Urtea bete da Noainen (Nafarroa) bi gas leherketa izan zirenetik, baina hamabi etxetako bizilagunak etxetik kanpo daude oraindik. Urtebete geroago, ikerketak ez du zehaztu zerk eragin zituen leherketak. Ez hori bakarrik: «Nafarroako Gobernuaren laguntzak jasotzea falta da», zehaztu dio Luis Maia herriko alkateak EFE agentziari. Ondorioz, familia horien egoera ez da samurra. Batzuek hilabete batzuk gehiago egingo dituzte etxetik kanpo; beste batzuek, urteak.
Zabalegiko Kontzejua kaleko 20., 22. eta 24. ezkaratzetako bizilagunak dira oraindik etxetik kanpo daudenak. Lau etxe daude ezkaratz bakoitzean. Leherketak haietan eragin zituen kalterik handienak, eta etxeak konpondu gabe daude. Alkatearen arabera, etxe horietako bizilagunak haserre daude, ikerketa judizialak oraindik ez duelako argitu zergatik gertatu zen leherketa —Foruzaingoa eta Guardia Zibila ari dira ikerketaz arduratzen—. Bizilagunen etxeek, ibilgailuek eta bestelako ondasunek asegurua edukita ere, aseguru pribatuek ez dituzte ordainduko kalte ordain guztiak leherketen erantzulea zein izan zen jakin arte. «Pozik daude etxejabeen elkartearen eta etxeen administratzailearen aseguruak emandako erantzunarekin, baina aseguru pertsonalen kalte ordainak pixkanaka iristen ari dira», azaldu du Maiak.
Etxeak, suntsituta, iaz leherketak izan eta gero. IÑAKI PORTO / EFE
Bederatzi zauritu
Iazko urtarrilaren 13ko arratsaldean bi gas leherketa izan ziren Zabalegiko Kontzejua kaleko etxeetan. Bederatzi pertsona zauritu ziren, eta horietako bik zauri larriak izan zituzten: 22 urteko mutil batek eta 13 urteko neska batek. Leherketek zenbait etxe suntsitu zituzten, eta 250 bizilagunek etxetik atera behar izan zuten. Okerragoa izan zitekeen: 15:30ak aldera lehen leherketa izan eta gero, bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, baina gero etxera sartzen utzi zieten, gaua etxetik kanpo pasatuko zutenez arropa eta premiazko gauzak jasotzera. Etxeetan zeudela, ordea, 18:00etan, bigarren leherketa izan zen, lehena baino handiagoa. «Gerra eremu bat» zirudiela esan zuten lekukoek.
«Laguntza publikoak iristen ez badira, kaltetuek benetan gaizki pasatuko dute etxera bueltatzeko falta zaizkien bi urteetan»
LUIS MAIA Noaingo alkatea
Alkateak salatu du leherketaren ondoren Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak laguntzak agindu zituela familia kaltetuentzat, baina ez direla iritsi. Maiaren esanetan, hiru aldiz saiatu da presidentearen kabinetearekin harremanetan jartzen, ezohiko laguntzak zertan diren jakiteko, baina ez du jaso erantzunik. «Laguntza publikoak iristen ez badira, kaltetuek benetan gaizki pasatuko dute etxera bueltatzeko falta zaizkien bi urteetan», ohartarazi du alkateak.
Urtebete daramate etxetik kanpo. Familia horietako asko errentan bizi dira, hau da, aldi berean ordaintzen dituzte behin-behineko etxearen alokairua eta suntsitutako etxearen hipoteka. Baita bizimodu berria hutsetik hasi beharrak eragindako gastuak ere. Noaingo alkateak ohartarazi du bizilagun batzuei bukatzen ari zaizkiela aurrezkiak eta leherketaren ondoren aurreratu zieten dirua.
Lanak, hasteko
Udalak, Maiaren esanetan, ohi baino azkarrago eman dizkie obretarako beharrezko baimen guztiak, arkitektoek eta enpresek lanak ahalik eta lasterren hasteko. 20. ezkaratzeko etxeek gainerako bietakoek baino kalte gutxiago izan zituzten. Maiak zehaztu du obra nagusiak otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran abia ditzaketela, eta bertako bizilagunak lau bat hilabete barru buelta daitezkeela etxeetara. 22. eta 24. ezkaratzetako bizilagunek, ordea, denbora gehiago beharko dute etxeak konpontzeko eta haietara itzultzeko: etxeek aurri adierazpena jaso dute eta, lehen kalkuluen arabera, obrak 2027aren amaierarako buka ditzakete.
Alkateak eskertu eta txalotu egin du herritarrek kaltetuei emandako laguntza, haietako batzuek etxeak, dirua eta bestelakoak eskaini baitzizkieten. Udalak zerbitzu bat zabaldu zuen kaltetuei laguntzeko eta prozedura administratiboak errazteko.
