«Harribitxi bat da». Horixe nabarmendu du Nafarroako Filmotekako programazioko arduradun Alberto Cañadak, Cinema Acedo. Historia y magia de un cine rural dokumentalean, areto horri buruz. Sandra Urrak (Lizarra, 1996) eta Iker Oizek (Iruñea, 1986) zuzendu dute lana, Acedoko Estemblo kultur elkarteak sustatuta. Herrian denak bat datoz Cañadarekin: garbi dute herriko zinema harribitxi bat dela. 1960. urtean ireki, eta 1978an itxi zuten. Bere horretan eutsi diote, eta ireki zutenean bezala, herritarrentzako topagune da orain ere.
130 biztanleko herri txiki bat da Acedo. Udan populazioak gora egiten du, herriko kanpina turistaz betetzen baita. Herritarrek uztailerako espero dituzte gehienak, eta, bitartean, herriko giro lasaiaz gozatzeko duten aukera aprobetxatzen dute. Harrizko etxeen artean, bada denek ongi ezagutzen duten bat: zinema. Eraikineko fatxadan Kultur zentroa irakur daiteke, gaztelaniaz; barrura sartuta, iraganak harrapatzen du bisitaria. Denbora luzez itxita egon diren tokien berezko usaina du, eta duela hamarkada batzuetako estetika: egurrezko aulkiak, argimutilen itxura duten lanparak paretetan, eta erretzea debekatuta dagoela ohartarazten duten kartelak, hormetan zintzilikatuta. Proiektoreak bere tokian segitzen du, eta teknikari batek aspaldi jarritako filma ageri da bobinetako batean. Zinemako sarrera zahar baten puska bat agertu da txoko batean. Gelan bada pantailari behatzeko leihatila txiki bat. Handik, hamaika film ikusiak dira Marina Gaston eta Victor Alvarez de Eulate. Haurtzarora itzuli ditu zinemako giroak.
«Elizak ehun zinema baino gehiago ireki zituen Nafarroan, kontrolatzeko herritarrek zer ikusten zuten»
SANDRA URRA ‘Cinema Acedo’ lanaren egilea
«Gure aitak filmak jartzen zituen; harekin etortzen ginen hiru anai-arrebok. Oroitzapen zoragarriak ditut. Leihatilatik ikusten nituen pelikulak anitzetan», kontatu du Marina Gastonek (Acedo, 1967). Victor Alvarez de Eulatek ere (Acedo, 1960) aita laguntzen zuen zinemara. «Gure aita zinemako idazkaria zen; botatzen zituzten film guztien erregistroa egiten zuen», erran du. Jose Luis Alvarez de Eulate zen Victorren aita; hura Honorio anaiarekin aritu zen Acedoko zinemako besaulkiak egiten. «Egurrezkoak dira, eta hagitz sendoak», kontatu du Victor Alvarez de Eulatek, aulki horietako batean eserita. Acedoko Kontzejuak zineman hainbat lan egiteko asmoa du; diru laguntza eskatu dute egurrezko zorua moldatzeko. «Besaulkiak ez dituzte ukituko, zinemaren arima aulkiotan baita», nabarmendu du Alvarez de Eulatek.
Acedoko zinema, proiektorearen gelako leihatilatik egindako argazki batean, ekainaren 23an. IÑIGO URIZ / FOKU
Besaulkiek iraganera eramaten dute bisitaria, eta han eserita irudika ditzake herritarrak, aretoaren urrezko garaiko igande arratsaldeetako giroan murgilduta: Bud Spencer eta Terence Hillen abenturak pantailan, pipiten azalak lurrean eta ahapekako solasaldiak aretoaren iluntasunean. «Zinemak gure iraganarekin lotzen gaitu, baina etorkizunerako altxor bat ere bada: kulturaren bidez bat egiteko toki bat da herriarentzat. Hori behar dugu, kultura eta pentsamendu kritikoa lantzeko», azpimarratu du Estemblo elkarteko kide Asun Fernandezek (Acedo, 1951).
Zentsura motak
Cinema Acedo dokumentalaren bidez, Estemblo elkarteko kideek iragana eta etorkizuna lotu nahi izan dituzte, eta, gainera, balioa eman zinemari eusteko lanean aritu diren herritarrei. Acedoko antzerki taldeak «funtsezko» rol bat bete duela azaldu dute Sandra Urra eta Iker Oiz filmaren egileek, eta erantsi dute antzerkigintzaren esparruan herriko emakumeak aritu direla batez ere. Estemblo elkarteak Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioaren diru laguntza jaso du dokumentala egiteko, eta lanaren bidez, Acedoko emakumeek zinemarekin, antzerkiarekin, eta, oro har, kulturarekin duten lotura estua nabarmendu nahi izan du.
Aretoa Acedoko Kontzejuarena da egun, baina Elizak jarri zuen martxan zinema, 1960an. «Garai hartan, Elizak gisa bereko ehun areto baino gehiago ireki zituen Nafarroan. Zinema sortu zenean, Elizak kontrolatu nahi izan zuen herritarrek zer ikusten zuten», esplikatu du Urrak. Aretoetan erakutsi baino lehen, zentsura frankistaren eskuetatik pasatzen ziren filmak. «Ez hori bakarrik: herriko apaizak ere ikusten zituen bota baino lehen, eta gustuko ez zituen irudiak kentzeko agintzen zuen».
«Gurea herri txiki bat da, baina hagitz bizia. Haur guztiak pasatu dira zinemako oholtzatik, eta helduak ere bai»
MARINA GASTON Acedoko herritarra
Hala eta guztiz ere, «ilusioz» egoten ziren herritarrak igandeko sesioa noiz hasi zain. Gainera, zinema etxeko paretez haragoko errealitatea ezagutzeko tresna bat izan zen herriko emakumeentzat: elkartzeko toki bat. Ez bakarrik zinema; antzerkia ere bai: Asun Fernandezen amona Benjamina Chascok sortu zuen Acedoko antzerki taldea, duela 75 urte. Geroztik, bertze hainbat emakumek zuzendu dute konpainia, eta emakumeak aritu dira, nagusiki, aktore lanetan. «Hasieran, nekazarien biltegiak erabiltzen zituzten entseguak eta emanaldiak egiteko», aipatu du Iker Oizek. Zinema martxan jarri zutenean, behar zuten tokia aurkitu zuten antzerki taldeko kideek, eta zinema itxi zutenetik, haiek izan dira, batik bat, eraikinari eusteko lan egin dutenak. Gainera, urtero, herritarrek kultur aste bat antolatzen dute aretoan, Eguberrietan; antzerki taldeko kideekin batera, herriko haur eta helduak igotzen dira oholtza gainera, eta zinema sortu zuteneko urrezko garai hartan bezala, aretoa biziberritu egiten dute.
Komunitatea sendotu
Dokumentala egin bitartean, zinema eta antzerkia lantzeko hainbat tailer egin dituzte Acedon, eta, haien bidez, Urrak eta Oizek herritarrak aktore bilakatu dituzte, berriz ere, herriko zinemako emanaldien giroa oroitzeko. Biek nabarmendu dute dokumentalaren bidez deskubritu dutela Acedoko zinemak izan zuen indarra. Antzerki taldeak egindako lana ere «oso garrantzitsua» izan dela erantsi dute dokumentalaren egileek: «Zinemari eutsi diote, antzerki taldeko kideek egindako lanari esker, batez ere», nabarmendu du Urrak.
«Gurea herri txiki bat da, baina hagitz bizia. Herriko haur guztiak pasatu dira zinemako oholtzatik, eta helduak ere bai». Horixe azpimarratu du Marina Gastonek, harro. 1960an zinema ireki zutenean, 343 biztanle ziren Acedon, gaur baino berrehun pasa gehiago; 1970ean, 257. 1967an, hain zuzen, Lizarrarekin, Gasteizekin eta inguruko bertze hainbat herrirekin lotzen zuen trena galdu zuen Acedok. Lizarra eta Gasteiz arteko trenak geltoki bat zuen bertan. Hura galdu eta gero, herritar anitzek hirirako bidea hartu zuten, eta herria husten hasi zen.
Marina Gaston, Acedoko zinemako proiektorearen gelako leihatilatik begira, ‘Cinema Acedo’ dokumentalaren fotograma batean. CINEMA ACEDO
Komunitatea sendotzea da herrien husteari aurre egiteko modu bat, Asun Fernandezen ustez, eta hori egin nahi dute zinemaren bidez. «Inportantea da aretoari eustea, kultura lantzen jarraitzeko eta biltzeko toki bat izateko». Dokumentalaren bidez, hain justu, zinemak herritarren arteko sarea ehuntzeko betetzen duen rola nabarmendu nahi izan dute egileek: «Zinema beti izan da elkartzeko toki bat, eta horrek balio handia duela azpimarratu nahi izan dugu dokumentalaren bidez», erran du Oizek.
1978an itxi eta gero, zinema hutsik egon zen hainbat urtez, Estemblo elkarteko kideek Acedoko harribitxiak berriz ere dir-dir egin behar zuela erabaki zuten arte. 1989an hasi ziren eraikina konpontzen, Nafarroako Gobernuak eta Acedoko Kontzejuak emandako laguntzari esker. «Elkarteak milioi bat pezeta zituen orduan, eta dena erabili genuen zinema konpontzeko. Batzuek saldu nahi zuten, etxebizitzak egiteko. Guk garbi erran genuen ez genuela horrelakorik onartuko», zehaztu du Asun Fernandezek. Teilatua moldatu zuten, eta aretoko sabaia ere bai. Gainerakoa zegoen bezala utzi zuten, eta, ondorioz, zinemak ez zuen ireki zuteneko arima galdu. 1960ko hamarkadan gelditu da Acedoko zinema, eta, orduan bezala, leiho bat eskaintzen die herritarrei mundura eta iraganera. Elkartzeko toki bat da, oraindik ere: harribitxi bat herria eta kultura errotzeko.