Berotasunez agurtu dute elkar; asteburuan egindakoaz galdetu diote elkarri, eta irakaslea arbelaren aurrean jarri denean, nor bere aulkian eseri da. Eskola hasteko prest dira. Jubilatuak dira denak: irakaslea eta ikasleak. Sasoia pentsiodunen elkarteak antolatutako euskara eskolan ari dira, bertze dozenaka lagunekin batera.
Sasoiak Iruñeko Plazara zentroan eta Kondestablearen jauregian antolatu du bere eskola. Hamahiru irakasle inguru ari dira egun, 230 jubilatu ingururi euskara irakasten, hamabost bat taldetan. Proiektua, halere, ez da oraingoa: Sasoiako kideak 2009. urtean hasi ziren jubilatuentzat euskara eskolak eskaintzen, hizkuntzari bultzada bat emateko asmoz. «Hasieran, ahal genuen moduan aritzen ginen, gela eta irakasle pare batekin», kontatu du Sasoiako kide Xabier Mangadok. Kondestablearen jauregian toki bat lortu zuten gero, eta orain Plazara zentroan ere badaude.
Maria Luisa Mangado, Sasoia elkarteak antolatutako euskara eskolako irakaslea, ikasleei eskolak ematen, urriaren 27an, Iruñean. IÑIGO URIZ /FOKU
Hizkuntzaren aldeko konpromisoa hartu dute euskara eskolako ikasleek eta irakasleek. Irakasleetako bat da Maria Luisa Mangado. Nafarroa Baiko parlamentari izandakoak ederki daki ikasleen aurrean jartzea zer den, irakasle aritu baita urtez luzez, Haur eta Lehen Hezkuntzan. Helduekin «gustura» dagoela erran du: «Haurrekin gehiago nekatzen nintzen!».
Mangadok garbi du ikasleen gogoa dela eskoletako giro beroaren eta bereziaren oinarri. «Euskaraz ikasi nahi dutelako daude hemen». Horixe berretsi dute ikasleek. Urriaren 8an hasi zuten oraingo ikasturtea, eta hirugarrena dute Mangadorekin. Denak ez dira hutsetik hasi; batzuek aspaldi egin zituzten euskara ikasteko lehen urratsak, baina bide hori bazter utzi zuten, eta orain lortu dute hizkuntza ikasteko behar zuten denbora.
Hizkuntza «zaila»
Mangadoren gelan 23 ikaslek eman dute izena. Astelehenetan eta asteazkenetan hartzen dituzte eskolak. «Urrian hasi, eta talde batzuek maiatzean bukatzen dute ikasturtea, baina gu ekainera arte egoten gara», azaldu du Mangadok, gelakideen arteko giro onaren seinale. Plazara zentroan hartzen dituzte eskolak, baina tarteka handik kanpo ere bat egiten dute. «Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Parlamentuaren egoitzak ezagutzeko bisitak egin ditugu, adibidez», kontatu du irakasleak. «Bazkariren bat ere egin dugu», gehitu dute ikasleek.
Mangadok irakurketa batekin hasten ohi ditu astelehenetako eskolak. Asteko luzeenak dira, irakurtzen ordu erdi bat eman eta gero, ikasleek bertze ordu eta erdiz jarraitzen baitute lanean. Kike Diez de Ultzurrunen Iruñea leitzen ari dira orain.
Sasoia elkarteak antolatutako euskara eskolako ikasle bat, urriaren 27an, Iruñeko Plazara zentroan. IÑIGO URIZ / FOKU
Irakurtzea ez da arazo, baina Mangadoren ikasle gehienek nabarmendu dute euskara «zaila» dela. «Zailena, aditzak», zehaztu du Ascen Legarreak. Irakasleari begiratu dio, hori erran bezain pronto. «Zuk ez duzu arazorik!», erantzun dio Mangadok. Belarriprest badela gehitu du Legarreak, eta ahobizi izateko ari dela prestatzen Mangadorekin. Presarik ez du, «poliki-poliki» egin nahi du aurrera, bidea gozatuz.
Lagarreak Blanca Antoñana du ikaskide. Hark garbi du zertarako ikasi nahi duen euskaraz: «Lau biloba ditut, eta haiekin aritzeko ikasi nahi dut euskaraz», azpimarratu du. Mantso eta zuzen mintzatzen da Antoñana euskaraz, baina bertze ikaskide gehienek bezala, euskara ikastea lan gogorra dela berretsi du. Euskara maite duela gehitu du, dena den, eta segituko duela lanean.
Ikasi, kantuen bidez
Gelan sartu denetik, Mangadok ez dio irribarre egiteari utzi; irribarrez entzun ditu ikasleen azalpenak, eta irribarrea poz bilakatu zaio ikasleok «andereñorik onena» dela erran diotenean. «Umorea badu!», aipatu du batek, eta Mangadok berak gehitu du «saltsero hutsa» dela erraten diotela ikasleek.
Giro ederra dute gelan, baina Mangadok azaldu du, halere, ikasleak «lotsatu» egiten direla euskaraz egin behar dutenean. Ikasleek berretsi dute hala dela, kosta egiten zaiela, anitzetan, hitzak dantzan jartzea. Gogoz dira, ikasi nahi dute, baina beti ez dira nahi bezain eroso sentitzen. Lotsa bazter uzteko, musika erabiltzen ohi dute. «Eskola orotan aritzen gara kantuan; abestien bidez errazago sartzen zaizkigu hitzak buruan!», erran du irakasleak. Kanten hitzak erabiltzen ditu, gramatikari buruzko kontuak lantzeko.
«Urrian hasi, eta talde batzuek maiatzean bukatzen dute ikasturtea, baina gu ekainera arte egoten gara»
MARIA LUIS MANGADO Sasoia elkarteko euskara irakaslea
Lourdes Zigandarentzat, hain zuzen, zaila izaten ari da euskaraz ikasteko prozesua. Kontatu duenez, gaztetan ez zuen ikasi, baina seme-alabak euskaldunak ditu, eta haiekin euskaraz egin nahiko luke. Erretiroa hartzeko ordua aprobetxatu du lanean hasteko eta euskararen munduan murgiltzeko.
Charo Cremaes, berriz, duela hainbat urte hasi zen ikasten, baina «poliki» ari da aurrera egiten. «Dena hamaika aldiz errepikatzeko beharra dut», esplikatu du. Denbora badu, eta bidean jarraitzeko gogoa ere bai. «Oso pozik nago».
