«Oso berezia izan zen. Isiltasun eta bakartze sentsazio hori, eta mendi horiek guztiak zure azpian ikustea izugarria da». Halaxe gogoratzen du Uxue Murolas alpinista iruindarrak Makaluko tontorrera iritsi zenekoa. Murolasek eta Ignacio Barriok maiatzaren 10ean lortu zuten gailurrera iristea, eta oxigeno botilaturik gabe eta xerpen laguntzarik gabe egin zuten ibilbidea. 8.485 metro ditu Makaluk, eta munduko mendirik altuenetan bosgarrena da.
Maiatzaren 29an prentsaurrekoa egin zuten Iruñean Murolasek eta Barriok, eta igoeraren nondik norako guztiak azaldu zituzten. Kontatu zutenez, Makalura igotzeko ohikoa den plana aldatzea erabaki zuten. Bestelako trekking bat egin zuten, luzeagoa eta gogorragoa. Mera Peak-eko trekkinga egin zuten: bide horretan askoz turista gutxiago ibiltzen da, eta basatiagoa da. Hortaz, Makalura igo aurretik, Mera Peakera igo ziren, ia 6.500 metrora. Horrez gain, 6.000 metrotik gora dauden mendi lepoetatik igaro behar izan zuten. Barriok adierazi zuen altuerara «girotzen» lagundu ziela horrek, behin Makalura iritsita dena «azkarragoa eta errazagoa» izan zedin.
Murolasek kontatu zuen nahiko nekatuta iritsi zirela kanpaleku nagusira, trekkinga uste baino gogorragoa izan zelako. Horregatik, lasaiago ibiltzeko, hiru egunez atseden hartzea erabaki zuten. Altuerako kanpalekuak muntatu zituzten, eta, girotzea amaituta, azken igoerari ekin zioten. Igoeraren egunean, 22:00ak aldera abiatu ziren, eta maiatzaren 10eko egunsentian 8.000 metroan zeuden dagoeneko. Hala ere, biek aitortu zuten dezente kostatu zitzaiela desnibeleko azken 400 metro horiek igotzea.
Eguraldia lagun
Hamabi orduz ibili eta gero heldu ziren tontorrera: «Oso polita izan zen», esan zuen Barriok. Murolasek ere poztasun handiz gogoratzen du une hura: «Eguraldi ikaragarria egin zuen, gainera. Beste zortzimilakoetan ez genuen halako eguraldirik izan».
Biak aurretik Manasluko (8.163) eta Lhotseko (8.516) gailurretara igoak ziren, eta Barriok Cho Oyu ere (8.188) egina zuen. Hirugarren zortzimilako horren ostean, Murolas da zortzimilako gehien igo duen nafar emakumea.
Ignacio Barrio aspalditik dabil mendian: zaletasuna oso gaztetatik datorkio. Murolasek, ordea, helduago ekin zion mendiak igotzeari. Txikitan kirola egitea maite zuen Murolasek, baina 30 graduko desbideratzea dauka bizkarrezurrean, eta horrek jarduera asko egitea galarazten zion. 36 urterekin hasi zen mendira joaten.
«Sei ordu kostatu zitzaigun azken kanpalekura jaistea, eta oso gogorra izan zen. Elurra oso sakona zen, eta eta bidea ireki behar izan genuen. Gainera, haize bolada handiak izan genituen»
UXUE MUROLAS Mendizalea
Argi utzi zuten gailurrera iristean oraindik asko geratzen dela arrakasta lortzeko. Jaitsiera da ibilaldiaren parterik arriskutsuena, beherakoan gertatzen baitira istripu gehienak. «Sei ordu kostatu zitzaigun azken kanpalekura jaistea, eta oso gogorra izan zen. Elurra oso lodia zen, eta arrastoa ireki behar izan genuen. Gainera, haize bolada handiak izan genituen», adierazi zuen Murolasek.
Eguraldia lagun izan zutela aipatu zuten; hala ere, altuera horietan, tenperatura ez da kontu xumea: -28 graduren azpitik egin zuten ibilaldia. Barriok esan zuen tenperatura hori ez dela arazo, jantziak baldintza horietarako prestatuta daudelako. Haizea dabilenean, ordea, -40 graduko sentsazio termikoa izan dezakete, eta orduan bai, sufritzen dute.
Uxue Murolas eta Ignacio Barrio, Makaluko igoeran, maiatzean. HITZA
Oxigenorik gabe joateak beste zailtasun bat eransten dio igoerari, baina mendizaleek esan zuten ez dutela alpinismoa beste modu batera planteatzen. Murolasen ustean, oxigeno botilatua erabiltzen duenak ez du zortzimilako bat igotzen; «tontorrera irits daiteke, baina ez daki benetan zer esfortzu eskatzen duen».
Motxilen zama
Xerpen erabilerari dagokionez iritzi bera dauka Murolasek. Uste du beste pertsona batek pisua eramateak ahalegin handia kentzen duela: «Oso gogorra da zure motxilarekin igotzea; edozein menditara igotzerakoan nabaritzen da hori, baina zortzimilako batean, are gehiago».
Elikaduraren inguruan ere mintzatu ziren; izan ere, oso garrantzitsua da gorputza behar bezala prestatzea, esfortzu handiko ariketa egiten baitute. Esan zuten eurek ez dutela janari liofilizaturik eramaten: «Fruitu lehorrak, zopak, kuskusa, purea, gazta…; halako elikagaiak eraman ditugu. Niri benetako janaria jatea gustatzen zait», adierazi zuen Murolasek.
Miguel Indurain fundazioaren laguntzarekin egin du bidaia bikote iruindarrak. Orain dela urte batzuk, hiru urtean hiru zortzimilakotara igotzeko erronka jarri zioten beren buruari, eta fundazioari asko gustatu zitzaion proiektua. Traba bakarra zen Murolas eta Barrio ez direla lehian aritzen, lehiaketaren marko horretatik kanpo geratzen direla. Fundazioak hori probestu zuen kirolariak laguntzeko bide berri bat sortzeko; hain zuzen, lehiaketaren esparrutik kanpo dauden kirolariak laguntzeko.
Bikotea etorkizunerako erronketan pentsatzen ari da dagoeneko. «Zortzimilako bat igo berri duzunean, hurrengoan pentsatzen hasten zara», aitortu zuen Murolasek. Erronketako bat Kanchenjunga tontorrera iristea da. Hiru urtean hiru zortzimilako igotzeko erronkaren barruan, iaz Kanchenjungara igotzen ahalegindu ziren, baina buelta eman behar izan zuten gailurretik 200 metrora. Ziurtatu dute itzuliko direla, datorren urtean edo bi urte barru, tontorrera heltzeko asmoz.