«Ibaiak berea zena hartu ahal izanen du berriz». Horixe nabarmendu zuen Burlatako Udaleko arkitekto Gabriel Rosek, herriko hautetsiek Intxaustia2025 proiektuko obretara egindako bisitan, irailaren 12an. Maiatzean hasi, eta azarorako amaituko dituzte lanak, Mariezkurrena etxeko Rafael del Hayaren hitzetan. Intxaustia parkean ari dira lanean; Arga ibaiaren ondoko lurrezko babesa bota eta atzerago berreraiki dute, uholdeak daudenean urak eman dioten toki hori har dezan: denera, 30.000 metro koadro.
«Proiektu estrategiko bat da Burlatako Udalarentzat; oso garrantzitsua», azpimarratu du Burlatako alkate Berta Arizkunek (EH Bildu), obren parean. Egitasmoak eztabaida ere piztu du, obrak egiten hasteko herriko gaztetxea eraitsi behar baitzuten. Burlatako Gazte Asanbladak hamaika protesta egin zituen lanak hasi baino lehen, eta apirilean, azkenean, akordioa egin zuen udalarekin, gaztetxearentzat egoitza berri bat lortzeko.
Udalak beti defendatu du Intxaustia2025 proiektua «beharrezkoa» dela uholdeei aurre egiteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Krean etxeko arduradunek diseinatu dute, eta, obretara egindako bisitan azaldu dutenez, lurrezko babes berria egin duten tokian ibaiak ez du gainezka eginen. Zehaztu dute, halere, Arga ibaiaren gune jakin batean egindako obra jakin batek ezin izanen diola «arazo osoari» aurre egin, eta ibaiaren bide osoan antzeko neurriak hartu beharra dagoela, bide hori lehengoratzeko.
Europako funtsak
Burlatako Intxaustiko lurrezko lehen babesa 1980ko hamarkadan jarri zuten; gero, 2000ko urteetan, Iruñerriko Mankomunitateak sustatutako Arga ibaiaren ondoko parkeko lanen barruan, bertze babes bat eraiki zuten, lehenengoaren atzean. Orain, Mariezkurrenako langileek bi babes horietan pilatutako materiala aprobetxatu dute babes berria eraikitzeko.
Mariezkurrena etxeko langile batzuk, Burlatako Intxaustia2025 proiektuko obretan, irailaren 12an. NAFARROAKO HITZA
Babesarekin batera, ibai parkeko bidea ere moldatzen ari dira langileak. Burlatatik bi sarbide izanen ditu. Intxaustian, berriz, bidexka bat zehaztuko dute Argaren ertzean, nahi duenak paseatzeko erabil dezan. Lan nagusiak bukatuta, ingurua zuhaitzez eta zuhaixkaz betetzeko fasea hasiko dute. Uholdeak daudenean, Intxaustiko parkea ur azpian geldituko da. Ibaiak berea zen eremu handi bat hartu ahal izanen du, eta, ondorioz, abiadura mantsotu, uholdeak izanez gero kalteak ahal bezainbertze murrizteko asmoz. 2021. urteko abenduan izandako uholdeek ezustean harrapatu zituzten herriko agintariak eta bizilagunak, eta kalte material handiak eragin zituen karriketan: lau milioi euro ingurukoak. Ura herriguneraino iritsi zen.
Intxaustia2025 proiektuko obrek ia milioi bat euroren aurrekontua dute, baina Burlatako Udalak %10 inguru baino ez du ordaindu behar izan, Europako funtsen laguntza jaso baitu. Lurrezko babesa eraikitzeko lanak, zehazki, Burlatako Aretako zubiaren eta herriko zubi zaharraren artean egiten ari dira; babesa 600 metro luze izanen da, eta haren gainetik joanen da Argaren ondoko parkearen bidea; bi arrapala egin dituzte bidera sartzeko; haietako bat gaztetxea lehen zegoen tokian egin dute, hain zuzen. Proiektua diseinatu duen Krean etxeko Juan Carlos Ovallek azaldu du gaztetxea bota behar izan dutela arrapala legeak zehaztutako mugen barruan egon zedin, aldapa ezin baita %6 baino handiagoa izan.
Burlatako alkateak garbi du herriko Intxaustian egindako lanak ez direla nahikoa uholdeei aurre egiteko. Berretsi du, ordea, proiektua «beharrezkoa» dela. Udaletxeko bertze hainbat hautetsik lagundu zuten Arizkun, irailaren 12an obretara egindako bisitan.
Iongrafen egoitza botako dute Atarrabian?
Atarrabian, Burlatan bezala, hainbat neurri hartu nahi dituzte, uholdeak gertatuz gero herriko Arga eta Ultzama ibaiek eragin dezaketen kaltea murrizteko asmoz. Batetik, Atarrabiako Udalak ibai ondoko Iongraf fabrikaren egoitza zaharra botako du. Lan hori egiteko lizitazioa onartu berri du udalak, 421.000 euro inguruan.
Bertzetik, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez, Ultzama ibaiaren gaineko San Andres zubia berrituko dute; orain dagoena eraitsi, eta berri bat eginen dute, uholde garaian herria babesteko asmoz. Martxan da obrak hasteko prozesua.