Erriberako Euskararen Egunak segida izatea eta, gutxienez, bi urtean behin antolatzea. Horretarako, ordea, udalen laguntza behar duzu. Lehen aldi honetarako toki bila ari ginela, Arguedasko Udala prest agertu zen festa hartzeko, eta guri oso toki aproposa iruditu zitzaigun. Baimenaz gain, azpiegitura ere utzi digu. Hortaz, esan dezakegu Arguedasko Udalak nolabaiteko laguntza eman digula, ekarpen ekonomikorik egin ez duen arren. Gehiago egin zezakeela? Ziurrenik bai, baina, gutxienez, ez du trabarik jarri. Ez da gutxi, inguruko beste udal batzuen jarrera ikusita. Nafarroako Gobernuak bai, diru laguntza bat eman digu.

Halakoetan islatzen dira zonifikazioaren kalteak, ezta?

ELEJALDE: Argi dago euskaraz bizitzea oso-oso zaila dela hemen. Ariguneak behar ditugu, lasai hitz egin ahal izateko espazioak, euskara gure bizitzan txertatu nahi badugu. Errealitatea, baina, daukaguna da: zaila da euskaraz lan egitea, zaila da tabernetan tragoak euskaraz eskatzea eta zaila da euskaraz ikastea. Apenas dugun euskararentzako espaziorik. Horregatik, euskararen normalizazio prozesu baten ikuspegitik, urrats handia da Erriberako Euskararen Eguna egin ahal izatea. Pixkanaka ari gara egoerari buelta ematen.

Euskararen Eguna, Agerraldia, D ereduko lerro berriak… Garaiak aldatzen ari diren seinale?

ELEJALDE: Baietz espero dut. Iazko Korrikak Erriberan izandako harrera, adibidez, oso indartsua izan zen. Agian, horrek islatzen du hasiak garela nabaritzen aurretik eginiko urratsak. Nik, behintzat, badut horren esperantza.

«Euskararen normalizazio prozesu baten ikuspegitik, urrats handia da Erriberako Euskararen Eguna egin ahal izatea» 

IZARO ELEJALDE Erriberan Euskaraz elkarteko kidea

Euskaraldia hasi berri da. Zaila da Tuteran erronkari eustea?

ELEJALDE: Bai. Ni ahobizi naiz, eta zaila da edozein tokitara sartzea eta une oro euskarari eustea, gehienek ez baitute ulertzen.

BAKERO: Sorpresa politak ere hartu izan ditugu: oso pozgarria da bistaz ezagutzen duzun pertsona bat ikustea txapa jantzita, izan ahobizi, izan belarriprest, eta ordutik aurrera harekin euskaraz egin ahal izatea. Aurten ere txapa askotxo banatu dituzte Tuteran, eta horrek erakusten du aldekotasuna eta gogoa, behintzat, egon badaudela. 

EGITARAUa

11:00. Erriberako kulturaren erakusketa. Horrez gain, dantzariak, gaiteroak, makil-dantza eta Tutera Kantuz, Arguedasko kaleetan.

11:00-13:00. Haurren txokoa, Tinglao plazan.

11:00-14:00. Artisautza azoka, Real kalean.

12:30. Dantza herrikoiak eta ekitaldi nagusia, G. Clemente plazan.

13:00: Porrotx eta Marimotots, Tinglao plazan.

14:30. Herri bazkaria, G. Clemente plazan.

KONTZERTUAK

15:30. Edu Zardoya.

19:00. Ribera Kids.

20:30. Indeleble.

21:00. Orekka.

00:00. Discodelia.