Felix Taberna presidenteordea eta Amparo Lopez bozeramailea kargugabetu ditu Txibitek

Felix Taberna presidenteordea eta Amparo Lopez bozeramailea kargugabetu ditu Txibitek

Urte berria, gobernu krisia. Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohiak eta Maria Txibiteren konfiantzazko gizonak dar-dar batean utzi zuen iragan ekainean Nafarroako Gobernua, eta ur politikoak bareago jaisten ari zirela zirudien honetan, Maria Txibitek gobernua moldatzea erabaki du. Felix Taberna presidenteordea eta Amparo Lopez Barne kontseilari eta gobernuko bozeramaileak kargugabetu ditu, kolpe batez.

Atzo gauean zabaldu zen albistea. Txibitek gaur 10:30ean iragarriko ditu bi ordezkoak, eta orduan emango ditu kargugabetzearen inguruko arrazoiak. Deigarria da PSNren kontrolpeko gobernuaren atalean egin dituela aldaketak eta bi kargu esanguratsu ukitu dituela: presidenteorde lehena eta bozeramailea.

Bereziki ustekabekoa izan da Tabernaren kargugabetzea. Presidenteorde lehena zen, bai eta Txibiteren konfiantzazko gizona ere. Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek —PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa— lehendakariordetza bana dute, eta euren artean kuota sozialista ordezkatzen zuen Tabernak.

Aldi berean, figura politiko berezia da, ez baitu kargu organikorik PSNren barruan. Lau legealditan Nafarroako Ezker Batuko parlamentari izan zen (1991tik 2007ra arte), eta NEB alderdiko zuzendaritzako kide izan zen 1989tik 2005era bitarte. Politikaren lehen lerroa utzita, hainbat urtez CCOO sindikatuan egin zuen lan, harik eta Txibitek legealdi honetan gobernuko presidenteorde izateko deitu zuen arte. Horrez gain, gobernu barruko antolamenduaz eta berdintasun politikez arduratu da, haren esku baitzegoen Presidentetza eta Berdintasun departamentua.

Lopez, Remirezen ildotik

Amparo Lopez, berriz, aurreko legealdian Barne arloko zuzendari nagusia izan zen, Javier Remirez Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilariaren departamentu barruan. Legealdi honetan, Remirezek goi kargu hori utzi du, PSNk Senaturako zerrendetan aurkeztu zuelako, eta haren ordezko izateko proposatu zuen Txibitek. Gainera, gobernuko bozeramaile izan da, eta haren esku egon da, neurri handi batean, gobernuaren politika komunikatiboa.

Ordezkoen izenak jakin zain, ematen du etorkizun hurbileko erresilientzia horretan PSNren inguruan bildu nahi duela Txibitek. Cerdan auziaren eskandaluak min egin dio alderdiari, eta inkestetan gainbehera islatu da. Hala, legealdi amaierako borroka politikoan PSN barruko kideekin aritu nahi duela dirudi. Izan ere, Taberna eta Lopez alderdiaren inguruko kideak izanagatik, ez ziren alderdi barruko egiturazko pertsonak, nahiz eta Tabernak bere konfiantza osoa izan. 

Gainera, kargugabetutakoen profil eta izen-abizenez harago, bi goi kargu esanguratsu dira. Biek zeresan handia zuten gobernuaren komunikazioan. Urte amaierako diskurtsoan Txibitek autokritikaren zantzu batzuk azaldu zituen. Ikusi beharko da gaur zer azalpen ematen dituen eta non egiten duen azpimarra.

Azkenik, esanguratsua da gobernu krisia ez duela erlazionatu nahi izan Belateko tunelaren aferarekin. Izan ere, gobernu barruan oposizioaren kritika gehien Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak eragin ditu, eta Belateko tunelaren gainkostuekin gertatutakoak kezka handia piztu du bazkideen artean. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erantzukizun politikoa hartzea galdegin zioten PSNri. Herri Lanetako zuzendaria kargugabetu zuten sozialistek, baina Oscar Txibitek eta haren konfiantzako arduradun politikoek karguan jarraituko dute. Hain justu ere, gainkostuen inguruko azalpenak emango ditu Maria Txibitek bihar Nafarroako Parlamentuan.