Starbucks multinazionalak jarritako salaketa baten harira, deklaratzera deitu dituzte Palestinaren aldeko zenbait ekintzatan parte harte duten lau euskal herritar. Iazko urrian Iruñean Palestinaren aldeko mobilizazioak antolatu zituzten hiru herri mugimendutako kide banak jaso dute salaketa: IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak urriaren 2an egindako ikasle grebaren deitzaileak; Palestinarekin Elkartasuna plataformak urriaren 4an antolatutako mobilizazio nazionalaren deitzaileak; eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako elkarretaratzearen deitzaileak. Horrez gain, Iruñeko Alde Zaharreko ekintzaile bat ere deitu dute deklaratzera.
Salaketa jaso duten lau lagunek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, oraingoa ez da multinazionala «Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzen» ahalegintzen den aurreneko aldia. Aipatu dute, adibidez, 2023an salaketa bat jarri ziola Workers United sindikatuari, urte hartako urrian sare sozialetan Palestinaren aldeko mezu bat jartzeagatik. Haien arabera, salaketa honen bidez, azken urteetan jasandako kalteen «errudun bila» dabil konpainia.
Israelek Gazaren aurkako sarraskia abiatu zuenetik, hainbat izan dira Starbucksek Iruñeko Alde Zaharrean duen egoitzaren aurka egin diren kritikak eta salaketak, besteak beste, «genozidioarekiko konplizitatea» adierazteagatik. Halere, salaketa jaso duten herritarrek nabarmendu dute horren helburua dela Palestinaren aldeko ekintzaileen «errepresioa» areagotzea, eta beste bi «errepresio kasu» jarri dituzte adibidetzat: «Iruñean bi lagun atxilotu zituzten urtarrilean, iazko urriaren 15eko mobilizazio egunean izandako protesten harira, eta, aurretik, Vueltan talde israeldarrak parte hartzearen aurkako protestengatik zortzi pertsona auzipetu zituzten, eta dozenaka laguni isunak jarri zizkien».
Hala, datorren martxoaren 21ean Durangon antolatu duten Oihu Bat Palestinara jaialdira joateko deia egin dute; izan ere, etekinen zati bat «errepresioari aurre egitera» bideratuko dute.
