Apirilaren 14an, Elortzibarko Udalean, Aldatu, AINE eta Harana Gara udal taldeetako zazpi hautetsiak elkartu eta Sebastian Marco UPNko alkatearen aurkako zentsura mozioa bultzatu zuten. Ordutik, Aldatuko Luis Maia da alkatea (Noain, 1982). Hitzarmenaren arabera, urtebete egingo du karguan, eta apirilean Mikel Navarrok ordezkatuko du beste urtebetez. «Oso ongi doa. Aurrekontuak onartu berri ditugu», azaldu du Maiak, pozik.
Udal berezia da Elortzibarkoa. Noain du ardatz, baina haren barnean herri txiki ugari dira. Nola dago haien arteko harremana?
50 kilometro luzeko azalera dugu, eta azkenean guztia Noainen zentralizatuta egotea erosoa da bertan bizi garenontzat, baina aldaketa politiko honetan gure helburua da Elortzibarreko biztanle guztiek erabaki ahalmena izatea eta azpiegiturak eta zerbitzuak toki guztietara heltzea.
Zer egin duzue zehazki?
Berritasunetako bat da herriekin itun bat izenpetu dugula. Orain arte, eskualdeko kontzejuei kopuru finko bat ordaintzen zitzaien, eta hitzartu dugu irizpide eta formula batzuen arabera banatzea dirua, inbertsioak egin ditzaten. Lehen aldiz egiten dugu hori. 30 urtez gobernatu du eskuinak, eta herriek kritikatu dute ez zituztela kontuan hartzen. Horregatik, udalaren izena ere aldatu dugu harana bera aldarrikatzeko. Udaletxearen errotuluak aldatzen ari gara. Eta herriekin harremana izateko ordezkari gisa izendatu dugu Harana Gara taldeko Jesus Abaurrea.
«Gehiengo osoa balu bezala gobernatzen zuen UPNk. Informazio gutxi ematen zigun. Hori izan zen abiapuntua»
Duela urtebete, gas eztanda batek Noaingo hainbat etxebizitza suntsitu zituen. Nola dago egoera?
Udalean aurreratu genuen diru bat, aseguruetatik kobratutako diruaren arabera itzul zezaten sendi kaltetuek. Ez diegu kobratu. Urtebete geroago, sendiak kezkatuta daude: aseguruek aurreratutako dirua ez da behar duten diru guztia. Hipotekaz gain, alokairua ordaintzen ari dira. Jendea zorpetuta dago, eta etxeak, hondatuta. Foku guztiak hemen zeudelarik, Txibitek hitzeman zuen baliabide guztiak jarriko zirela familia horiei laguntzeko. Hitz politak izan ziren, baina ez du laguntzarik eman. Guk hilabeteak daramatzagu bilkura batera deitzeko. Etxetik kanpo jarraitzen dute sei-zortzi familiak, eta ez dira itzuliko 2028ra arte. Txibiteri deitzen diogu bitartekoak jartzeko. Ez digute jaramonik egin.
Zergatik egin zenuten zentsura mozioa?
UPNk gobernatzen zuen gutxiengoan, baina gehiengo osoa balute bezala lan egiten zuten. Hasieran esaten zuten oposizioko alderdiekin hitzarmen puntualak eginda gobernatuko zutela, baina ez zuten bete asmo hori. Informazio mugatua ematen zigun. Hori izan zen zentsura mozioaren abiapuntua. Horrez gain, udal barruko lan kontratazio publiko bateko prozesua arraroa izan zen. Irabazleak %100 atera zuen proban, baliogabe deklaratu zen, eta ez ziguten esan zer gertatu zen… Beste udal taldeekin harremanetan jarri ginen mozioa antolatzeko.
Haiek diote ezkutuko interesak eta udalez gaindiko arrazoiak egon zirela mozioaren atzean.
Aldatuko kideei leporatzen digute ezker abertzalekoak garela, etakideak… Nik ironiaz esan ohi dut EH Bilduren Hacendado garela. Ez, gu munizipalistak gara, eta gure anbizioa da ibarraren alde lan egitea. Nik ez dut esango Nafarroako foru hauteskundeetan nori ematen diodan botoa. Beste gauza bat da hautagaitza independente baten bidez sentsibilitate politiko gehiagorengana hel zaitezkeela. Jende asko erosoago dago Aldaturi botoa emanez, EH Bilduri baino. Ni ez nintzateke EH Bilduko zerrendaburu aurkeztuko, ez beste alderdi batekoa ere. Zergatik? Alderdiek irizpide batzuk markatzen dizkizutelako eta hautagaitza independente batek autonomia ematen dizulako lan egiteko.
Zer egitasmo abiatu dituzue?
Guztiz ondo ez zeudela ikusten genuen udal arloko eremuak berrantolatu ditugu, lehenik. Orain euskara teknikariaren postua egonkortu dugu. Horrek bermatzen du guk agintea galtzen badugu eta UPN mailuarekin badator ez diola euskara teknikariari postua kenduko. Garaipen politiko bat da guretzat. Kiroldegi pista bat ere egingo dugu. Espazio itxi bat da, bertan hainbat kirol egin ahal izateko. UPNk kiroldegi oso bat egin nahi zuen. Ez ditugu lau milioi euro gastatu nahi. UPNk nahi zuen altxortegian sobran den dirua horretarako bakarrik baliatzea.
«Inbertsioak erakarri nahi badituzte, beharbada kontuan izan behar lukete zoruaren jabea. Ez gaituzte kontuan hartzen»
Ibarrean hainbat industria proiektu daude. Gobernuak zoru industria behar du, eta zuek hori baduzue. Kontuan hartzen zaituztete?
Zazpi poligono ditugu Elortzibarren, eta industria arloko zabalkundean lehen postuan egongo gara Nafarroan. Nafarroako Gobernuak bi urtean 1,8 milioi inbertitu ditu Motxoliko poligonoaren sarbideak berritzeko. Biofarmazeutikako enpresek behar handia dute, eta bertan zentralizatu nahi dituzte sektoreko enpresak. Udalak bere neurrian egingo du ekarpena. Baina ez gaitezen beste poligonoekin ahaztu. Hor dago, adibidez, Talluntxe, Arangunerenekin elkarbanaturik. Bestalde, arreta pizten dit, Hyundai Mobisek Garraio Hirian eraiki duten fabrikaren harira, iaz Irujok eta Txibitek Koreara bidaiatu izanak. Espero nuen itzultzerakoan dei bat egingo zutela eta esan nola joan den. Herriko jendea gara, baina ematen du zifra bat garela jende honentzat. Ez gara haien alderdikoak, eta horrek haserretu egiten nau. Inbertsioak erakarri nahi badituzte, beharbada kontuan izan behar lukete zoruaren jabea. Ez gaituzte kontuan hartzen.
