Eutsi

Eutsi

Badira lehen pertsonan bizi izan ez dituzun istorioak, eta, halere, bertan egon bazina bezala gorputzean sartzen zaizkizunak. Kontatzen dizkizute eta barrua uzkurtzen zaizu. Duela egun batzuk, ahizpak halako bat kontatzeko deitu zidan. Optikara bidean zihoan, Iruñeko Gurutzeko plazatik gertu, eta gora begira eta oihuka zegoen jende multzo batekin egin zuen topo. Hirugarren solairu batean, emakume bat negarrez eta garrasika ari zen, gorputz erdia leihotik kanpo zeukan, bere burua behera botatzeko zorian. Azpian, ezezagunen kuadrilla batek gauza bera oihukatzen zion, behin eta berriz: «Helduiozu, helduiozu».

Kontatzen ari zitzaidan bitartean, ia automatikoki ateratzen zaigun keinu horretan pentsatu nuen, aktibatzen den sen horretan. Inork ez zekien oso ongi zer egin, eta denek gauza bera egin zuten; eusteko, geratzeko oihukatu, halako egoeretan zerbait oso oinarrizkoa eta oso gizatiarra azaleratuko balitz bezala.

Suizidioa oraindik gai tabua da. Imajinatzen dut lehenengo pertsonan bizi izan duenak ezinegonetik hitz egiten duela hari buruz, akaso errutik ere bai, «zerbait gehiago egin izan banu…» horretatik. Inguruan gaudenok ere ez dakigu zer esan, nola izendatu edo nola kontatu, eta ondorioz, isiltasunak estaltzen du dena.

Askotan esaten da hautu bat dela, baina hitz horrek kirrinka egiten dit. Hautatzeak askatasuna eskatzen du; tartea, erabakitzeko gutxieneko lur egonkor bat. Eta muturreko egoera horietan, lur hori ez da existitzen. Ez dut uste inor egoera horretara heltzen denik lasaitasunetik edo osasunetik abiatuta. Horregatik, ez da guztiz zilegi erabakiaz hitz egitea, aldi berean sufrimenduaz, mugez edo estutzen gaituzten testuinguruez hitz egin gabe.

Arlo klinikoa ezinbestekoa da, argi dago. Psikologoek, psikiatrek, osasun mentaleko baliabideek, horiek guztiek bizitzak salbatzen dituzte. Baina testuinguru sozialak pisu handia du, handiegia esango nuke. Prekaritate kronifikatu batean bizi gara, ziurgabetasun etengabean. Denbora falta da, dirua falta da, sarea falta da. Eta sareak huts egiten duenean, inguruneak eusten ez duenean, ondoeza babes hormarik gabe geratzen da.

Prekaritate kronifikatu batean bizi gara, ziurgabetasun etengabean. Denbora falta da, dirua falta da, sarea falta da

Hemen hurrengo galdera sortzen da: guztion ardura al da? Ez nago errua banatzearen inguruan pentsatzen, baizik eta prebentzioa ikuspegi zabalago eta sakonago batetik ulertzean. Prebentzioa ez da soilik leiho baten ertzean dagoen norbaiti azken unean eustea, lehenago hasten da. Ezinbestekoa da pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzea; etxebizitza, zaintza eta lan duinak bermatzea. Bizitza sostengatuko duten egiturak sendotzea inor ertzera iritsi aurretik, alegia.

Kosta egiten da suizidioaren inguruan hitz egitea, baina isiltasunak are gehiago pisatzen du. Izendatzea, kontatzea, partekatzea ere bada prebentzioa. Hirugarren pisuan zegoen emakume horrek eutsi egin zion bizitzari. Agian kalean bildutako ahots haiek lagundu zioten, nork daki… Baina horregatik beragatik, guk ere hitzei eutsi behar diegu, ahal dugun moduan elkarri heltzeko.