Nafarroako zahar etxeetarako lehen hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek

Nafarroako zahar etxeetarako lehen hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute LAB, CCOO eta UGT sindikatuek

Aspaldi ari ziren Nafarroako zahar etxeetako langileak bi eskaera egiten: hobetu zitezela haien lan baldintzak, eta lan hitzarmen bat sinatu zezatela Nafarroa osorako. Bada, badirudi prozesua aitzinera egiten ari dela, eta lehen aldiz izanen duela Nafarroak zahar etxeetarako hitzarmen kolektibo bat, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek aurreakordio bat sinatu baitute gaur. ELA ere itun kolektiboaren alde egonagatik, «oraingoz» ez sinatzea erabaki du, argudiatuta hitzarmenak ez duela «2027-2030 artean KPI bermatzeko klausularik barneratzen». Eta ez du ulertzen, bide batez, gainerako sindikatuek zergatik ez duten aldarrikapen hori defendatu. Alabaina, ez du behin betiko erantzunik eman, eta proposamena «kontsultatuko» duela erran du.

Hitzarmenak 5.000 bat langileri eraginen die guztira, eta 70 zahar etxe hartzen ditu barne. Alta, hiru sindikatuek baieztatu dutenez, bertze lantoki batzuetan ere eraginen du akordioak, hala nola eguneko zentroetan, zentro psikiatrikoetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetan. Heldu den azaroan jarriko da martxan, eta 2030eko ikasturtera arte izanen da indarrean.

Eman dituzte itunaren hainbat zehaztasun: soldata modu mailakatuan igoko da, orotara %11 inguru, eta gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izanen da. Ordutegiak, aldiz, behera eginen du. 2026ko lanaldia 1.720 ordukoa izanen da, eta heldu den urterako 30 ordu murriztuko da. 2028rako 15 ordu murriztuko da lanaldia, 2029rako 20 ordu, eta 6 2030erako.

Baldintzak «duindu»

Aurreakordioaren berri emateko ohar bat atera du LABek, eta esplikatu du hitzarmenak «aurrerapen nabarmena» ekarriko duela langileen lan eta soldata baldintzak hobetzeko bidean. Haren irudiko, gainera, inor ez da «galtzen» aterako, «soldatarik altuenak ere igotzen jarraituko dutelako urtero». Lan eta politika arloan «agertoki berri bat» ireki nahi dute.

CCOOk ere berehala egin ditu adierazpenak, eta ituna «zaintza sektoreko lan baldintzak finkatzeko abiapuntu» gisa baloratu du. Edonola ere, sindikatuei eta enpresa batzordeei eskatu die «gainean» egon daitezela, akordioa betetzen dela «baieztatu» dezaten. «Zaintza lanak sektore estrategikoa dira edozein gizarte aurreraturentzat, eta akordio hau baldintzak duintzeko pauso bat da».

Eta hirugarren sindikatua atera da gero, UGT: «Akordio hau historikoa da». Haren aburuz, «20 urte baino gehiago» daramatzate «hitzarmen sektorial autonomiko bat» aitzinera atera nahian, eta UGTk «konpromiso handia» erakutsi du lan horretan. Orain, baina, gehiagoren bila joanen da: «Gustatuko litzaiguke hitzarmen sakonago bat lortzea, eta, hortaz, jarraituko dugu sektorearentzat ezinbestekoak diren alderdi guztiak hobetzeko lanean».