Mikelarenak 36ko estatu kolpeko irabazleen ideologia identitarioa aztertu du bere azken liburuan

Mikelarenak 36ko estatu kolpeko irabazleen ideologia identitarioa aztertu du bere azken liburuan

Fernando Mikelarenak (Bera, 1962) Editargi Nafarroako Editoreen Elkartearen Iruñeko azokan aurkeztu du, urriaren 2an, Pamielarekin argitaratu berri duen azken liburua: Ideologia identitaria de los vencedores. Eladio Esparza, Diario de Navarra y el navarrismo foralcatólico (Irabazleen ideologia identitarioa. Eladio Eparza, Diario de Navarra eta nabarrismo foral-katolikoa). Historialariak, zehazki, Eladio Esparzaren bidea jorratu du, hura baitu nabarrismo foral-katolikoaren teorialari nagusitzat. Esparza Diario de Navarra egunkariko zutabegilea izan zen —1910etik 1923ra, eta 1929tik 1930era—, bai eta zuzendariordea ere, 1930etik 1952ra. «Diario de Navarra eskuin guztien bidegurutzea izan zen, eta Esparzak, hedabide horren bidez, lan egin zuen eskuin horiek guztiek bat egin zezaten Espainiako Errepublikaren kontra, eta errepublikazaleen kontrako azpijokoen alde», nabarmendu du Mikelarenak.

Pamielako David Mariezkurrenak Mikelarenaren lanerako gaitasuna azpimarratu du, bertze deus baino lehen, historialariaren azken lanaren aurkezpenean, anitz baitira 36ko gerraren inguruan idatzi dituen lanak. Mariezkurrenak erran du memoria historikoaren esparruan Mikelarena «eredu» dela, eta biktimei buruz hitz egiteaz gain, errepresioaren erantzuleak, laguntzaileak eta gauzatzaileak ere seinalatu egin dituela, izen-abizenez.

Horixe egin zuen, hain zuzen, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores lanaren bidez. Duela hamar urte kaleratu zuen Mikelarenak, hura ere Pamiela etxearekin. Haren ondotik idatzi zituen Muertes oscuras (Pamiela, 2017) eta La (des)memoria de los vencedores. Jaime del Burgo, Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz (Pamiela, 2019), azken hori 36ko estatu kolpearen ondoko «ahanztura» salatzeko. Orain, kolpe hura irabazi zutenen ideologia identitarioa aztertu du, Eladio Esparza sustatzaile nagusi izan zuen nabarrismo foral-katolikoa, alegia. «Frankismoko nazionalkatolizismoaren Nafarroako aldaera izan zen ideologia hori», zehaztu du Mikelarenak.

‘Euzkadi’-ko zutabegile

Eladio Esparza Lesakan jaio zen, 1889. urtean. «Euskalduna zen», oroitu du Mikelarenak, baina erantsi euskaraz hagitz testu gutxi idatzi zituela, eta, gehienbat, gaztelaniaz aritu zela. Iruñeko Seminarioan aritu zen hainbat urtez; zentroan eman zuen azken ikasturtean hasi zen, hain justu, Diario de Navarra egunkarian zutabeak idazten, 1910. urtean. Lehen etapa hartan, 1923ra bitarte aritu zen artikuluak idazten; bigarren bat izan zuen gero, 1929tik 1930era. 1930etik aurrera, berriz, Diario de Navarra-ko zuzendariorde aritu zen, 1952ra arte. Esparzak lagun zuen egunkari horretako zuzendari Raimundo Garcia Garcilaso.

«Zaila zait sinestea Iruñeko agintariek uste izatea eraikin horren esanahia eraldatzeko gai izanen direla»

FERNANDO MIKELARENA Idazlea eta historialaria

Elementu batek bi lagunen bideak bereizten ditu, halere, Mikelarenak azaldu bezala: «1915etik 1929ra, jeltzaleengana hurbildu zuen fase bat izan zuen Esparzak: Euzkadi argitalpeneko zutabegile aritu zen, eta 1925etik 1929ra, La voz de Navarra egunkariko lehen zuzendaria izan zen». Esparru hori, baina, atzean utzi zuen Esparzak, eta nabarrismoarekin eta nazionalismo espainiarrarekin bat egin zuen. Historialariak erantsi du, gainera, euskarak izan zezakeen «indar identitarioa desaktibatzen» ahalegindu zela Esparza.

Mikelarenak garbi erran du irabazleen ideologia identitarioa osatzerakoan Eladio Esparzak eta Diario de Navarra-k rol «hagitz garrantzitsua» izan zutela, eta gehitu du 1936tik 1940ra Esparzak Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zirenen «jarduera errepresiboarekin bat» egin zuela, guztiz. 1936ra bitarteko nabarrismoarekin alderatu du Mikelarenak urte hartako gerraren ondotik garatu zutena, eta esplikatu du aurretik zegoen nabarrismo horrek «bertze hainbat elementu» hartu zituela: bertzeak bertze, erlijioarekin lotutako balioak. 

Bide horretan, Mikelarenak aipatu du Esparzak bultzatu zituela erlijioarekin lotutako hainbat kontu: «Uztailaren 25eko meza, edo abuztuaren 23ko prozesioa, adibidez. 36ko gerran frankisten artean hildakoen aldeko nolabaiteko gurtza sustatu zuen». Joera horren emaitza da Iruñeko Erorien Monumentua, Mikelarenaren hitzetan: «Zaila zait sinestea Iruñeko Udaleko agintariek benetan uste izatea eraikin horren esanahia eraldatzeko gai izanen direla. Irabazleen nabarrismo foral-katolikoaren ikur bat izan zen 1940ko hamarkadan, baina ez bakarrik orduan», salatu du. Gehitu du 36ko gerraren ondoko Nafarroa «kolpista, frankista eta foral-katolikoa» izan zela, eta nabarrismo foral-katoliko hori «barruan sartua» zutela, «arlo guztietan»: «Nire ustez, horrek guztiak utzi duen arrastoa gutxiestea akats bat bertzerik ez da».

Mikelarenak onartu du argitaratu berri duen liburua tarteka «hagitz mamitsua» dela, baina helburu izan duela, betiere, orain arte artxiboetan gordeta egon direnak zabaltzea. Esplikatu du bere hurrengo lanetarako ikerketak abiatu dituela jada, eta tokiko boterea aztertzen saiatuko dela lan horietan.