Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Zalduondoko 5.480 eguzki plakako planta fotovoltaikoari

Perfect Business Location SL enpresak 2023ko abuztuan hasi zituen Zalduondon (Araba) 5.480 eguzki plakako eta 2,5 megawatt-eko planta fotovoltaikoa eraikitzeko izapide administratiboak. Katarri izeneko proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren aldeko ingurumen inpaktu txostena jaso zuen 2025eko abuztuan. Horren ondoren, Jaurlaritzak administrazioen eta pertsona interesatuen alegazioak jasotzeko prozesua ireki zuen. Gaur jakin denez, azken tramite administratibo hori gainditu du proiektuak, eta zentral fotovoltaikoak aurrera egingo du, abuztuko txostenean ezarritako neurri zuzentzaileekin.

Alta, prozesuak bizilagunen zati baten aurkakotasuna piztu du. Izan ere, Jaurlaritzak «eduki bereko» 277 partikularren alegazio jaso zituen. Alegazio horietan, proiektuak ingurumenean, paisaian eta ondarean izango lukeen eragin negatiboa eta kutsadura arriskua argudiatu dituzte, baita azpiegiturak izango lukeen tokiko itzulera ekonomiko falta ere. Administrazioak, ordea, alegazio horiek guztiak ezetsi ditu, eta, hortaz, proiektuak aurrera egingo du izapide administratibo guztiak gainditu ostean. Orain, enpresa bultzatzaileak hiru urteko epea izango du proiektua eraikitzen hasteko baimena eskatzeko.

Energia biltegia Aiaran

Ez da hori gaurko Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean onartu den proiektu energetiko bakarra. Izan ere, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Lemon Tree Power Ren 10 SLU enpresak Aiarako lurraldean (Araba) bultzatu nahi duen energia biltegiratze instalazioari ere oniritzia eman dio. BESS PB Navegantes 31 izeneko instalazioa 9.950 metro koadroko partzela batean eraikiko da, eta energia biltegiratzeko litio ioizko bateriak izango ditu, 30 MW-eko instalatutako potentziarekin. Kasu horretan ere, sailak aldeko ingurumen inpaktu txosten sinplifikatua eman du, iritzita «ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari».

Hala ere, aurreko proiektuarekin bezala, hainbat neurri zuzentzaile proposatu ditu, obrek irauten duten bitartean zarata gutxitzeko eta hondakinen kudeaketa egokia ziurtatzeko, esate baterako.

Eolikorik ez Murchanten

Nafarroan, aldiz, energia berriztagarrien proiektu baten aurkako ebazpena argitaratu da gaur. Nafarroako Ingurumen zuzendariak Murchanten (Nafarroa) egitekoa zen haize parkearen aurkako ebazpena egin du. Ingurumen zuzendariak argitaratu du aurretik antzeko beste proiektu bat egin nahi izan zela ingurune horretan, eta haize erroten proiektu hark ere aurkako inpaktu txostena jaso zuela, «fauna hegalariarengan eta Natura 2000 Sarean izango zituen inpaktu negatiboengatik».

Hortaz, orain Mistral Renovables 22 SL, Andrómeda Renovables 22 SL eta Olivo Generación Renovables SL enpresek bultzaturiko proiektua funtsean aurretik aurkeztu zen beste proiektu haren berdina dela iritzita, zuzenean aurkako ebazpena plazaratu du zuzendariak, ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozesuari hasiera eman ere egin gabe.