Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek agerraldia egin dute gaur Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordean, Lanbide Heziketa dualaren ezarpenak eragindako «arazoak» aletzeko. Zehazki, gogorarazi dute Lanbide Heziketako irakasleen %86k duela hilabete salatu zutela modalitate horren «ezarpen kaotikoa», baina ordutik Hezkuntza Departamentuak ez duela «inongo mugimendurik edo keinurik egin» egoera konpontzeko: «Nafarroako Parlamentuak ere mozio bat onartu zuen, zeinean gobernuari eskatzen baitzitzaion negoziazio prozesu bat abian jar zezala, dualaren ezarpenaren arazoak konpontzeko. Alta, mozio horri ere ez dio erantzun departamentuak».
Besteak beste, «inbertsio handiagoa» galdegin diote sindikatuek Carlos Gimenoren departamentuari, «Lanbide Heziketa duin bat» bermatze aldera, eta, egoera konponbidean jarri ezean, ohartarazi dute gai direla antolatzeko eta mobilizatzeko. Horren adibidetzat jarri dituzte azken hilabeteetan eginiko elkarretaratzeak, manifestazioak eta greba deialdiak: «Ez dugu onartuko hurrengo ikasturtea abiatzea aurtengo aurreikuspen, antolamendu eta finantzaketa faltarekin. Nafarroako Gobernuaren immobilismoa ikusita, protestei eutsiko diegu, agintariek erantzukizuna hartu eta irtenbide errealak mahai gainean jarri arte», adierazi dute.
