Afrikatik datorren migrazioan jarriko dute arreta Reas sarearen aurtengo ekonomia solidarioaren jardunaldietan

Afrikatik datorren migrazioan jarriko dute arreta Reas sarearen aurtengo ekonomia solidarioaren jardunaldietan

Afrikatik hona: migrazioa, lana eta zaintza kolektiboa. Nafarroako Reas ekonomia sozial eta solidarioko sareak lelo hori aukeratu du aurten, antolatu dituen ekonomia solidarioaren XIX. jardunaldiak aurkezteko. Izan ere, Afrikatik datorren migrazioan jarriko dute arreta gaurtik otsailaren 10era arte Iruñean egingo dituzten jardunaldietan. Nafarroako Reas sareak azaldu du «migrazio fluxu horien protagonista direnei» emango diela ahotsa; horrela, migratzeko arrazoietan sakondu eta migrazioak gaur egun Nafarroako «gizarte osoari» eta ekonomia solidarioari egiten dion ekarpena aztertu nahi dute sareko kideek.

Horrez gain, sareak jakinarazi du hausnarketa egingo dutela Afrikan «kolonialismoz betetako mendeen ondoren» duten egoera sozial eta politikoaren inguruan. Hainbat potentziak eta eragile ekonomikok dituzten «menderatze modu berriak» aztertuko dituzte. Aurtengo jardunaldietan, migratzaileek izaten dituzten arriskuak eta beren bizipenak ere izango dituzte hizpide. 

Nafarroako Reas sarearen zenbait bazkidek parte hartuko dute ekonomia solidarioaren jardunaldietan. Horien artean daude, besteak beste, Emausko Trapuketariak eta Transforma laneratze enpresa. Izan ere, sareak ezagutu eta aztertu egin nahi ditu Nafarroan ekonomia solidarioaren bitartez «biztanleria migratuaren bizitza eta lana duintzeko abian jartzen ari diren esperientzia eraldatzaileak».

Gaur-gaurko gaia

Aurtengo jardunaldietan migrazioan arreta jartzeko arrazoiak azaldu ditu Nafarroako Reas sareko teknikari June San Millanek. Azaldu duenez, sareko kideek uste dute migrazioa gaur-gaurko gaia dela eta sakondu egin behar dela horren arrazoietan eta pertsonek bizitza hobea bilatu ahal izateko migratzeko duten eskubidean. Bereziki Afrikatik datorren migrazioa aztertzeari dagokionez, San Millanek adierazi du orokorrean gizarteak «ezer gutxi» dakiela kontinente horren inguruan. Gaineratu duenez, beste garai batzuetan arrazismoa gehienbat ijitoek eta hegoamerikarrek pairatu duten moduan, orain badirudi Afrikatik datozenak ari direla jasaten batez ere.

«Badirudi gizarteak joera handiagoa duela jarrera kontserbadoreetara eta eskuin muturrekoetara jotzeko»

JUNE SAN MILLAN Nafarroako Reas sareko teknikaria

Azkenaldian gizartean nagusitzen ari diren joeren inguruan ere hausnartu du San Millanek: «Badirudi gizarteak joera handiagoa duela jarrera kontserbadoreetara eta eskuin muturrekoetara jotzeko». Nafarroako Reas sarearen web orrian irakur daiteke gaur egungo eredu ekonomikoak «desoreka larriak» eragin dituela nazioartean, gizarte eta ingurumen arloan. Sarearen xedea da egungo eredu ekonomikoa aldatzea; San Millanek azaldu duenez, ekonomia solidarioak pertsonen bizitza eta ingurunea «eraldatzen» ditu, eta diruari soilik lotuta ez dagoen «aberastasun handia» ematen du. «Ekonomia solidarioak ondo funtzionatzen du gaur egun, baina oraindik asko dago garatzeko tresna horretan», esan du.

Migrazioaren arrazoiak

Gaur izango da lehen jardunaldia, arratsaldeko 18:30ean, Katakraken. Africa United elkarte panafrikarreko buru Modou Faye Beltxa izango da hizlarietako bat. Besteak beste, migratzeko arrazoien eta Afrikako egoera geopolitikoaren inguruan hitz egingo du, Nahia Sanzo kazetariarekin batera. Beltxak aipatu du migratzeko arrazoiak hainbat izan daitezkeela, baina nabarmendu du edozein pertsona afrikar Europara etortzeko arrazoia haren «bizitza hobetzea» dela. 

«Euskal herritar gisa, litekeena da diskurtso arrazistek haserrea eragitea. Baina afrikarrek ez dute entzuten: bizi egiten dute»

MODOU FAYE ‘BELTXA’ Africa United elkarteko burua

Azkenaldian migratzaileen aurka zabaltzen ari diren gorroto diskurtsoen inguruan galdetuta, zera esan du Beltxak: «Euskal herritar gisa, litekeena da diskurtso arrazistek haserrea eragitea. Baina afrikarrek ez dute entzuten: bizi egiten dute. Pertsona baten begirada, beste baten probokazioa, zerbaiten inguruko iruzkina… Beltza izatea ez da erraza». Azaldu du gerta daitekeela norbait arrazista izatea baina bera horretaz ez jabetzea, eta, haren ustez, horixe da «arazoa». Arrazismoa «gaixotasun kronikoa» dela uste du Beltxak, eta pertsona zurien artean «oso errotuta» dagoela. Haren iritziz, «zuri guztiak arrazistak» dira. «Nik ulertzen dut hain arrazista ez den zuria eta arrazismoaren aurka borrokatu nahi duena, baina bere burmuinean sartuta dagoena hor dago», adierazi du.

Beltxak eskerrak eman dizkio Nafarroako Reas sareari; izan ere, duela hamar urte inguru sortu zen Africa United elkartea, afrikarren eskubideen alde borrokatzeko, eta, adierazi duenez, Afrikaren eta kontinentearen historiaren inguruan hitz egiteko ahotsa ematen dieten lehen aldia da. 

EGITARAUA

OTSAILAK 6

18:30. Zergatik migratzen dugu? Begirada bat Afrikako egoera geopolitikoari hitzaldia. Katakraken. 

OTSAILAK 7

11:00. Nafarroa, harrera herria? Migrazioak lehen pertsonan mahai ingurua. Plazara aretoan.
Ondoren. Zeintzuk dira gure pribilegioak eta nola aurre egin gorrotozko diskurtsoei? dinamika.

OTSAILAK 10

18:30. Migrazioa, duintasuna eta lan eta bizi esperientzia eraldatzaileak hitzaldia. Katakraken.

Katakrakeko hitzaldiak streaming bidez ere emango dira reasna.org web orrian.