Dirdirak eta Dardarak jaialdia egingo dute, bihar eta etzi, Plazaolako bide berdean

Dirdirak eta Dardarak jaialdia egingo dute, bihar eta etzi, Plazaolako bide berdean

«Argiaren bitartez artea, lurraldea, memoria eta komunitatea uztartzen dituen proiektu aitzindaria». Horrela deskribatu dute antolatzaileek Dirdirak eta Dardarak argi arteen jaialdia. Bihar eta etzi egingo dute, Plazaolako bide berdean, zehatz-mehatz Latasa eta Urritza arteko tartean. Gaueko ibilbide bat antolatu dute, zortziehun metro ingurukoa, eta 18:00etatik 21:00etara egin ahal izango da. Antolatzaileen arabera, lehen aldia izango da Nafarroan argi arteen jaialdi bat naturan egingo dena. «Ikuspegi sortzailea, kontzientea eta jasangarria du, eta landa ingurunean egingo da, parte hartzera eta bizi esperientzia artistiko bateratura gonbidatzeko», azaldu dute. 

Azaroaren 27an aurkeztu zuten Dirdirak eta Dardarak Iruñeko Geltoki gunean. Bi urtez proiektuan lanean aritu ondoren, zuzendari artistiko Cristina Arozenak adierazi du «oso pozik eta emozionatuta» daudela hura aurrera eramateagatik. Proiektua sortzearen arrazoiari dagokionez, Arozenak azaldu du sinesten dutela pertsona guztiek arteaz eta kulturaz gozatzeko eskubidea dutela. Artea erakusteko argiaren aukeraketa ere arrazoitu du. «Hizkuntza unibertsala» dela uste dute, eta horrek egunerokoan normalean «oharkabean» igarotzen diren zenbait leku «nabarmendu» eta «biziagotu» ditzakeela. «Jaialdi honek gure inguruari begirada berri bat ematera eta gure barnekoa berriro ikustera gonbidatzen du», adierazi du Arozenak.

Inoiz ikusi gabekoa 

Arozenarekin batera, Maria Pascual ere aritu da argi arteen jaialdiaren zuzendari artistiko gisa. Pascualek uste du jarduera «ezberdina» eta «inoiz ikusi gabeko jaialdia» dela Dirdirak eta Dardarak. Azaldu du parte hartu duten hamaika artistetatik hamar Euskal Herrikoak direla, eta ibilbidean erakutsiko diren hamabi obretatik zortzi sortu berriak direla. «Lan bakoitza asmo argi bat izanda sortu edo hautatu da: lurraldearen balioa nabarmentzea argiaren bitartez», azaldu du Pascualek. Haren arabera, artistek hainbat eratan landu dute argia. 

Proiektuaren izenari dagokionez, horren esanahia azaldu dute argi arteen jaialdiaren webgunean: «Ilunabarrean Euskal Herriko herri eta baserriak argitzen dituzten dirdiretan inspiratuta, jaialdiak inoiz itzaltzen ez diren argiei egiten die omenaldi: paisaia hau lehenago bizitzea egokitu zitzaienena, oraindik bertan eusten diotenena eta hemen irautea amesten dutenena. Dirdirak belaunaldien artean bidaiatzen duten isla horiek dira; dardarak, berriz, oraindik bizirik gaudela gogorarazten diguten taupadak». Arozenak azaldu du jaialdiko ibilbideak hiru fase izango dituela, eta iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko loturak eraikiko dituztela.

Iker Oizen Argi oihartzunak lana; Plazaolako jaialdian parte hartuko du. DIRDIRAK ETA DARDARAK

Proiektua Plazaolan, Sakanan eta Ultzamaldean jasangarritasun turistikoa bermatzeko planaren parte da. Plan hori Europako Next Generation funtsen bitartez finantzatu da, eta horien inguruan hitz egin du Alberto Ekai Nafarroako Gobernuko Turismo Arloko Garapen Jasangarriko zuzendariak. Adierazi du funts horiek aukera ematen dutela «oso ohikoak» ez diren ekitaldiak egiteko, eta esan du «ona» litzatekeela parte hartze handia dutenak berriz antolatzea. Plazaola-Sakana-Ultzamaldea plana Cederna Garalur elkarteak kudeatzen du, eta erakundeko gerente Ibon Mimentza de Iralak aipatu du plan hori «lurraldetik eta lurralderako» landutakoa dela. 

Abenduaren 6an eta 7an egingo den jaialdirako, Pascualek gomendio batzuk eman ditu: arropa beroa, oinetako erosoak eta esku argia edo kopeta argia eramatea, sakelakoa ez erabiltzea ibilbidean, Plazaolako bide berdearen hasierako aparkalekuan uztea autoa eta garraioaren erabilera jasangarriari lehentasuna ematea. Jaialdia doakoa da, eta guztiz irisgarria mugitzeko gaitasuna mugatua dutenentzat.

EGITARAUA

ABENDUAK 6

11:00. Bioplastikoekin esperimentatzeko tailerra – Iosune Sarasate / Etxalekuko kultur etxean. 
18:00. 

Irekiera ekitaldia – Irurtzungo abesbatza eta Iskidi elkartea / Ibilbidearen hasieran

.
18:00-21:00. Proiektuen aurkezpena / Latasan eta Urritzan.

ABENDUAK 7

11:00. Zianotipia tailerra – Kattalin Barber / Etxalekuko kultur etxean.
16:30. Eskola magistrala: Artea eta paisaia – Javier Riera / Biltegin. 
19:00. 

Itxiera ekitaldia – Aralar udal musika eskola eta Talka txalaparta / Urritzako tunelean


20:00. Itxiera ekitaldia / Biltegin. 
21:00. Argiak itzali.