Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok erantzun egin die ikastoletan ikasgelak «nahita» murriztea egozten diotenei, eta argi esan du «gezurra» dela bere departamentuak euskarazko irakaskuntzaren aurkako jarrera daukala. Gainera, ohartarazi du UPNk arlorako egin duen lege proiektua onartzen bada «ondorio oso larriak» izango dituela Nafarroako hezkuntza sisteman, eta eskua luzatu die Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeei, elkarrekin «beste agertoki bat» eraikitzeko.
Gimenok orain dela hiru aste iragarri zuen itunpeko sareak 3 urteko haurrentzako hamalau ikasgela gutxiago izango dituela datorren ikasturtetik aurrera, eta hautsak harrotu zituen erabakiak. Ikastolek, adibidez, berehala esan zuten ez daudela ados erabakiarekin, eta protestak hasi zituzten. Besteak beste, Lodosako Ibaialde ikastola da egoera zailean geratuko den zentroetako bat, eta, horregatik, 150 norbanakok eta eragilek Lodosako Adierazpena sinatu dute, «ikastolen alde» egiteko eta gelak ixteko erabakia atzera bota dezatela eskatzeko. Bestalde, UPNk egungo ikasgela kopuruari eustea helburu duen proposamena aurkeztu du parlamentuan.
Hasiera batean, ikastetxe publiko eta itunpekoetan ikasgelak murrizteko asmoa azaldu zuen Hezkuntza Departamenduak, baina kritikak tarteko, itunpekoetara mugatu zuen gero erabakia. Hala ere, erabakiaren kontrako ahotsak ez dira apaldu.Â
Atzo prentsaurreko batean hitz egin bazuen ere, gaur iritsi da Gimenoren erantzuna, parlamentuan bertan. Hezkuntza kontseilariak esan duenez, «gezurra» da Nafarroako departamentuak euskarazko hezkuntzaren aurka egiten duela, eta gaineratu du Nafarroa osoan euskarazko hezkuntza jasotzeko eskubidea «errealitate bat» dela. «Familia guztiek daukate haien seme-alabak euskarazko irakaskuntzan matrikulatzeko eskubidea. Gobernuak hori bermatu behar du, eta bermatuta dago», azpimarratu du.
Askotariko aldagaiak
Gimenok adierazi du beste aldagai batzuk ere badaudela tartean. «Baina ez dirudi zuek horretaz jabetzen zaretenik», esan die gobernuaren erabakiak kritikatu dituzten alderdiei. Besteak beste, adierazi du eskola publikoan D ereduko lerroak irekitzeak «eragin zuzena» daukala ikastoletan. Haren esanetan, Nafarroako eskola publikoetan zenbat eta D ereduko lerro gehiago ireki, —batez ere eremu mistoari eta euskaldunak ez diren eremuei egin die erreferentzia—, orduan eta lehia handiagoa pizten da ikasleak erakartzeko prozesuetan. «Horrek kalte handia eragin diezaieke ikastola jakin batzuei», gaineratu du.
PROTESTAK EGINGO DITUZTE BIHAR NAFARROAKO IKASTOLETAN
Bihar protestak daude deituta Nafarroan ikastolak dauden hamabost herrietan, Carlos Gimeno buru duen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erabakia gaitzesteko. Aurreratu dutenez, mahaiak eta aulkiak kalera aterako dituzte, ikasgela hutsak irudikatzeko asmoz. Antolatzaileek herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte, euskarazko hezkuntza «defenda» dezaten.
Â
Horrekin lotuta, esan du jaiotza tasak behera egiteak berdin-berdin eragiten diela guztiei, hala A eredukoei nola D eredukoei. «Denek ikusi dute 3 urteko haurren artean onarpen eskaeren kopurua murriztu egin dela». Argudio horietan oinarrituta, kritiko mintzatu da parlamentuko gainerako taldeekin.  «Nola dei dakioke horri? Ikastolen sarearen aurkako eraso bat?», galdetu die.
Hedabideen jarrera ere gaitzetsi du Gimenok. Izan ere, ez da konforme agertu hainbat komunikabidek kasua lantzeko izaten ari diren moduarekin: «Hedabideek ‘Gimeno’ esaten dute, eta ez ‘Nafarroako Departamentua’. Ados, baina hausnar dezagun horren inguruan».
Lege proposamena, ezbaian
Gimeno Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeei ere zuzendu zaie, eta esan die legea urratzen dutela egin dituzten proposamenek. Esaterako, esan du UPNren foru legearen proposamena «Espainiako konstituzioaren aurkakoa» dela; uste du hezkuntza administrazioen eskumenak «urratzen» dituela. Hala ere, eskua luzatu die talde guztiei, «akordioak eta adostasunak lortzea ahalbidetuko duten beste testuinguru eta agertoki batzuk eraiki ahal izateko».
EH Bilduko parlamentari Eneka Maizek adierazi du alderdi abertzalea prest dagoela Gimenok luzatutako eskua hartzeko, eta elkarrekin «akordioak lortzeko». Hala ere, esan du Gimenok «lurrikara handi bat» sortu duela, eta erantzun dio ez dela egia Nafarroako Gobernuak haurrak euskarazko irakaskuntzan matrikulatzeko eskubidea bermatzen duela.
Gimenok esan du Geroa Bairi aurrez eman zitzaiola erabakiaren berri, eta ez zitzaiola gaizki iruditu. Eta hori bera esan du Contigo-Zurekin alderdiko Carlos Guzmanek ere. «Gerora, itunpeko hezkuntza pribatuaren patronalak gelditzeko agindu zion Geroa Bairi, eta atzera egin behar izan du». Aldiz, Geroa Bairen izenean, Itxaso Sotok adierazi du «hasieratik» erakutsi zutela «desadostasuna» erabakiarekin, eta ikasgelarik ez ixteko eskatu du. «Zure esku dago departamentuaren erabakiak eragindako egoera hau zuzentzea, eta, batez ere, departamentuaren esku dago gizartearen eskaerei erantzutea», ihardetsi dio Gimenori.
UPNko bozeramaile Pedro Gonzalezek, berriz, alderdi erregionalistaren lege proiektuaren defentsa egin du. Voxek eta PPk ere bide beretik jo dute, eta adierazi dute Gimenoren erabakia «ideologikoa eta sektarioa» dela, eta atzera egin dezala exijitu diote.
 Â
