EH Bildu inperiasmoaren aurka eta bakearen alde ariko da apirilaren 5ean, Aberri Egunean

EH Bildu inperiasmoaren aurka eta bakearen alde ariko da apirilaren 5ean, Aberri Egunean

«Herri bat garela, herri guztiek dituzten eskubideak dagozkigula eta libre izan nahi duen nazioa garela aldarrikatuko dugu». Iruñean ospatuko du Aberri Eguna EH Bilduk, apirilaren 5ean. Nazio aitortzaz gainera, Miren Zabaleta koordinatzaile nagusiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak azaldu dutenez, inperialismoaren erasoak salatu eta «bakearen aldeko mezua» emango dute ere. 

Koalizioak Iruñeko Alde Zaharrean duen egoitzan eman dute horren berri. Ohiko egitaraua izango du Aberri Egunak. Eguerdian ekingo dio manifestazio nagusiak, Golem zinema aretoetatik Antoniuttiraino. Ondoren, jai giroan jarraituko du egunak. Kale animazioa antolatu dute Alde Zaharrean. 16:00etan hasita haurrentzako jolas gunea egongo da Burgoen plazan, Udaletxe plazaren atzealdean. Ordu berean, Gazteluko plazan kontzertuak izango dira: Bele, Marte Lasarte, eta Tapia eta Leturia. 

Zabaletak Iruñera hurbiltzeko deia egin die euskal herritarrei. Bere esanetan «Euskal Herriak irudikatzen duen proiektuarekin bat egiteko aukera izango da bertan». Horien artean daude faxismoari aurre egitea; euskal herritarren bizi baldintzak duintzea eta eskubide sozialak bermatzea; eta oldarraldi politiko, mediatiko eta judizialaren aurrean euskararen biziberritzea. 

Nazioarteari begira

Nazioarteko egoera ziurgabeari ere erreparatu nahi dio EH Bilduk Aberri Egunean, eta «inperialismoaren sarraskiak salatu». Joseba Asironek azpimarratu du herri guztiek dutela «beren subiranotasuna errespetatua izateko eskubidea». Hala, elkartasuna adieraziko diete erasoa jasaten ari diren herri guztiei. «Ahotsa altxatu eta bakea eta eraso inperialisten amaiera exijitzeko garaia da».

Gogora ekarri du 1986an NATOri buruzko erreferenduma egin zenean, Euskal Herriaren gehiengoak erakunde horretan sartzearen aurka bozkatu zuela. «Aberri Eguna herri gisa ditugun eskubideak aldarrikatzeko, bakea exijitzeko eta gerraren amaiera eskatzeko mobilizazioa izango da».