Berako feministek pilota jaialdi mistoa eskatu dute, baina udalak ez du onartu

Berako feministek pilota jaialdi mistoa eskatu dute, baina udalak ez du onartu

Pilotak eztabaida sortu du Berako Udalaren —EH Bildu dago udal gobernuan— eta herriko Goldatz talde feministaren artean: feministek pilota jaialdi mistoa eskatu dute abuztuko bestetarako, baina udalak ez du onartu, eta bi jaialdi antolatu ditu: bat gizonezkoena, Aspe enpresarekin, eta bertzea andreena, Emakume Master Cupekin. Auzia ez da oraingoa; 2023tik ari dira Berako feministak hor eragin nahian; udalak, baina, ez ditu aintzat hartu haien proposamenak. «Kontua ez da bakarrik pilota; kontua da zer-nolako besta eredua eta jendartea nahi ditugun, zeri ematen diogun lehentasuna eta zer jartzen dugun erdigunean», erran du Goldatz taldeko kide Kattalin Ezkerra Sobrinok.

Goldatz taldeko kideek Berako eta eskualdeko bertze hainbat eragileren babesa jaso dute. Erran.eus hedabide digitalean eman dute gertatu denaren berri, uste baitute herritarrek inplikatu behar dutela auzian. «Feminismoa gizarte osoaren kontu bat da», zehaztu du Ezkerra Sobrinok. Berako Udalak bando bat zabalduz erantzun dio feministen eskaerari; bi jaialdi egiteko erabakia azaltzeko egin du bandoa, eta nabarmendu Bortzirietako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planaren markoan kokatzen duela konponbide hori.

Aitor Elexpuru alkateak azpimarratu du udalak Berako pilota eskolako arduradunen «eskutik» egin duela aurrera pilota jaialdiaren auzian. Aspek antolatu izan du bestetako pilota jaialdia hainbat urtez. Bi partida egin izan dituzte: lehena, bigarren mailako pilotariekin, eta bigarrena, lehen mailakoekin. Jaialdiaren egunean frontoiko ostatuan lortzen duen dirua da, hain zuzen, herriko pilota eskolaren diru iturri nagusia. «Gu prest ginen eskolako arduradunek erabakitzen zutenarekin aurrera egiteko; eskolako arduradunekin hitz egin eta gero erabaki dugu ohiko jaialdiari eustea», erantsi du Elexpuruk.

Ezkerra Sobrinok esplikatu du Goldatzek bilera egin nahi izan zuela udalarekin eta pilota eskolarekin, baina udalak erabaki zuela eskolako kideekin soilik biltzea, aurtengo bestetarako proposamena zehazteko. «Guk garbi erran genuen jaialdi mistoan ohikoan baino diru gutxiago lortuz gero alternatibak bilatu beharko zirela eskola laguntzeko; udalak, baina, bilera horretatik kanpo utzi gaitu».

«Gu prest ginen eskolako arduradunek erabakitzen zutenarekin aurrera egiteko; eskolako arduradunekin hitz egin eta gero erabaki dugu ohiko jaialdiari eustea»

AITOR ELEXPURU Berako alkatea

Ezkerra Sobrinok onartu du «gogorra» dela EH Bilduren udal taldeak bi jaialdiren alde egin izana, eta azpimarratu kontua dela frontoien gisako «esparru hagitz maskulinizatuetan» eragitea, emakumeen presentzia sustatzeko bestaren esparru guztietan. Arlo batzuetan egin dituzte urratsak; Beran, emakumeak hasi ziren Udaletxeko plazako dantzetan parte hartzen gizonekin batera, eta Lesakan eta Baztanen ere bai. Beran dantzari emakumeen presentziak ez du zalapartarik sortu; Lesakan eta Baztanen gehiago kostatu da, eta, Ezkerra Sobrinok azaldu duenez, pilota jaialdietan bezala, Baztanen bi mutil dantza egiten ahalegindu ziren emakumeen parte hartzearen kontra. «Gure eskualdean aski ezagunak ditugu gisako borrokak».

Gizarte parekidea dute helburu

Goldatz taldeko kideek 2023ko bestak antolatzeko batzarretan egin zuten lehendabizikoz jaialdi mistoaren alde. Udalak ez zuen aldatu nahi izan Aspek antolatzen ohi duen jaialdia, eta emakumeen arteko partida bat egiteko aukera babestu zuen. Hala egin zuten, eta iaz ere formula bera baliatu zuten: gizonezkoen bi partida, eta, ondotik, emakumeena. «Ez da batere egokia; emakumeen partida hasi orduko, anitzek alde egiten zuten. Udalak ere ikusi zuen emakumeen lana gutxiesten zuela eredu horrek», kontatu du Ezkerra Sobrinok. Bi jaialdi antolatzea izan da udalaren konponbidea. Goldatz taldeak ez du batere gustuko, eta jaialdi mistoaren alde egin du, «gizarte parekide bat eraikitzeko bidean». Mugimendu feministak garbi erran izan du egungo gizarte zisheteropatriarkalean gizon zuriek toki nabarmen bat dutela esparru publikoan, eta berdintasuna lortzeko bidean ezinbertzekoa dela pribilegiozko posizio horri uko egitea.