Lehen arreta indartu. Nafarroako Osasun Plataformak garbi du Nafarroako Gobernuak hori egin beharko lukeela osasungintzaren arloko egungo arazoak konpontzen hasteko: lehen arretarako aurrekontua handitu, eta prebentzioa sustatu, alegia. 1990. urtekoa da egun indarrean dagoen Nafarroako Osasun Legea, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua testu hori ordezkatuko duen araudia prestatzen ari da orain. 1.200 alegazio jaso ditu gobernuaren proposamenak, tartean Nafarroako Osasun Plataformak egindakoak, taldeko kide Lazaro Elizaldek Elizondon zehaztu duenez. Baztango Osasun Plataformak antolatutako mahai inguruan parte hartu du, azaroaren 6an, Bene Agirre Zugarramurdiko medikuarekin eta Baztango, Zugarramurdiko eta Urdazubiko Osasun Kontseiluko lehendakari eta Baztango alkate Fernando Anbustegirekin batera.
Baztango herritarrek iaz sortu zuten plataforma, Elizondoko osasun etxeko arazoei aurre egiteko asmoz. Izan ere, medikurik gabe gelditu ziren iazko irailean. Egoerak hobera egin du, baina oraindik ez dituzte arazo guztiak konpondu. «Elizondon bi mediku dagozkigu lanaldi osoz, eta beste bat lanaldi erdiz, eta egun mediku bat dugu lanaldi osoz, eta bertze bat lanaldi erdiz. Pediatra bat ere izan beharko genuke lanaldi osoz eta bertze bat lanaldiz erdiz, eta bakarra dugu lanaldi osoz», azaldu du Baztango Osasun Plataformako kide Aitzol Iturbek.
Mediku falta da, hain zuzen, Lazaro Elizaldek mahai gainean jarri dituen auzietako bat. Gobernua prestatzen ari den legeak arazo horri heldu beharko liokeela erantsi du, baina zehaztu hori ez dela konpondu beharreko kontu nagusia. Elizalderen hitzetan, dauden baliabideak antolatzeko modua da gakoetako bat, eta Nafarroako Gobernuak «herritarren beharretara» egokitutako konponbideak bilatu beharko lituzke, ondorioz. Osasun Departamentua prestatzen ari den legeak, baina, zer hobetu badu, eta hobetu beharreko hori nabarmendu du Elizaldek Elizondoko saioan: «Osasun arreta unibertsalaren alde egiteko garaia da, eta osasun zerbitzuen pribatizazioari mugak ezartzekoa ere bai», laburbildu du.
Trebatzeko saiorik ez
Urriaren 31n, Nafarroako Osasun Plataformako ordezkariek bilera egin zuten Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezekin. Elizaldek aitortu du «etsita» atera zirela bileratik, uste baitute 2026rako aurrekontu orokorrek ez dituztela osasungintzaren arloan dauden beharrak kontuan hartzen. Dirua banatzeko modua da arazo nagusietako bat, Elizalderen ustez: «Egun, lehen arretak osasungintzaren aurrekontuaren %14 inguru jasotzen du; %20 edo %25 jaso beharko luke, ordea», salatu du.
«Osasun arreta unibertsalaren alde egiteko garaia da, eta osasun zerbitzuen pribatizazioari mugak ezartzekoa ere bai»
LAZARO ELIZALDE Nafarroako Osasun Plataformako kidea
Bene Agirre Zugarramurdiko eta Urdazubiko medikua da, eta ongi daki zer gertatzen den lehen arretan. Lantaldea «zaharra» dela azpimarratu du, datozen urteotan mediku anitzek erretiroa hartuko dutela, eta egungo egoera «are gehiago» zailduko duela horrek. «Datozen hamar urteotan, Espainian urtean 7.000 medikuk erretiroa hartuko dute», zehaztu du.
Agirreren ustez, halere, «plangintzarik eza» da arazo nagusietako bat: «Eskualdean gero eta baliabide gehiago ditugu; lehen arretan ekografiak, analisiak, erradiografiak eta eskanerrak egiteko gailuak ditugu, baina ez dakigu nola erabili! Medikuak trebatzeko saiorik ez dute egiten», erran du.
Agirrek kezka du etorkizunarekin; Baztango alkate Fernando Anbustegik ere bai. Kargu horrek Baztango, Zugarramurdiko eta Urdazubiko Osasun Kontseiluko lehendakaritzara eraman du. Kontseiluko kideek azaroaren 11n egin zuten azken bilera Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko ordezkariekin. Kontseilua osasunaren arloko eskualdeko kezkak, arazoak eta gogoetak jasotzeko foro bat da, eta tresna bat Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko udal agintariak elkarlanean aritzeko eta elkarrekin agertzeko Nafarroako Gobernuko ordezkarien aurrean. Osasunbideko kideen jarrera «etsigarria» dela salatu du Anbustegik, hain justu: eskualdeko beharrak kontuan ez hartzea egotzi die.
Baztango, Zugarramurdiko eta Urdazubiko Osasun Kontseilua duela bi urte jarri zen martxan berriz, hainbat urtez geldirik egon eta gero. 1990etik 2012ra, hain zuzen, kontseiluak ez zuen bilerarik egin; urte hartan abian jarri zuten, baina pandemiarekin hutsean gelditu zen, berriz ere, 2023ra arte. Anbustegi Baztango alkate izendatu zuten duela bi urte, eta egindako urratsetako bat izan da kontseilua biltzea. Hamabost kidek osatzen dute; Baztango, Zugarramurdiko eta Urdazubiko hautetsiekin batera, eskualdeko osasun ordezkariek, gizarte mugimenduko eragileek, sindikatuek eta bertze hainbat kidek bat egiten dute kontseiluan.
Prebentzioa sustatu
Anbustegik bat egin du Nafarroako Osasun Plataformako kide Lazaro Elizalderekin, eta nabarmendu Baztango Udalak prebentzioa sustatu nahi duela osasunaren arloan. Hasiak dira, bertzeak bertze, zahar etxean eta haur eskolan elikadura zaintzeko programak garatzen. Anbustegik gehitu du Baztango herri guztietan jarri dituztela desfibriladoreak, eta seiehun herritarrek egin dutela gailu hori erabiltzen ikasteko tailerra.
Baztango Osasun Plataformak Elizondon antolatutako mahai inguruak ere jakin-min handia piztu du baztandarren artean, eta anitzek bat egin dute kultur etxean. Kezka agertu dute, eta lehen arretako zerbitzua galtzeko beldurra ere bai. Iturbek eta Elizaldek mobilizatzen jarraitzera deitu dituzte herritarrak.
Bertze zenbat milioi euro behar diren. Urtean betze berrehun milioi euro eskatu ditu Nafarroako Osasun Plataformak osasungintzarako.
Osasungintzak BPG-aren zenbat hartu beharko lukeen. Osasungintza finantzatzeko, barne produktu gordinaren %7 behar da, Nafarroako Osasun Plataformaren ustez. Egun, %5,4 inguru jasotzen du.
