Izabako Larra-Belagua eski estazioko eski pistak handitzea eta hobetzea, estazio hori Eretako (Biarno, Okzitania) La Pierre Saint-Martin eski estazioarekin lotzeko mendiko eskiko eta erraketetako ibilbide bat sortzea, azpiegiturak berritzea… Besteak beste, hori guztia egin nahi dute Larra-La Pierre 360 proiektuaren bitartez. Europako egitasmo bat da, eta martxoaren hasieran aurkeztu zuten Larra-Belaguan. Erronkaribarren eta Biarno Garaia eskualdean turismo jasangarria eta irisgarria bultzatzea du helburu. Izan ere, turismo jasangarria hazkunde ekonomikorako, biztanleria finkatzeko eta enplegu edo ekintzailetza aukera berriak sortzeko «hauspo» izatea bilatzen dute.
«Larra-La Pierre 360 proiektu turistiko bat baino askoz gehiago da. Kooperazioaren, ingurumen iraunkortasunaren, garapen orekatuaren eta mendiaren kudeaketan berrikuntzaren alde egiten duen apustu bat da». Hori adierazi zuen Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak, proiektuaren aurkezpenean. Hala ere, Larra-Belagua eski estazioak ekologisten protestak eragin zituen, proiektua sustatu zutenean. Izan ere, 2003an, estazioa egiteko, Larrako erreserbaren mugak murriztu zituzten, Nafarroako Naturaguneen Legea bigarrenez aldatuz —lehen aldiz Itoizko urtegia egiteko aldatu zuten—.
Proiektua egiteko ia 5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute 2028ra arte. Proiektuaren %65 Europako Batasunak finantzatuko du, POCTEFA mugaz gaindiko lankidetza programaren funtsen bitartez, eta, Carlos Anaut Izabako alkateak aipatu duenez, 2028. urtea amaitzearekin batera bukatuko da proiektua gauzatzeko epea.
Lurraldeen arteko lankidetza
Esnaolaz gain beste hainbat ordezkari ere izan ziren aurkezpenean; izan ere, guztira Nafarroako eta Biarno Garaiko hamabi erakunde bazkidek parte hartu dute proiektuan. Bazkide horietako bat NICDO enpresa publikoa da. Enpresa horrek kudeatzen du Larra-Belaguako eski estazioa, eta estazio horren arduraduna da Julen Garjon erronkariarra. Garjonek adierazi du proiektu «interesgarria» dela bi arlogatik: batetik, Erronkaribarrek eta Biarno Garaiak dituzten lotura kulturalengatik eta historikoengatik, eta, bestetik, emandako diru laguntza baliagarria izango delako bazkide bakoitzak behar dituen proiektuak aurrera eramateko.
«Proiektu honen bitartez, asko hobetuko ditugu harremanak mugaren beste aldeko erakundeekin»
CARLOS ANAUT Izabako alkatea
NICDOrekin batera, Nafarroako zenbait udalerrik ere parte hartu dute proiektuan; esaterako, Izabak. Carlos Anaut Izabako alkateak adierazi duenez, Larra-La Pierre 360 proiektua beste egitasmo batzuk baino interesgarriagoa da mugaz bestaldeko «bizilagunekin» egindako lankidetzagatik. «Egingo diren proiektuak oso ondo datoz, baina, proiektu honen bitartez, asko hobetuko ditugu harremanak mugaren beste aldeko erakundeekin. Uste dut epe luzera hori askoz ere garrantzitsuagoa dela», nabarmendu du Anautek.
Nafarroan hainbat proiektu
Larra-La Pierre 360 proiektuak Erronkaribarren eta Biarno Garaian egingo diren beste zenbait egitasmo biltzen ditu. NICDO enpresa publikoak proiektu horiek azaldu ditu. Besteak beste, aurreikusi dute Nafarroan Larra-Belagua eta La Pierre Saint-Martin eski estazioak lotuko dituen mendiko eskiko eta erraketetako ibilbide bat sortzea, via ferrata bat eta eskalatzeko gune bat sortzea, zenbait eski pista handitzea eta hobetzea, eta Larra-Belaguako El Ferial izeneko eraikinean jolasgune bat sortzea. Horiez gain, Izabako eta Urzainkiko udalek eta Erronkaribarreko Batzorde Nagusiak beste zenbait proiektu ere proposatu dituzte; esaterako, ibilbide turistiko berriak sortzea eta San Martin Harriaren gunea zaharberritzea.
«Mendia zer den ulertzen ez duen eta erreserba bat zergatik dagoen ez dakien jendea etortzen da askotan»
JULEN GARJON Larra-Belagua eski estazioko arduraduna
Izabako eta Eretako eski estazioak elkartzeko ibilbidea sortzeari dagokionez, Garjonek aipatu du hori Larrako erreserba naturala babesteko modu bat dela; izan ere, esan du «gero eta jende gehiago» joaten dela mendiko eskia egitera edo erraketekin ibiltzera, eta ibilbide hori halako jarduerak kontrolatze aldera sortu dutela. «Mendia zer den ulertzen ez duen eta erreserba bat zergatik dagoen ez dakien jendea etortzen da askotan, baina guk kontuan izaten dugu. Hainbat animalia daude; esaterako, basoilarra —espezie mehatxatuen Nafarroako katalogoan galtzeko arriskuan dagoen hegaztia— edo hartzak», azaldu du Garjonek. Horrez gain, erronkariarrak aipatu du bi eski estazioak elkartzea Larra-La Pierre 360 proiektuaren «gakoa» dela. «Proiektu amankomun bat» denez, Garjonek esan du bi eski estazioak batzeak proiektuari «zentzua» ematen diola.
Lotura historikoak
Ez da lehen aldia izango Erronkaribar eta Biarno Garaia elkarrekin aritzen direla; izan ere, bi eskualdeek aspalditik dituzte lotura historikoak. Esaterako, urtero, uztailaren 13an, erronkariarrak eta biarnotarrak San Martingo Harrian elkartzen dira Hiru Behien Zergaren ekitaldia egiteko, eta hori 1375ean ezarritako lege baten harira egiten da. Erronkaribarreko Batzorde Nagusiaren arabera, zenbait historialarik esan dute «gerra tributu bat» dela, eta indarrean dagoen Europako nazioarteko itunik zaharrena. Urtero egiten den ekitaldian, Baretos ibarreko biarnotarrek hiru behi ematen dizkiete Erronkaribarreko Izaba, Urzainki, Uztarroze eta Garde herriei, eta bi eskualdeetako agintariek bakearen aldeko konpromisoa hartzen dute.
Larra-La Pierre 360 egitasmoa aurkezteaz gain, lan mahaiak ere martxan jarri dituzte proiektuaren jarraipena egiteko.
