Sustrai Erakuntza Fundazioa ez dago ados Iruñerria eta Altsasu lotuko dituen AHTaren proiektuarekin. Uste du azpiegitura horrek izango dituen inpaktuak «oso kezkagarriak» direla, eta horregatik herri alegazio bat prestatu du, herritarrek aurkeztu dezaten publiko egin duena. «Alegazio eredu erraza» dela zehaztu dute, eta AHTaren proiektuarekin «sentsibilizatuta» dagoen orori dei egin dio alegazioa aurkezteko, izan pertsona, eragile edo elkarte. Fundazioaren webgunean eskuragarri dago alegazioaren dokumentua.
Fundazioaren arabera, proiektuak lur gehiago artifizializatuko du, «milioika metro koadro» hartuko baitituzte trenbidea egiteko eraiki behar diren azpiegiturek, «produktibitate handiko laboreak, belardiak, larreak, hostozabalak eta baratzeak» desagerraraziz. Gainera, Itzako eta Sakanako herriak «zatituta» geratuko direla iragarri dute, baita lursail partikularrak eta herri lurrak desjabetuko dituztela ere.
Naturari dagokionez, Natura 2000 Sareko espazioetako biodibertsitatearen gaineko mehatxua «kontuan hartu gabe» ondu da proiektua fundazioaren esanetan. Hori dela eta, uste dute «oso garrantzitsua» dela proiektuari «ahalik eta arbuio eta aurkakotasun handiena adieraztea». Alegazioa «xumea» dela nabarmendu dute, baina «edozein pertsonak edo erakundek» sinatu dezake eta Espainiako Gobernuan aurkeztu. Gainera, fundazioak beste alegazio propio landuago bat aurkeztuko du.
Espainiako Gobernuak 2025eko abenduaren 18an jarri zuen jendaurrean trenbide horren proiektuaren txostena, oraindik Nafarroako AHTa eta euskal Y-a nondik lotuko duten zehaztu ez badute ere. Urte hasieran adierazi zuen Sustrai Erakuntzak proiektuarekiko aurkakotasuna, eta gaur eskaini die herritarrei alegazioa.
