Maiatzaren 17an eginen dute Sortzen Jaia Iruñean, ‘Ele bat, milaka kolore’ lelopean

Maiatzaren 17an eginen dute Sortzen Jaia Iruñean, ‘Ele bat, milaka kolore’ lelopean

Ele bat, milaka kolore. Dozenaka ikastetxe, ehunka boluntario, milaka ikasle eta familia. Eta hizkuntza bat: euskara. Urtero bezala, D ereduko eskola publikoen aldeko festa antolatu du Sortzen elkarteak. Iruñeko Taconera parkean eginen dute, maiatzaren 17an. Aurten, antolatzaileek festaren ardatzean jarri nahi izan dituzte «Sortzen-ek egiten duen lana eta ikas komunitateen parte hartzearen izaera boluntarioa». Eta baita euskara ere, noski.

Horretarako, egitarau zabala prestatu dute, goizetik iluntzera aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko. 11:00etan, kalejira musikatua eginen dute Ortzadar dantza taldeak lagunduta, Entzierroaren monumentutik abiatuta, Taconerako jai guneraino. Goiz osoan, umeentzako jolasak antolatuko dituzte parkean, eta Kittu txarangak giroa gozatuko du bazkalordura arte. 14:00etan, bazkari herrikoia eginen dute jai gunean, Ondalankoopen eskutik. Txartelak salgai dira helbide honetan, 25 euroan helduentzat eta 15 euroan haurrentzat.

15:30ean, 9 urtetik gorakoek aukera izanen dute taldekako herri kirol probetan parte hartzeko, eta ordu berean, kantuz emanaldia hasiko da, Kittu taldearen eskutik. 17:00etan, kontzertua eskainiko du Hiuzz taldeak. Egun osoan, zabalik egonen dira tonbola, elastikoen salmentarako postuak eta jan-edana hartzeko txosna.

Sortzen-ek, bestalde, informazio puntu bat ere zabalik izanen du, martxan jarriak dituen egitasmoen eta proiektuen berri emateko. Besteak beste, jendaurrean aurkeztuko dituzte Euskararen Normalizazio Plana, Jauzi.eus euskarazko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea, SOS Arrazakeriarekin batera landutako Denon eskola, guztiondako euskara egitasmoa eta bestelako formakuntza eta aholkularitza saioak.

egitaraua

11:00. Kalejira: Entzierroaren monumentutik abiatuta Takonerako jai guneraino, Ortzadar dantza taldearekin. 
11:30. Umeentzako jolasak.
12:00. Kittu txaranga.
14:00. Bazkari herrikoia, Ondalankoopek prestatua.
15:30. Taldekako herri kirolak
15:30. Kantuz, Kittu txarangarekin.
17:00. Hiuzz taldearen kontzertua.
19:00. Jasotzeko eta garbitzeko tartea.
 
Egun osoan: Sortzen info puntua, tonbola, kamiseta salmenta, barra, hanburgesak eta taloak.