Eskolek suizidioen prebentzioa lantzea nahi du Nafarroako Gobernuak

Eskolek suizidioen prebentzioa lantzea nahi du Nafarroako Gobernuak

Iaz 39 pertsonak egin zuten beren buruaz beste Nafarroan. 2001etik izandako kopuru apalena da. Hala ere, azken 26 urteetako datuak aintzat hartuz gero, batez beste 50 pertsona suizidatu dira urtero. Astean bat, gutxi gorabehera. Beren buruaz beste egin zutenen kopuruak 2023an jo zuen goia: 65 izan ziren. 2023an ospitalera eraman zituzten suizidatzen saiatu ziren 115 pertsona. Lautik batek 15 eta 29 urte artean zituen.

Suizidioei buruzko datu gordinak dira. Nafarroako Gobernuak suizidioak prebenitzeko eta jokabide suizidak dituzten pertsonak artatzeko estrategia aurkeztu du gaur. Jokabide suizidak dituzten pertsonen kopurua eta eragina apaldu nahi du. Suizidioak prebenitzeko behatoki bat sortuko du, baina oraindik zehazteko ditu haren funtzioak eta egitura.

Helburu estrategikoak

Estrategiaren helburu nagusietako bat da suizidio arriskua garaiz antzemateko sistema hobetzea. Horretarako, suizidioa landu nahi dute hezkuntza sisteman. Nafarroako Gobernuak proposatu dituen ekintzen artean dago eskoletako elkarbizitza planetan jokabide suiziden prebentzioa lantzea. Horrez gain, «eguneratu eta aplikatu» egingo dute suizidio arriskuan dauden ikasleentzako Hezkuntza Departamentuaren eta Buru Osasun sarearen arteko koordinazio protokoloa.

Hezkuntzako helburuaz gain, beste helburu estrategiko batzuk ditu egitasmoak: informazio sistemak hobetzea, jokabide suizidak aztertzeko eta esku hartzeko; gizartea sentsibilizatzea eta aurreiritziak baztertzea; informazioa zabaltzea; suizidioak erraztu ditzaketen lekuak edo baliabideak zaintzea; talde zaurgarrietan suizidioa antzemateko sistemak hobetzea; larrialdi zerbitzuen eta polizien esku hartzeak koordinatzea; eta osasun zerbitzuetan suizidioak lantzea. 

Fernando Dominguez Nafarroako Osasun Kontseilariak nabarmendu nahi izan du suizidioak antzemateko eta garaiz laguntzeko ekintzak ez direla osasun arlokoak soilik, eta parte hartuko dutela hezkuntza sistemak, gizarte zerbitzuek, justiziak, enpleguak, komunikabideek eta elkarteek. Gehitu du aintzat hartu dituztela genero eta gazteria ikuspegiak. 

Onartu du jokabide suizidak osasun publikoko «arazo nabarmena» direla, «konplexuak direlako, faktore askok eragiten dutelako eta kolpe handia eragiten dielako pertsonei, familiei eta gizarteari».

Senide eta lagunak

Eta inguruko norbaitek bere buruaz beste eginez gero, zer? Estrategiaren helburuetako bat da suizidatu direnen senideei eta lagunei babesa eskaintzea. Hala ere, horretarako planteatzen dituen ekintzak ikusita, agerian geratzen da arlo horretan hutsune handia dagoela. Ekintzen artean daude, besteak beste, triptikoak banatzea, protokolo bat hitzartzea, elkarteei laguntzea eta pertsona horien jarraipen programak ezartzea.