Arbolak basoa eramanen du Alde Zaharrera

Arbolak basoa eramanen du Alde Zaharrera

«Zuhaitza handitzen ari da». Horixe nabarmendu du Isa Ferreirok, Labea arte, zientzia eta natura laborategiko kideak, Arbola jaialdiari buruz. 2023an egin zuten lehendabizikoz, eta hirugarren aldiz antolatu dute aurten, Iruñean: Arbola Fest ekainaren 11tik 15era eginen dute, baina maiatzean ere izanen da zer ikusi, «ekitaldien baso bat» prestatu baitute, iaz bezala, jaialdia gero eta esparru gehiagotara hel dadin. Hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta jaialdirako propio antolatutako ikuskizunak eginen dituzte, gehienak hiriburuko Alde Zaharrean.

«Sendotzen ari gara», berretsi du Ferreirok, baina garbi utzi du ekinaldiak bere oinarriari eta esentziari eutsi nahi diela: «Bizitza ospatu nahi dugu; arte bizien jaialdi bat da gurea». Artea gogoetarako tresna bilakatu nahi dute Arbola jaialdian, egungo erronken inguruko hausnarketa bultzatzeko. Izan ere, egungo klima aldaketako jokalekua aintzat hartuta garatutako jaialdi bat da, eta helburu du artea, zientzia eta natura uztartuz «beste kultura bat» sustatzea: «Egungo gizarteak erdigunean jarri beharko lituzkeen balioak adierazten dituzte zuhaitzek: soiltasuna, elkarren mendekotasuna, eta, aldi berean, autosufizientzia», azpimarratu du Ferreirok. Zuhaitz guztien artean, urkia hautatu dute aurtengo Arbola jaialdirako irudi.

Arbola jaialdian jorratuko dituzten gaien inguruan ere bada jaialdiko ekitaldi oro lotuko dituen ardatz nagusi bat: arbasoen ezagutza. Zehazki, kolonialismoak suntsitu eta bazter utzitako herrien kultura nabarmenduko dute jaialdian, eta herri horiek naturarekin lotzeko zuten moduan bilatuko dituzte oraingo gizarterako eta etorkizunerako erreferenteak.

Claudix Vanesix artista; Iruñean antolatu duten Arbola jaialdian parte hartuko du. ARBOLA

Jaialdian, gainera, inguruko ezagutzei eginen diete so; Iruñean eginen dituzte ekitaldi guztiak, gehienak Alde Zaharrean, eta auzoko balkoietan landareak jarri eta zaindu ohi dituzten emakumeak omenduko dituzte, hainbat saiotan. Batetik, emakume horien lana abiapuntu hartuta, zenbait tailer antolatu dituzte; Iñigo Segurolak zuzenduko ditu. Asmoa da Alde Zaharreko bizilagunak beren balkoiak landarez betetzera deitzea. Maiatzaren 20an eta 27an eginen dituzte, San Frantzisko eskolan. Bertzetik, «Iruñeko memoria» omendu nahi duen ikuskizun bat aurkeztuko dute ekainaren 12an, San Frantzisko plazan. La velocidad de la luz izena du, eta Marco Canalek zuzendu du. Hainbat hiritan garatu du proiektu bera, tokian tokiko memoria jorratzeko. «Hiria omentzeko modu bat da obra; 65 urtetik gorako ehun pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute. Lan kolektibo bat da, eta, bertzeak bertze, heriotzaren gaia ukitzen du, hagitz modu sendagarrian», zehaztu du Ferreirok.

Baso ibiltaria

Aurtengo Arbola jaialdiko proiektuetako bat lantzen ari dira Iruñeko San Frantzisko eskolan. Zehazki, baso ibiltari bat egiten ari dira. Asmoa da basoa ikastetxean uztea, eta, noizean behin, bertze tokiren batera mugitzea. Ekainaren 13an, eskolatik Kale Nagusiko Kondestablearen jauregira eramanen dute, eta hainbat artistak garatutako ikuskizunetako eszenatoki bilakatu: Claudix Vanesix artistak performance bat eginen du ekainaren 13an, eta 14an, Teatro Firulete konpainiak Basoa aurkeztuko du.

San Frantzisko eskolako proiektuarekin lotuta, Arbola jaialdiko arduradunek zuhaitzak landatzeko egitura ibiltari batzuk sortu dituzte. «Egitura horien bidez, arbolak toki batetik bertzera mugi ditzakegu; aukera ematen digu Alde Zaharra baso bilakatzeko». Basoari so egitea da Arbola jaialdiaren helburua.

egitaraua

Maiatzak 21. La botánica de las calles y de las obras de arte hitzaldia. Eduardo Barba. 19:00etan, Katakraken. 
Maiatzak 29. San Frantzisko eskolako baso ibiltariaren inaugurazioa. 19:30ean.
Ekainak 5. Ibilaldia, Mikel Belaskorekin. 17:00etan, Antartikan.
Ekainak 11. Arbolatria, Arbola Fest inauguratzeko hitzaldia. Santiago Beruete. 19:00etan, Katakraken.
Ekainak 14. Amazonia 2040. Ancestros del futuro. Martha Hincapie Charry. 17:30ean eta 20:00etan, Kondestablearen jauregian.
Ekainak 14. Arbola topaketa: Monika Aranda, Eduardo Barba, Daniela Ruiz eta Elena Paez. 18:30ean, Kondestablearen jauregian.
Ekainak 15. Basoa. Teatro Firulete. 12:00etan, Kondestablearen jauregian.
Ekainak 15. La velocidad de la luz. Marco Canale. 17:00etan, San Frantzisko plazan.