Manifestaziora deitu du Negu Gorriak kolektiboak, Arantzadiko etxegabeen kaleratzea salatzeko

Manifestaziora deitu du Negu Gorriak kolektiboak, Arantzadiko etxegabeen kaleratzea salatzeko

Obretako hesiaren bestaldean egin behar izan dute agerraldia, ahotsak hondeamakinen eta zerra erradialen zarataren azpian isilduta. Lanak iragarri eta ordu gutxira heldu ziren makinak eta beharginak Arantzadira, eta orain ezinezkoa da agustindarren komentu zaharrera sartzea. Eraikin abandonatu horretan bizi ziren ehundik gora lagun, migratzaileak denak, eta salatu dutenez, orain ez dute nora joan. «Askok barruan utzi zituzten nortasun agiriak, errolda tramitatzeko paperak eta bestelako gauza pertsonalak, eta gehienei ez diete utzi horiek berreskuratzen», azaldu du Samira Calvok, Negu Gorriak kolektiboko kideak. Manifestazio bat antolatu du plataforma horrek, Arantzaditik kanporatutako etxegabeen egoera larria eta Iruñeko Udalaren jokabidea salatzeko. Heldu den larunbatean eginen dute, 12:00etan, Iruñeko Errekoleten plazatik abiatuta.

Calvorekin batera, Fatima El Mourabitek hartu du hitza, Negu Gorriak kolektiboa osatzen duten eragileen izenean. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako manifestuan, adierazi dute Arantzadiko komentu zaharra husteko operazioan «140 langile migratzaile» irtenarazi zituztela, eta ez dietela bizitoki alternatibarik eskaini. Iruñeko Udala jo dute gertatutako guztiaren erantzuletzat: «Udalak bere erabakiz hustu du eraikina, hirigintza zinegotziak astelehenean aitortu zuen bezala, eta udaltzainak izan dira operazioa aurrera eraman dutenak. Hau izan da Asironek oso-osorik erabakitako makro-kaleratze bat, ez Nafarroako Gobernuak ez Espainiakoak ez baitute esku hartu, eta ez da egon udala behartzen zuen agindu judizialik». 

«Joseba Asironen eta Txema Mauleonen formak ez dira Trumpek eta Albiolek erabiltzen dituztenak, baina emaitzak antzekoak dira»

SAMIRA CALVO Negu Gorriak kolektiboko kidea

Eraikinetik egotzitako gazte gehienei aukera eman zieten hiru egunez udal aterpetxeetan gelditzeko. Gaur amaitu zaie egonaldia, eta udalak bi gau gehiago eskaini dizkie hiriko hoteletan. Gero, kalean geldituko dira. «Udalak ez die besterik eskaini, eta ez denei, gainera: udaltzainek identifikatu zituztenei eta Iruñean erroldatutakoei bakarrik eman diete aukera hori», esplikatu du Calvok. Askok, baina, ez dute errolda agiria, eta hori lortzeko behar duten dokumentazioa eraikin abandonatuan dago oraindik: «Gehienei ez diete baimenik eman beren gauzak biltzeko. Hortaz, Arantzadin dituzte maletak, objektu pertsonalak eta beren egoera erregularizatzeko behar duten dokumentazioa». Gazte migratzaileen erroldatze prozesuari urteetan jarritako trabak ere salatu dituzte Calvok eta El Mourabitek: «Bostehun eskaera inguru blokeatu dituzte iazko ekainaz geroztik».

Lanak Arantzadiko komentu zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU

«Etxegabetzeen olatu bat»

Negu Gorriak kolektibokoek uste dute «makro-hustutzeen olatu batek» zeharkatzen duela Euskal Herria: «Hasieran Bilbon egin zuten, gero Donostian, eta orain Iruñean. Hiru hiriburuetako modus operandi-a berbera izan da, gainera: gazteak kriminalizatzea, espazioa interes pribatuen esku uztea eta han zeudenak bizitoki alternatibarik gabe kanporatzea». Are: Iruñeko Udalaren jokabidea alderatu dute Donald Trumpek AEBetan eta PPko Xavier Albiolek Badalonan (Herrialde Katalanak) dutenarekin: «Hemen ez dago ICErik, AEBetan bezala. Ez da beharrezkoa. Eragin bera dute Espainiako atzerritar legeak eta udal erakundeen kolaborazionismoak. ICEren jarduerek iritzi publikoa hunkitu dute, eta Badalonako makro-hustutzeak Iruñea eta Nafarroa gobernatzen duten alderdi guztien gaitzespena jaso zuen. Joseba Asironen eta Txema Mauleonen formak ez dira Trumpek eta Albiolek erabiltzen dituztenak, baina emaitzak antzekoak dira».

Horregatik guztiagatik, dozenaka etxegaberen kanporatze masiboak eta «makro-hustutzeak» salatuko dituzte heldu den larunbateko manifestazioan.