Abenduaren 31n Erriberrin desagertu zen adineko gizona hilda aurkitu dute

Abenduaren 31n Erriberrin desagertu zen adineko gizona hilda aurkitu dute

Hilda aurkitu dute Gabon zahar egunean Erriberrin (Nafarroa) desagertu zen 68 urteko gizonezkoa. Adinekoen egoitza batean bizi zen, eta handik atera zen arratsaldean paseo bat ematera, baina ez zen itzuli. Foruzaingoaren esku dauden irudi batzuen bidez froga daitekeenez, 18:30 aldera, Erriberriko San Silvestre lasterketa ikusten egon zen, Karlos III.a Noblearen plazan. Ordutik hona, ordea, ez dute haren berririk izan. Gaur arte, adinekoaren gorpua agertu baita Erriberri eta Beire arteko landa bide batean.

Desagerpenaren berri eman ondoren, gau hartan gizonezkoa bilatzen hasi ziren Erriberri inguruan, eta hurrengo egunean bilaketa dispositibo zabalago bat antolatu zuten. Besteak beste, helikoptero bat eta droneak erabili zituzten. Horretaz gain, uretako erreskate taldeko suhiltzaileek Zidakos ibaia arakatu zuten, Tafalla eta Beire artean. Eta oinez ere miatzen aritu ziren udaltzainak, foruzainak, suhiltzaileak, guardia zibilak eta hainbat boluntario.

Horrek guztiak, ordea, ez zuen balio izan desagertutako adinekoa topatzeko. Urtarrilaren 6an bilaketa bertan behera utzi zuten, kasuari buruzko berritasun gehiago egon arte, eta Foruzaingoaren esku geratu zen ikerketa judiziala.