Joan den urteko otsailean gertatu zen: Voxek etorkinen kontrako mezuak zabaltzeko karpak jarri zituen Berriozarren, Noainen (Nafarroa) eta Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu zituen. Orduan, eskuin muturreko alderdiak epaitegian salatu zuen «biktima gisa» ez ziotela akziorik eskaini, eta asteon jakinarazi dute dagokion epaileak arrazoia eman diola. Berriz hasi dute prozedura, Naiz-ek argitaratu duenez: 16 pertsona deitu dituzte deklaratzera, eta bertze zazpi lagun identifikatzeko eskaera egin du epaileak.
Eskuin muturreko alderdiak jarritako karpen aurka protesta egin zuten hainbat herritarrek, eta istiluak zan ziren. Handienak Berriozarren gertatu ziren, eta Foruzaingoek hainbat pertsona zauritu zituzten foam jaurtigaiekin. Anbulantzia bat bidali zuten zaurituak artatzera eta hala behar zutenak ospitaleratzera.
Prozedura judiziala, berriz, ustezko «gorroto delitu» batekin abiatu zuten, baina «desordena publikoa, atentatua, eta bi pertsonen aurkako mehatxua» egitea egotzi zieten gero. Prozesua bi lagunen aurka hasi zuten, baina Voxen helegitea tarteko, zabaldu egin dute. Oraingoz, identifikatu zituzten hamasei lagunek astelehenean joan beharko dute deklaratzera. Horrez gain, epaileak egun hartako bideotan agertzen diren beste zazpi lagun identifikatzeko eskatu du. Hala, bitik 25era igo da ikertu kopurua.
