«Sortzen ditugun planek eragina izatea nahi dugu; bestela, ez dute zentzurik»

«Sortzen ditugun planek eragina izatea nahi dugu; bestela, ez dute zentzurik»

Zuzenbidean lizentziatua eta berdintasun agentea da Alicia Fernandez de Pierola Martinez (Mendabia, 1973). Duela 25 urte Equala Ekimenak Aholkularitzan proiektua sortu zuen. Equala Ekimenak genero berdintasunean espezializatutako Nafarroako lehenengo aholkularitza enpresa da. 2023tik, LGTBI kolektiboari lotutako planak ere egiten dituzte. Tokian tokiko beharren arabera, erakunde, elkarte, enpresa eta udalekin lan egiten dute.

25 urte bete ditu Equalak; nolakoa izan da orain arteko bidea?

Proiektuak grina pizten digu oraindik arlo guztietan. Ez gara ohiko aholkularitza proiektu bat. Hau da, aktibismoa presente dugun arren, ez gara plataforma aktibista bat, baina oso konbentzituta gaude egiten dugunarekin. Profesionalak gara genero berdintasuneko gaietan, eta lanean aritzen gara erakundeetan, udaletan eta pertsonengan izaten diren eraldaketak babesteko. 

Enpresentzako berdintasun planak egiten hasi zinen; zeintzuk ziren hasierako helburuak?

Administrazio publikoan eta enpresetan berdintasunaren bidean urratsak egitea, eta emakumeen elkarteekin lan egitea.

Zer erronka zenituzten orduan?

Berdintasun kontuak lantzera behartzen zuen araudi gutxi zegoen. Izan ere, 2007ra arte ez zuten onartu Berdintasun Legea. Baten bat oso konprometitua zegoen, baina ez zen ohikoa. Batez ere sentsibilizazioa eta kontzientzia lantzen genituen. 

«Ezinbesteko ikusten genuen begirada intersekzionala izatea; bestela, lan partziala egingo genuke»

2007ko legeak ez ezik, zer beste mugarrik markatu ditu zuen lan ildoak?

Berdintasun Legea onartu ondoren, 250 langiletik gora zituzten enpresak behartuta zeuden berdintasun plan bat izatera. Egia da Nafarroan ez daudela tamaina horretako enpresa asko, baina horrek, nolabait ,eragin zuen enpresa ertain eta txikietan formakuntzak egiten hastea eta berdintasun planak sortzeko diru laguntzak eskatzea. 2007an, gainera, Genero Berdintasuna Enpresetan izeneko ziurtagiria sortu zuten aholkularitza enpresentzat. Horrek lan egiteko modua zabaldu zuen. Giza baliabideetan berdintasun planen xehetasunak emateaz gain, kanpora begirako jarduerak eta harremanak ere kontuan hartzen zituen. Hau da, bezeroei, hornitzaileei, administrazioari eta gizarteari zabaldu zitzaion, oro har. Azken urteetan, planak oso zehaztuta daudenez, kanpoko begirada albo batera geratu da. Interesgarria litzateke hori berreskuratzea. 2007tik 2017ra tokian tokiko lan handia egin genuen, eta autoarekin leku batetik bestera joaten ginen. Greba feministek ere eragin handia izan zuten. 

Zertan?

Hiru ardatz nagusik ekarri zuten kalera atera izana: indarkeria sexualak, lan eta soldata diskriminazioak, eta zaintzen kargak. Horren ondorioz, indarkeria sexuala askoz gehiago lantzen hasi zen, eraso sexisten protokoloak sortu ziren, puntu moreak, Me Too mugimendua eta beste. Horrek guztiak gehiago jakiteko eta formakuntza jasotzeko beharra sortu zuen, eta geroz eta gehiago eskatzen zuten lan esparruan halako lanketak egitea. Sanferminetako talde bortxaketaren lehenengo sententziaren ostean izan ziren protestek ere eragin handia izan zuten. 

Pandemia ostean, genero berdintasuna ez ezik beste borroka batzuk ere lantzen hasi zineten. Zuek eragindako aldaketa bat izan zen, edo gizartearen beharrak bultzatua?

Ezinbesteko ikusten genuen begirada intersekzionala izatea; bestela, lan partziala egingo genuke. Besteak beste, kontuan hartu nahi genituen kulturartekotasuna, arraza, erlijioa, jatorria, klase soziala, adina, desgaitasuna eta LGTBI begirada. Horretarako, trebatuz joan gara. Praktikan egiten genuen, baina metodologia gehitu nahi genuen. Modu honetan, egiten dugun lana egokiagoa eta osatuagoa da, eta lotura handiagoa dauka gizartearen beharrekin. 

«Enpresa askotan jazarpen sexuala lantzea lehenesten dute, premia handia dagoelako»

Azkenaldian, asko lantzen ari zarete sexu jazarpena. Aldatu egin da auzi horri buruzko kontzientzia?

Gizarte mugimenduei eta araudiari esker, kontzientzia asko handitu da. Hala ere, zenbait mugimendu erreakzionario daude. Enpresa askok jazarpen sexuala lantzea lehenesten dute, premia handia dagoelako. Azken finean, sexu jazarpena erakunde guztietan dago. 

Plan bat sortzen duzuenean, ikusten duzue nola jartzen den martxan?

Nafarroan deialdi bat dago planen jarraipena egiteko. Oso ongi pentsatuta dago. Bestela, plana tiraderan geratzeko arriskua dago. Enpresetan, oinarrizko formakuntzarako bi orduko saioak egiten ditugu langile guztiekin eta talde txikietan. Askotan, bizipenetatik abiatuz egiten dugu lan. Oinarrizko saio horietan, berdintasuna, komunikazio inklusiboa, jazarpen sexuala, rolak eta estereotipoak lantzen ditugu. Badira formakuntza espezifikoagoak ere; adibidez, lan arriskuen prebentzioa genero ikuspegitik. Udalei dagokienez, berriz, azkenaldian berdintasun teknikaria dutenekin lan egiten dugu bereziki. Nahiago dugu, bai baitakigu gero plana martxan jarriko dela. Sortzen ditugun planek eragina izatea nahi dugu; bestela, ez dute zentzurik.