Ikusten den hori

MAITE LEIUN. ‘FORMAREN SINTAXIA’

Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. 

Noiz arte: Martxoaren 22ra arte.

Nafarroako Museora jo dut gaur, Maite Leiunen Formaren sintaxia erakusketa ikusteko asmoz. Museoak praktika garaikideenei eskaintzen dien espazioan dago kokatua, eta horra zuzendu dut begirada eraikinean sartu bezain pronto. Baina… kapera itxita zegoela ikustean, museoko leihatilara desplazatu dut. Orduan, haur talde batekin topo egin ostean, bertan zegoen langilearengana jo dut informazio eske, nire helburua argi izan arren. Komentatu didanaren arabera, ezin naiz aretora sartu, langile falta dagoelako eta berogailua matxuratuta dagoelako. Horrek egungo kulturguneen egoera gordinaz ohartarazi nau; izan ere, agerian geratu dira bertakoen lan baldintzak, baita erakusketa gauzatu duten artistenganako zaintza falta ere. Tamalez, ez da horrelako egoera bat identifikatzen dudan lehen aldia.

Bada, langileetako batek espazioa tarte batez irekiko didala esan dit. Beraz, haren atzetik joanda eta eskerrak emanez, azkenean, erakusketa ikusteko aukera izan dut.

Leiunen zeramikazko piezak espazioan zehar isurtzen dira, orkatilen altueran dauden idulki apaletan goratuta dauden bitartean. Baina begietatik sartzen zaidan horrek ez dit ohiko pieza zeramikorik iradokitzen, plastikozko puxika bigunak baizik. Kontraste horretan, materialaren eta formaren arteko joko horretan alegia, sumatzen dut artistaren proposamenaren funtsa.  

Lehen begi-kolpe horrek akuilatuta, azalpen testua dakarren hormarantz gerturatu naiz, ikusten ari naizena gidatuko duen eredu baten esperoan. Eta hala izan da. Artistak testuaren eta irudiaren arteko tentsioak jartzen ditu mahai gainean, idatzi nahi duen testu baten inguruan hausnartzen duen bitartean.

Azaltzen duenez, ordea, testu horretatik kanpo geratzen dira idatziak bildu ezin dituen hainbat faktore. Hain zuzen ere, Leiunek idazten denaren eta idatzi ezin denaren arteko talka bistaratu nahi du, hitzek jaso ezin duten horretan frikzio plastiko eta estetikoak sortzen direla azaleratuz.

Artistak osatu nahi duen testuaren letrak idulkietan pilatzen diren zeramikazko puxikak direla identifikatzen dut. Eta horrek duela gutxi irakurri nuen Diana Taylorren testu batera narama zuzenean. Autoreak azaltzen duenez, Mendebaldeko gizartean, jakintza iturrien hierarkizazioak eraginda, testuak bestelako iturrien gainean kokatu ziren, idatzita ez dagoena beste modu batzuetan —hala nola irudietan, keinuetan, objektuetan…— mantendu zitekeela ahantzaraziz.

Kasu honetan, irudiek eta haiek hartzen duten eszenatokiak testua gainditzen dute, eta edonork berehala hauteman dezakeen iruditeria garaikide baten aurrean kokatzen dute ikuslea. Hala ere, aurkezten zaigun materialtasunak bestelako bira bat ematen die forma horiei; izatez, itxurazko biguntasunaren azpian, zeramikaren berezko hauskortasuna dago, tentsioan jarriz ikusmenak iradokitzen duen sendotasuna eta materiak dakarren zaurgarritasuna.

Anbiguotasun horri lotuta, interesgarria da espazioa zedarritzen duten ispiluei erreparatzea. Bestelako errealitate baterantz lekualdatzen baikaituzte gure hankak bertan islatzen direnean.

Ispilu horien aurrean, gorputza bera bihurtzen da erakusketaren parte, formaren sintaxia ez baita piezetan soilik gauzatzen, baita haien artean dabiltzan bisitarien keinuetan ere. Izatez, erakusketak agerian uzten du mugak ez direla gabezia hutsak, baizik eta bestelako adierazpideetarako irekidurak. Azken finean, Leiunen proposamenak esanahiaren desplazamendua aktibatzen duelako, idatz daitekeenaren eta ikusten dugun horren arteko arrakalan.