Aurten dira 50 urte Montejurran (Nafarroa) bi karlista tiroz hil zituztela. Erasotzaileak erregimen frankistako zerbitzu sekretuek finantzatutako eskuin muturreko mertzenarioak izan ziren, eta hildakoak Ricardo Garcia Pellejero eta Amiano Jimenez Santos. 1976ko maiatzaren 9an gertatu zen, mugimendu karlistak urtero Montejurran antolatu ohi zuen ekitaldian. Estatuak bultzatutako operazio bat izan zen ordukoa, eta Nafarroako Gobernuak maiz eskatu dio Espainiako Estatuari egia, aitortza eta erreparaziorako urratsak egiteko. Bada, koska bat goitiago ailegatu da gaur eskaera, Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak galdera zehatza egin baitio Angel Victor Torres Memoria Demokratiko eta Lurraldeko Politikako ministroari: «Espainiako Gobernuak kasu egingo die Montejurrako biktimen egia, aitortza eta erreparazio eskaerei?».
Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran aritu dira solasean, eta bere erantzunean, baiezkoa eman dio Torresek, eta arrazoi duela onartu, gainera: «Demokraziaren alde gauden guziok egon behar genuke Memoria Demokratikorako Legearen alde, ez dakit zergatik ez den horrela. Baina gure esku dagoen guztia egingo dugu biktimei merezi duten aitortza emateko eta sekretu guztiak argitara emateko». Izan ere, Pozuetak erran dio sekretu anitz daudela oraindik «giltzarekin itxita», eta dokumentu guztiak desklasifikatu behar direla «zer gertatu zen ulertzeko».
Zehazki, hiru eskaera egin dizkio berriki Nafarroako Gobernuak Espainiakoari: dokumentuak desklasifikatzeko, Garcia eta Jimenez biktima gisa aitortzeko, eta Montejurra memoria demokratikorako leku izendatzeko. Horretan ahaleginduko direla hitzeman dio Torresek.
