Ikatz Gane proiektuari alegazioak aurkezteko egun gehiago eman dizkiote Aranoko Udalari eta Nafarroako Gobernuari

Ikatz Gane proiektuari alegazioak aurkezteko egun gehiago eman dizkiote Aranoko Udalari eta Nafarroako Gobernuari

Eusko Jaurlaritzak otsailaren 23an iragarri zuen, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, jendaurrean jarri zuela Ikatz Gane proiektu eolikoaren aurretiazko administrazio baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskariak. Bada, epe horretan ez dute kontsultarik egin Aranoko Udalarekin (Nafarroa) eta Nafarroako Gobernuarekin. Prozedura arautzen duen araudiaren hutsegite bat da hori, proiektuak eragindako administrazio guztiekin egin behar baitute kontsulta, eta horregatik, bi administrazio horiei beste 30 egun eman dizkiete beharrezko txostenak eta alegazioak aurkezteko.

Izatez datorren astelehenea, maiatzaren 4a, izango da azken eguna, baina bi administrazio horiek ekainaren hasierara arte izango dute horretarako denbora, BERRIAk jakin duenez. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko teknikariak txosten mardul bat prestatzen ari dira, haize errotek animalia espezie hegalariengan izango dituen inpaktuak adieraziz. Eta ostera txosten hori kontuan hartu beharko dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eta adierazpena egiterakoan.

Horrez gain, alegazioak aurkezteko herri kanpainak egiten ari dira hainbat udalerritan, eta herritar batek ere alegazio tekniko luze bat ondu du, proiektuaren hainbat hutsune adieraziz.

Ikatz Gane proiektua

Urumea ibaiaren bailarako Ikatz Gane zentral eolikoak bost haize errota izango ditu; bakoitzak 4,99 megawatteko potentzia izango du. Proiektuak, beraz, 25 MW izango ditu. Haize errota guztiak Hernaniko (Gipuzkoa) udalerriko lurretan egongo dira, baina Arano udalerriaren lurren ondo-ondoan. 40 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.

Hala ere, ez da ingurune horretan enpresa batek egin nahi duen zentral eoliko bakarra. Izan ere, Repsol energia enpresak hamalau haize errotaz osatutako parke eoliko bat egin nahi du toki berean. Proiektuak ia ehun megawatteko potentzia izango luke, Ikatz Ganeren potentzia lau bider.