Nafarroan 32.000 eurotik beherako errentei kenkari pertsonalak ezarriko dizkiete

Nafarroan 32.000 eurotik beherako errentei kenkari pertsonalak ezarriko dizkiete

Kostatu egin zaie baina azkenean zerga arloan akordioa lortu dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Errenta zergan, zehazki, 32.000 eurora arteko diru sarrerak dituzten herritarrei kenkari pertsonalak aplikatuko dizkiete. «Zenbat eta errenta txikiagoa izan, kenkaria handiagoa izango da. Mailakatua izango da, eta 32.000 eurora ailegatu ahala, gutxiago nabarituko da», azaldu du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. 

Behin akordioa lortuta, ezohiko gobernu kontseilura deitu dute, eta lege proiektua onartu. Haren ondotik, pozik azaldu da komunikabideen aurrean Arasti. Bere esanetan, lege proiektua «ausarta» da, «errenta zergan azken urteetako anbizio handieneko neurriak jaso baititu».

Zehazki, zerga jaitsiera horrek errenta apalei eta ertainei eragingo die, eta hamar zergadunetik zazpik nabarituko dute. Orotara, 340.000 nafarrei egingo die mesede. Hori bai, soldatetako atxikipenetan ez da aldaketarik egingo, eta 2027ko errenta aitorpena egiterakoan nabarituko dute herritarrek laguntza, foru hauteskundeak ate joka direla. 32.000 euroren soldata gordina gutxi gorabehera hilean 1.700 euroren soldata garbia da, hamalau ordainketa jasoz gero.

135

Kostua Ogasunarentzat. Errenta zergako aldaketen ondorioz,135 milioi euro gutxiago bilduko ditu Nafarroako Gobernuak datozen bi urteetan: 114 milioi datorren urtean eta gainerako 2027an. Sozietate zergako aldaketen kostua ezin izan du kalkulatu.

Gobernuak ez du aurreratu zerga tarte bakoitzari nola eragingo dion kenkariak. «Zergadun bakoitza mundu bat da bere aitorpenean makina bat osagai egon ohi direlako», aipatu du Arastik.

Dena den, gaineratu du zerga tarte batetik besterako «jauziaren akatsa» saihesteko zuzenketa bat egingo dutela. Izan ere, kenkariaren bidez lortutako diru gehigarriaren ondorioz, beste zerga tartera pasa zitekeen zergaduna, eta tasa handiago bat ezarri; baina orain ez da halakorik egingo. «Antzeko neurriak dituzten lurraldeetan ez da hori egiten», azaldu du.

Era berean, errenta zergarik ez dute ordaindu beharko 17.000 eurotik beherako errenta gordina duten herritarrek, egungo 14.000 euroko gutxieneko muga koska bat igotzea hitzartu dutelako. Kasu horretan, langile horiei ez zaie zerga atxikipenik ezarriko soldatetan.

1.035 euroko pentsioa

Gainera, 2026ko aurrekontu akordioan aurreratu bezala, gutxieneko pentsioei ezarritako osagarrietan kenkariak ezarriko zaizkie gutxienez 15.400 euro kobratzen dutenei. Hala, gutxienez 1.100 euroko pentsioa kobratzea bermatuko da. Orain arte, 1.035 euroko gutxieneko errenta jaso ahal izatea zegoen ziurtatuta, eta beste tarte bat handituko zaie pentsioa, fiskalitatearen bidetik.

Azkenik, autonomoei estimazio zuzen berezi bidez zerga ordaintzeko aukera handitu zaie, muga 200.000 eurotik 250.000 eurora handitu delako. Euren diru sarrerak aitortzeko modurik sinpleena dela eta garraiolarien eskaeretako bat dela diote Ogasun Departamentuko iturriek. Dena den, garraiolariez gain, autonomo guztiei aplikatuko zaie. Horrez gain, garraiolariek jasotako laguntzak zergan aitortzetik at izango dira, 20.000 eurora arteko mugarekin.

Iragan larunbaten, Nafarroako garraiolariek protesta egin zuten Iruñean. IÑAKI PORTO / EFE

Azken asteetan jo eta ke aritu dira lau alderdiak akordiora ailegatu nahirik. Arastik berak iragan ostiraleko epemuga jarri zuen, baina ez zirenez ados jarri, asteburuan zein atzo negoziazioek jarraitu zuten. Hain zuzen ere, sozietate zergan zegoen korapilo nagusia. 

Aldaketa nagusia izango da egun %28ko tasa pagatzen duten konpainiek %25 ordainduko dutela, baldin eta lau baldintza betetzen dituztela egiaztatuz gero: batetik, enpleguari eutsi behar diote; bigarrenik, arrazoi ekonomikoen ondorioz ez dute aldi baterako espedienterik aurkeztuko; hirugarrenik lan istripuak murriztu behar dituzte; azkenik berdintasun plan bat eduki beharko dute. Lan istripuen kasuan, zehazki, arrisku prebentzioen arloan arau hauste larririk ez dutela izan egiaztatu beharko dute.

Horri loturik, hiru zerga tarteek gutxienez ordaindu beharreko tasa izango dute:  %28ko tasa duten konpainiek %13koa; %23ko tasa dutenek %11koa eta %19koa dagokienei %10ekoa.

«Lege proiektu ausarta da, errenta zergan azken urteetako anbizio handieneko neurriak jaso baititu»

JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Arastik azpimarratu du akordioetara iristea ez dela dirudien bezain erraza. «Negoziaketen arrakastaren ondorioz ondorioztatu daiteke erraz hitzartzen dugula, baina errealitateak ez du uste horrekin zerikusirik. Politikan erabakiak hartu behar dira eta eskuzabal jokatu behar da akordioetara iristeko».

Behin gobernu kontseiluan onartuta, gobernuak Nafarroako Parlamentura igorriko du lege proiektua bere bidea egin dezan. Espero da eskuineko oposizioaren osoko zuzenketak «azaro amaieran» bozkatzea eta zatikakoak abenduan. Abenduaren 18ko osoko bilkuran onartuko dira neurriak, datorren urterako indarrean egon daitezen. Akordioaren bidez, hori betetzeko gehiengoa luke Nafarroako Gobernuak parlamentuan.