Herri bat ezagutu irainen bidez

Herri bat ezagutu irainen bidez

«Historialariok gero eta gehiago so egiten diogu herri xehearen egunerokoari». Iosu Barraganek bisita hasi baino lehen erran ditu hitzok; historialaria eta arkeologoa da Barragan, eta gidari lanak egiten ditu Nafarroako Artxibo Nagusian, Iruñean. Erakunde horrek Bertze garai bateko irainak izenburuko erakusketa antolatu du, eta abuztura bitarte egonen da ikusgai. Larunbatero, bisita gidatuak egiten dituzte; maiatzaren 10ekoa izan zen lehena, eta jende anitz erakarri zuen. «Jendeak badu jakin-mina bertze garai bateko herritarren bizimoduari buruz», erantsi du Barraganek. Bertze garai bateko irainek informazio anitz eman dezaketela nabarmendu du, eta eraikineko beheko solairura mugiarazi du jendea. Bisita hastear da.

Nafarroako Artxibo Nagusiko arduradunek eraikineko pareten artean gordetzen dituzten agiriak miatu dituzte erakusketa prestatzeko. «Herritarren arteko 9.000 auziri buruzko informazioa badugu», aipatu du Barraganek. Erakusketan XVI. eta XVII. mendeetakoak jaso dituzte, gaztelerazkoak eta euskarazkoak; zehazki, irainengatik, kalumniengatik eta arneguengatik egindako salaketek abiarazitakoak.

Auzi horien inguruko agiriekin osatu dute erakusketa. Kristalarekin babestutako mahaietan jarri dituzte, bisitariek zuzenean izan dezaten herritarren arteko auzien berri. «Nola abiatzen ziren auzi horiek?», galdetu du herritar batek, agiriei so, eta Barraganek erantzun dio gaur egun epaitegira jotzen dutela baina «garai hartan, iraina jasotzen zuenak alkatearen aurrean» egiten zuela salaketa.

Irainen inguruko erakusketako bisitari bat, agiriei so, maiatzaren 10ean, Nafarroako Artxibo Nagusian. NAFARROAKO HITZA

Emakumeek eta gizonek egindako salaketak jasota daude erakusketan, baina batzuei eta bertzeei lotutako irainak ezberdinak ziren. «Emakumeei, batez ere puta erraten zieten; gizonei, berriz, doilor edo traidore». Bisitarien artean, gehienak emakumeak dira, eta ez dira harritu historialariaren hitzak entzun dituztenean; egun ere puta hitza irain gisa erabiltzen da andreen kontra. «Erakusketaren bidez, hain zuzen, gogoeta piztu nahi dugu, hemen jasotako agiriek erakusten baitute gauzak ez direla hainbertze aldatu», nabarmendu du Barraganek.

Ohorea ezbaian

Emakumeen arteko liskarrak dira erakusketako agirietan jasotakoak, batez ere. Plazan, garbitzen edo erosketak egiten elkartzen ziren emakumeok, eta toki horietan sortzen ziren elkarren arteko eztabaidak. Puta, axeri, ardi zarra eta gisako irainak ziren gehien erabiltzen zituztenak, euskaraz; gizonei, berriz, adaburu edo gaisto andurra erraten zieten, bertzeak bertze.

Bertzelako irainak ere bilduak daude agirietan, eta esamolde batek, zehazki, barre eragin die bisitariei: «Mari patxaran podrido erabiltzen zuten», kontatu du gidariak. Hari ere kostatu egin zaio irribarreari eustea; dena dela, serio jartzen saiatu da, eta azaldu du, «gaur egun bezala», irainek eta kalumniek «min handia» egin zezaketela. «Herritarren ohorea jartzen zen ezbaian, eta hori ez zen nolanahiko kontu bat; eztabaidetan erraten zituzten irainok, baina etxeetako atarietan eta plazetan idatziz ere uzten zituzten, panfletoen eta libeloen bitartez». Barraganek egungo sare sozialekin alderatu du aspaldi gertatzen zen hori: «Lehen, panfletoak paretetan jartzen zituzten; gaur egun, sare sozialetan. Eta sareetan zailagoa da arrasto hori desagerraraztea».

XVI. eta XVII. mendeetako alkateen lana ere ez zen batere erraza, erakusketako gidariak aipatu duenez. «Ez zen erraza frogatzea batek bertzea iraindu zuela; lekukoak bilatzea izaten zen alkateen lehen zeregina, baina ez zen beti erraza». Zigorrei buruz, «gehienetan» ekonomikoak izaten zirela gaineratu du Barraganek: «Auziak eragindako gastuak ordainarazten zizkieten, bai eta isun bat ere». Zigorra bertzelakoa izan zitekeen arneguak tartean baldin baziren, «Elizak esku hartzen baitzuen». Halakoetan, auzia galtzen zuenari zigorkadak ematen zizkioten batzuetan; «erbestera ere kondenatzen ahal zituzten. Zigor gogorra zen».

«Erakusketaren bidez, gogoeta piztu nahi dugu, agiriek erakusten baitute gauzak ez direla hainbertze aldatu»

IOSU BARRAGAN Historialaria eta arkeologoa

Erlijioa, ezaugarri fisikoak, jatorria… Horiek erabiltzen zituzten XVI. eta XVII. mendeetan elkar iraintzeko. «Eta egun? Ez gara uste dugun bezainbertze aldatu!», berretsi du historialariak. Bisitariek hala dela onartu dute, eta Barragani erran diote izanen dutela zer hausnartu.

Bisita amaitu da, baina Nafarroako Artxibo Nagusiko beheko aldeko aretoa ez da hustu: Barraganen gidaritzapean sartu diren herritarrekin batera, artxiboak antolatutako bisitan parte hartu ez duten bertze herritar anitz sartu dira erakusketa ikustera. Erakusmahaietan gordetako agiriei behatzen gelditu dira; erabiltzen zituzten irainen bidez, bertze garai bateko Nafarroako herritarrak hobeki ezagutzen ahalegintzen.

Abuztuaren 16an eginen dute azken bisita gidatua, eta 17a izanen da Nafarroako Artxibo Nagusiko erakusketa ikusteko azken eguna. Jesus Mari Usunariz, Cristina Tabernero eta Javier Ruiz aritu dira komisario, eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak haiek ondutako katalogo zabal bat argitaratuko du laster, XVI. eta XVII. mendeetako herritarren historia zabaltzeko asmoz.