Palestinako Lurraren Eguna olibondo baten bueltan gogoratuko dute Iruñean

Palestinako Lurraren Eguna olibondo baten bueltan gogoratuko dute Iruñean

Palestinako Lurraren Eguna gogoratzeko, hainbat jarduera egingo ditu igandean Yala Nafarroa plataformak, iaz Iruñeko Alde Zaharreko Piparrika baratze komunitarioan landatutako olibondoaren inguruan. Besteak beste, poema palestinarren irakurketa, musika, aurreskua, dantza tradizional palestinarrak eta mokadua izango dira, 12:00etatik aurrera. Bi egun lehenago, ostiralean, «Palestinaren aldeko lorategi bat» inauguratuko du Udalak, Mendillorri auzoan, Yala Nafarroaren ekimenez. Ekitaldi horretan bertoko institutuko ikasleek eta irakasleek parte hartuko dute, egun hauetan memoriaren inguruko jardunaldiak egiten ari baitira.

Martxoaren 30a, Palestinako Lurraren Eguna, 1976an palestinarren aurka haien lurraldean egindako sarraskiaren eta eraso basatiaren urteurrena da. Hain zuzen, aurten 50 urte beteko dira, «Israelgo armadak sei palestinar hil zituenetik, indarrez lapurtu zizkieten lurrak berreskuratzeko protestan ari zirela», Yala Nafarroak gogoratu duenez.

«Okupazioa, apartheida eta genozidioa hamarkadetan sufritu duen herri baten biziraupena sinbolizatzen du olibondoak»

Yala Nafarroa

Iaz olibondoen landaketa sustatu zuen Palestinarekiko elkartasun taldeak, eta zehaztu duenez, Nafarroako beste «30 herrik baino gehiagok» bat egin zuten ekimenarekin. «Aurten beste herri asko batuko dira, Sartagudatik Pirinioetaraino», jakinarazi dute. Horiek horrela, Iruñean ez ezik, beste herrietan ere landatutako olibondoen inguruan gogoratuko dute Lurraren Eguna aurten.

Biziraupenaren ikur

Yala Nafarroak gogorarazi du «familia askoren ekonomia sostengatzeaz gain, sustraitze eta leku eta komunitate bateko kide izatearen sentimenduaren oinarria» ere badela lurra Palestinan.

«Olibondoa bakearen eta bizikidetzaren sinbolo izan da beti. Baldintza zailetan errotzeko eta bizirauteko gaitasuna dauka. Okupazioa, apartheida eta genozidioa hamarkadetan sufritu duen herri baten biziraupena sinbolizatzen du olibondoak».

Gainera, gaitzetsi dutenez, azken hilabeteetan «areagotu egin dira nekazari palestinarrek Israelgo armadaren aldetik, baina batez ere kolonoen aldetik, jasaten dituzten erasoak». «Beren uztak suntsitu eta lapurtzen dituzte, edo beren lurretara sartzea eragozten diete. Familia osoak kanporatzen dituzte zigorgabetasun osoz, eta Israelgo Gobernuaren eta armadaren babesarekin jipoitzen edo zuzenean hiltzen dituzte».

Horregatik guztiagatik, Nafarroako gizarte osoa deitu dute Lurraren Egunaren ekitaldietan parte hartzera.