Eremu ez-formalean euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko asmoa dute Berriozarko Udalak eta herriko kiroldegiak eta kirol klubek. Horregatik, Aurrera Beti! Euskara Kirolean izenburuko programa sortu dute. 2023tik 2024ra Berriozarko Udalak egindako ikerketa baten arabera, kirol klubetako eta kiroldegiko erabiltzaileen %80 kirolean euskara sustatzearen alde daude. Horrez gain, urtez urte euskararen erabilera eta jakintza handitu direla ondorioztatu dute. Izan ere, 1996an, ia %10 ziren euskaldunak, eta 2021ean, ia %15. 30 urte baino gutxiago dituzten gazteen kasuan, 1996an %12 ziren euskaldun, eta orain, %29. «Horrek esan nahi du euskaldunak egon badaudela, eta Berriozarren, zehazki, kiroldegian euskaraz aritu nahi duten gazteak badaudela», esan du Saioa Izura Azanzak, Berriozarko Udaleko Euskara zinegotziak.
Gogoa eta euskaldunak egon arren, gabeziak daude kirol jardueren eskaintzan, Izuraren arabera; batez ere helduen jarduerei dagokienez, hain zuzen. Horregatik, kiroldegiarekin eta herriko hamazazpi klubekin batera, Berriozarren euskara biziberritzeko urratsak egiten ari dira: «Kirola balioak transmititzeko, komunitatea sortzeko eta harremanak estutzeko tresna bat dela uste dugu. Horregatik, gure hizkuntza eremu ez-formalean erabili eta sustatu nahi dugu».
Bi lan ildo markatu dituzte; alde batetik, kiroldegiko eskaintza eta egoera aztertu dute, eta, bestetik, klubena. Kiroldegiari dagokionez, ondorioztatu dute helduentzako jardueretan «hutsune handia» dagoela: «Helduentzako jarduera bakarra zegoen euskaraz, baina erdaldunduz joan zen, erdaldunak sartzen zirelako. Beraz, hasieran soilik euskaraz zen, gero elebidun bilakatu zuten, eta, azkenik, gaztelaniaz egiten zuten», azaldu du zinegotziak. Horrekin batera, Izurak erantsi du kiroldegian ez dagoela langile euskaldunak identifikatzeko inolako elementurik.
Berriozarko Udalak euskara kirolean sustatzeko prestatu duen Aurrera Beti programaren aurkezpena, urriaren 2an, Berriozarko frontoian. IÑIGO URIZ / FOKU
Behar horiei erantzuteko, kiroldegian, entrenamendu funtzionala lantzeko euskarazko jarduera bat sortu dute aurten. Urri hasieran egin dute programaren aurkezpena, eta Berriozarko bizilagunek jarduera berria probatzeko entrenamendu irekian parte hartzeko aukera izan dute. Momentuz, hogei lagunek eman dute izena, eta astean bitan arituko dira. Udalak ez du taldea handitzeko aukera baztertu; eskaeraren arabera erabakiko dutela jakinarazi dute. Ez da horrelako zerbait egiten duten lehen aldia, baina Izurak kontatu duenez, formatua aldatu dute: «Lehen, mundu guztiak jarduera guztietan ematen zuen izena, baina orain, euskaraz izanen dela bermatzeko, soilik euskaldunek eman dezakete izena euskarazko jardueran».
Klubetako estrategia
Herriko kluben kasuan, jende euskalduna egon arren, zenbait oztopo identifikatu dituzte udaletik. Adibidez, ez dagoela euskaldunak identifikatzeko inolako elementurik edo sistemarik; euskara ez dela «inoiz» taldeak osatzeko irizpide bat, eta adina, ordua eta beste lehenesten dituztela; gainera, nabarmendu dute irakasle euskaldunak aurkitzeko zailtasunak dituztela, eta zenbait kezka eta beldur ere bai: «Batzuek uste dute euskaldunak sartzean agian lehiakortasuna apalduko dela edo ez dela onenen talde bat sortuko, hizkuntzaren arabera banatuko dituztelako eta ez, ordea, mailaren arabera. Horrekin batera, jendeak zer esan dezakeen kezka ere dagoela uste dut», aitortu du Izurak.
Kirol klubetako euskarazko eskaintza indartzeko eta zer behar dituzten identifikatzeko, Kirolean Aholkulab izeneko kooperatiba banakako bilerak egiten ari da klubekin. Kirolaren bidez eraldaketa soziala bilatzea helburu duen kooperatiba bat da. Horretarako, kirol esparruko arlo desberdinetan aholkularitza eta formakuntza euskaraz eskaintzen dute. Esate baterako, kirol kudeaketaren eta euskararen erabileraren inguruko aholkularitza eta kirol psikologia zerbitzua eskaintzen dituzte.
«Helduentzako jarduera bakarra zegoen euskaraz, baina erdaldunduz joan zen, erdaldunak sartzen zirelako»
SAIOA IZURA Berriozarko Udaleko Euskara zinegotzia
Berriozarko Udalak kooperatibaren esku utzi ditu klubekin egin beharreko lanak. Irailean hasi ziren bilerekin, eta urria amaitu arte eginen dituzte, baina urte osoko jarraipena egin nahi dute. Asmoa da klubeko ordezkariekin eta kirolariekin adostea gauzak, eta ez izatea gainkarga bat. «Saiatuko gara haiei baliabideak ematen; adibidez, izena emateko orriak ele bitan jartzen edo taldeen eraketan laguntzen», esan du Izurak.
Azkenik, nabarmendu du poliki-poliki, kirolaren bidez, euskara biziberritzeko urratsak egiten jarraitu nahi dutela. Era berean, programaren izenaren bidez, duela hogei urtetik ona Berriozarko futbol taldeak partiden hasieran erabiltzen duen «Aurrera beti, beti aurrera, gora Berriozar!» oihuari keinu bat egin nahi izan diote. Modu horretan, euskara kirolean txertatzeko egindako ahalegina aitortu nahi dute.