Gizon bat atxilotu dute Tuteran bere 94 urteko amonari eraso egitea egotzita

Gizon bat atxilotu dute Tuteran bere 94 urteko amonari eraso egitea egotzita

32 urteko gizonezko bat atzitu zuten atzo Tuteran (Nafarroa), bere amonari eta bi udaltzaini eraso egitea egotzita. Tuterako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 20:00ak aldera jaso zuten herritar baten deia, laguntza eske. Bizilagun horrek azaldu zuenez, ondoko etxebizitza batean kolpeak eta laguntza eskaerak entzun zituen.

Udaltzainak etxebizitzara bertaratu ziren; atea ireki, eta barruan zegoen 62 urteko emakume batek ohartarazi zien bere semea bera eta bere ama hiltzen saiatzen ari zela. Poliziek 94 urteko emakume bat aurkitu zuten korridoreko lurrean zaurituta, odola zeriola eta buruan eta aurpegian kolpeak zituela. Poliziaren arabera, makila batekin egindako zauriak ziren. Adineko emakumea atxilotutakoaren amona da; hirurak etxebizitza berean bizi dira.

Polizia iturriek jakinarazi bezala, atxilotua beste gela batean aurkitu zuten, eta, atxilotzeko unean, gizonak aurre egin zien udaltzainei. Borrokaren ondorioz, bi agenteak ere zauritu ziren. Atxilotutakoa Foruzaingoaren ziegetara eraman zuten, eta zauritutako emakumea Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman zuten, anbulantzia medikalizatu batean.