42 neska eta emakume grabatu zituen Zizur Nagusiko (Nafarroa) institutuko komunetan eta zenbat saltokitako aldageletan, horietatik 31, adingabeak. Nafarroako Auzitegiko lehen atalak zigortu egin du: 180 urteko eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio institutu horretako 39 urteko irakasle bati. Gehienez hamabost urteko espetxe zigorra beteko du, ezarritako zigor handienaren iraupenaren halako hiru. Zigortu egin dute intitimitatearen kontrako delituengatik, intimitatearen kontrako delitu jarraituengatik, haur pornografia edukitzeagatik eta haur pornografia sortzeagatik. Kartzelatik ateratakoan, hamar urtean ezingo du adingabeekin harremana duen lanbidetan aritu edo jarduerarik egin.
Epaileek aringarri bat aplikatu diote: eragindako kaltea konpontzea. Zigortuak 273.000 euro utzi zituen auzitegiaren esku epaiketa hasi aurretik, eragindako kaltea konpontzeko. 3.000 eta 15.000 euro arteko kalte ordainak eman beharko dizkie emakumeei. Baztertu egin dituzte defentsak eskatutako beste aringarri batzuk: buru nahasmendua, prozesua luzatzea eta egindakoa aitortzea.
Bizilagun bat konturatu zen
2023ko urrian abiatu zen ikerketa: zigortuaren eraikin berean bizi zen emakume batek Foruzaingoan salatu zuen norbait ari zela bera grabatu nahian, kamera bat ikusi baitzuen logelako leihoaren kanpoaldean. Gailua soka bati lotua zegoen, eta goiko solairuko leiho batetik zintzilikatu zuten, emakumearen etxebizitzaren barnealdea grabatu ahal izateko. Foruzaingoak akusatua atxilotu zuen, eta, etxean zituen gailu elektronikoak aztertuta, delitu gehiagoren zantzuak antzeman zituen: dozenaka neska gazteren irudiak topatu zituzten, komunetan eta aldageletan baimenik gabe hartuak.
Foruzainek grabazioetan identifikatu ahal izan zituzten emakumeen artean zeuden Zizur BHIko 30 ikasle eta ikasle ohi, ikastetxe berean lan egiten zuten lau irakasle, arropa denda baten aldageletan grabatutako bost emakume eta akusatuaren bi bizilagun. 41 emakume, guztira, eta horietatik 31, adingabeak. Arropa dendetako aldageletan grabatutako irudien artean, emakume gehiagoren irudiak topatu zituzten poliziek, baina ezin izan zituzten identifikatu.
Sare sozialetako pasahitzak
Epaiaren arabera, zigortuak, nesken irakaslea zela eta haien datu pertsonalak zituela baliatuz, haien posta elektronikoetako eta sare sozialetako pasahitzak eskuratzeko, Instagramekoak eta Snapchatekoak esaterako. Nesken artxibo eta argazki intimoak ikusi eta gorde zituen. Programa informatiko bat ere bazuen, adimen artifizialaren bidez neskak argazkietan biluzteko eta bera argazkietan haiekin agertzeko.
180 urteko espetxe zigorra eta 252.500 euroko kalte ordaina eskatu zuen fiskaltzak harentzat, intimitatearen aurkako 41 delitu egotzita. Defentsak onartu egin zuen akusatuak intimitatearen kontrako delituak egin zituela; baina delitu jarraitu gisa aintzat hartzeko eskatu zuen. Auzitegiak baztertu egin du eskaera hori, «kaltetutako pertsona bakoitza gainerakoengandik independentea baita, eta, gainera, bortxatutako oinarrizko eskubideen jabe da, kasu honetan intimitate eskubidearen jabe».
Irakaslea martxoaren 24an eta 25ean epaitu zuten. Epaia ez da irmoa eta haren kontrako helegitea aurkez dezakete Nafarroako Auzitegi Nagusian.
Zinpeko zaintzaile bat zigortu dute
Nafarroako Auzitegiko lehen atalak adingabeen zentro bateko zinpeko zaintzaile bat zigortu zuen atzo, zentroko bi neskari ukituak egiteagatik, Diario de Navarra egunkariak jakinarazi duenez. Hiru urte eta bi hilabeteko zigorra ezarri dio. Akusatuak delituak onartu zituen eta zigorrari buruzko akordioa lortu du fiskaltzarekin. Ez da espetxean sartuko, lau urtean deliturik egiten ez badu. Fiskaltzak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat. 7.000 euro ordainduko dizkio neska bati eta 3.000 euro beste bati.
2023ko udan, zinpeko zaintzaileak, neska bat miatzeko aitzakiarekin, ukituak egin zizkion. Hurrengo egunean ukituak egin zizkion beste neska bati. Adingabeen zentroan protokolo bat dago adingabeak miatzeko: zaintzaileak arduradunei deitu behar die, adingabeak behaketa gela batean sartzen dituzte, eta zaintzaileak soilik metal detektagailu bat erabil dezake, beti ere hezitzaileen aurrean.
